1204an, Nafarroako mendebalde lurraldeen inbasio eta konkista gertatu eta lau urtera, Gaztelako errege Alfontso VIII.ak kanpaina militar bat hasteko asmoa zuela, bat-batean larriki gaixotu egin zen. Badirudi errege gaztelarrak ez zuela kontzientzia lasairik betidanik nafar izandako eskualdeak atxikitzeagatik, eta, hiltzeko zorian zegoela ikusirik, testamentu bat idaztarazi zuen:
“Promitto etiam quod, si Deus dederit mihi sanitatem, ego restituam regi Navarre omnia que teneo de ponte de Araniello usque ad Fontem Rapidum et castella de Buraon, de Sancto Vicentio, de Toro, de Marannon, de Alcaçar, de Sancta Cruce de Campeço, villam de Antonanna et castellum de Atauri et de Portella de Corres. Scio enim quod hec omnia predicta de regno regis Navarre debent esse et ad eum pertinere”.
Eta haren itzulpena: “Agintzen dut, halaber, Jainkoak osasuna ematen badit, Nafarroako erregeari itzuliko diodala Aranielloko zubitik Hondarribiaraino daukadan guztia, eta Buradon, San Bizente, Toro, Marañon, Kanpezuko gazteluak, Antoñanako hiribildua, Atauriko gaztelua eta Portilla de Corresko gaztelua, badakidalako horrek guztiak Nafarroa Erresumakoa izan behar duela eta berarena dela, baldin eta ez badit inoiz kalterik egingo, ez niri, ez nire semeari”.
Badirudi, testua azaletik begiratuta, Gaztelako Alfontso VIII.ak, Hondarribia eta Araniello zubiaren arteko lurraldeaz gain, Buradon, San Bizente, Toro, Marañon, Kanpezu, Antoñana, Atauri eta Korreseko gotorlekuak Antso VII.ari itzultzeko konpromisoa hartu zuela. Baina testuak irakurketa sakonagoa eskatzen du, haren benetako esanahia ezagutzera iristeko.
Lehenik eta behin arazo batekin topo egiten dugu, dokumentuan agertzen diren toponimo guztien artean badago bat bere benetako kokapena ezagutzen ez dena: Araniello. Artikulu honetan Araniello non dagoen argitzen saiatuko naiz, ondoren azalduko ditudan argudioekin. Araniello Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen Aranori zegokiola pentsatu izan da tradizioz (Fausto Arozena). Bestalde, Fernandez de Larrea historialariak erakusten du -ejo edo -illo toponimoak ez direla ohikoak Nafarroako ipar-mendebaldean, baina bai Arabako hego-mendebaldean, Araba eta Gaztelaren arteko muga egiten duen Baias ibaiaren inguruan (adibidez, Omecillo, Tumecillo eta Oroncillo ibaiak). Hori horrela izanik, Araniello eremu horretan kokatuz gero, pentsatzekoa da Alfontso VIII.a Nafarroako erregeari konkistatutako guztia itzultzea pentsatzen ari zela.
Egia esan, inbasio eta konkistaren gertaera historikoen ulermenak, larriki gaixorik eta hiltzear zegoen errege gaztelarraren damu sakonak, -ejo, -illo -n amaitutako toponimoen ugaritasunak, horrek guztiak, Araniello, mugaren hego-mendebaldean eta Bayas ibaiaren inguruan egotea pentsarazten zuen. Tamalez, Arabako hego-mendebaldean eta Baias ibaiaren inguruetan egin ahal izan ditudan ikerketak alperrikakoak izan dira eta ez dut toponimo horren antzeko edo hurbileko ezer aurkitu. Halaz guztiz, Fernandez de Larrearen usaimen historikoa ez zihoan bide okerretik, eta gero ikusi ahal izango denez, Aranielloren kokapena Gaztela-Nafarroaren arteko muga-mugan zegoen, baina ez hego-mendebaldean, ipar-mendebaldean baizik.
Bestalde, testamentuaren testua interpretatzeko gakoa, ez datza soilik Araniello toponimoaren kokapenean, gaur arte ebatzi gabeko arazoa dena, baizik eta topografikoki pentsatzean (leku eta espazio konzeptuak bereiziz), hau da, testamentuan agertzen diren toponimoek mugatzen dutela espazio bat, azken finean, gaztelar erregeak Nafarroari itzultzeko konpromisoa hartzen duen lurraldea dena. Printzipioz, kontuan hartu behar da errege gaztelarrak Araniello-Hondarribia koordenatu ardatzaren azpitik dauden lurrak itzultzeko asmoa duela. Gaztelako Erregeak, definizio gehiagorik gabeko gaztelu eta herri batzuk ere aipatzen ditu, ikuspegi topografiko batetik begiratuta (Araniello-Hondarribia lerroaren azpitik), Nafarroako erregeari itzuli beharreko espazioaren edo lurraldearen (Buradon-Toro-Marañon-Kanpezu) zabaltasuna islatzen duena.
Honetaraz gero, eta, betiere, dokumentuak ematen dizkigun toponimiak adierazitako koordenatuei jarraituz, mendebaldetik ekialderanzko norabidean doazen bi ardatzek mugatutako eta markoztatutako espazio bat proiekta dezakegu: Araniello-Hondarribia iparraldean, eta Buradon-Toro-Marañon-Kanpezu hegoaldean. Bi koordenatu-lerro horien artean dagoen gunea itxi dezakegu, alde batetik, Aranillo-Buradon mendebaldeko ardatzarekin, eta, bestetik, Hondarribia-Kanpezu ekialdekoarekin, hau da, independente mantentzen den Nafarroako mugaketari dagokionarekin.
Gauzak horrela, bi gai daude ebazteko: Aranielloren kokapena eta Araniello-Buradon ardatzaren mugaketa. Has gaitezen Araniellorekin. Testamentuaren arabera, Araniellok Hondarribiaren mendebaldean egon behar du. Eta horrela, maparen gainean jarrita, Hondarribitik mendebalderantz, itsas kostaldearen lerroari jarraituz eta Deba ibaiaren bokalearen parean, ustekabean, lurmutur xume bat nabarmentzen da Punta Arnillo izenekoa, beste hainbat mapatan aldaera batzuekin agertzen dena (Arniello, Arneillo, Arnesillo). Ikuspuntu fonetiko batetik, Araniello toponimo horretatik eratorritako hitzak onar daitezke, eta, beraz, guztiz ulergarria da Araniello>Arniello>Arnillo (Arniello, Arnisello) deribazioa. Bai, baino testamentuan Araniello zubia jartzen du, eta hemen ez dago halako zubirik. Halaxe da, bai, baina jarrai diezaiogun argudiaketari, ikuspegi orokor eta zabalagoa izateko.
Argitu beharreko hurrengo gaia Araniello-Buradon ardatzaren mugaketari dagokiona da. Eman dezagun, beraz, ontzat arrazoituta jaso dudan kokalekua, hots, Araniello toponimoa Punta Arnillo lurmuturrean kokatzea, hain zuzen ere Deba ibaiaren bokalean. Hori horrela izatekotan, litekeena da Araniello-Buradon ardatzak garai hartan Nafarroa eta Gaztelaren arteko mendebaldeko mugarekin lotura izatea. Susmo honen arrazoibidea onargarriago eta ulergarriagoa egin ahal izateko, Nafarroak Gaztelarekin zuen mendebaldeko muga ezagutzea komeniko litzateke, hain zuzen ere 1200. urteko gaztelarren konkista baino lehentxeago. Horretarako, gogoratu behar da Antso VI.a Jakitunaren erregealdiaren zatirik handienean (1150-1194) Gaztelak Nafarroaren aurka egindako erasoak etengabeak izan zirela. Beraz, garai hartan mugalde honetako gatazka etengabeki handitzen zihoan, harik eta inplikatutako bi aldeek, 1176an, Henrike II.a Ingalaterrako erregearen arbitrajearen mende jartzea erabaki zuten arte. Ingalaterrako erregearen erabakia (Londongo Laudoa) 1177an argitaratu zen, baina honek ez zuen bi aldeetako inor konformatu, eta, ondorioz, tentsioek jarraitu zuten. 1198an, azken bake hitzarmen bat egon zen (azken finean gaztelarrek errespetatuko ez dutena), honen bidez Gaztela eta Nafarroaren arteko liskarrak antza amaitu zirelarik.
Nafarroa eta Laudoaren ebazpena 1177an
Itun hori sinatuta, Nafarroarentzat geratu ziren Baias ibaiaren ekialdean dauden Arabako lurrak (Arabako Lautada, Trebiñu, Mendialdea, Ega Garaiko ibaiaren arroa, etab.), Durangaldea (Malmasingo gaztelua izan ezik, gaztelarrek atxikiko baitzuten) eta Gipuzkoa. Horrela, muga Deba ibaiaren haranetik igarotzen zen, Itziarko lurra barnean hartuz, mendebalderantz jotzen zuen Durangaldea hartzeko, eta Arratia ibaiaren ibilguari jarraitzen zion Gorbeia mendiraino. Ur banalerroaren hegoaldeko isurialdetik, Araban sartzen zen Zubarrutia aldetik (egungo Zuialdea), eta Baias ibaiaren ibilbidea jarraitzen zuen Morillaseraino (herri hau Gaztelan sartuta geratuko litzateke). Handik ekialderanzko norabidea hartzen zuen Langraiz Okarantz itzuliz, ondoren Ebro ibairantz lerratzeko Zadorra haranean zehar. Hau litzateke, gutxi gorabehera, Nafarroak Gaztelarekin zuen mendebaldeko muga, gaztelar inbasioaren aurretik.
Beraz, gogoeta horiek guztiek honako hau pentsarazten dute: proiektatu dugun Araniello-Buradon ardatzak Nafarroa eta Gaztela arteko mendebaldeko mugarekin (inbasio aurretikoarekin) bat egiten duela. Hortik guztitik ondoriozta daiteke Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak, bere testamentuan, inbaditutako eta konkistatutako lurralde osoa itzuli nahi izan ziola Nafarroari, betidanik nafarren lurralde izan zela uste zuelako. Honetaraz gero, gogoratu behar da gaztelar enbajadoreek Enrike VIII.aren arbitrajean Nafarroan zituzten eskubideei buruzko erabilitako argudioak ez zirela izaera juridikoko kontsiderazioak izan, baizik eta konkista militarraren bidetik Nafarroa xurgatzeko gaztelar asmoari zuzendutako argudioetan oinarritutakoak. Aitzitik, Nafarroako enbaxadoreek izaera juridikoko terminoak azaldu zituzten beren defentsan, hala nola, beren sorterriko jendearen (bertako naturalen) fideltasuna, lurraldearen jabegoa eta zuzenbide osoa (legea, ohitura, kanona). 27 urte besterik ez ziren igaro Londongo Laudotik (1177) Alfontso VIII.a larriki gaixotu zen urtera (1204), eta nafarrek bere defentsan alegatu zituzten gogoeta horiek guztiek, bereziki bertako jendearen fideltasun irmo eta frogatuak, gaztelar erregearen kontzientzian harlauza bat bezala pisatu beharko luke, eta atsekabe hori hain handia izan behar zen, ezen konkistatutako lur horietako biztanleen usurpatzaile eta tiranotzat hartu behar baitzuen bere burua. Eta ondorioz, hiltzear zegoela testamentuan erabaki zuen inbaditu eta usurpatutako lurralde osoa Antso Azkarra erregeari itzultzea. Halaz guztiz, Gaztelako erregeak osasuna berreskuratu zuenean ez zizkion Nafarroako erregeari testamentuan hitzemandako lurralde okupatuak itzuli.
Egia esan, ez dago zubirik Punta Arnillon, baina kontuan izaten baditugu: a) Aipatutako gertaera historikoak, b) Testamentuan agertzen diren toponimoek mugatutako koordenatuen gaineko ikuspegi topografikoaren (leku eta espazio kontzeptuak bereiziz) proiekzioa, c) Giza berezitasunaren kontakizunarekin batera (Gaztelako erregearen damuari dagozkionak) bat datoz, eta horiek guztiek iradokitzaile eta sinesgarri bihurtzen dute gaztelar erregeak, bere testamentuan “ponte Araniello” aipatzean, egungo Punta Arnillo toponimoaren errealitatea adierazi nahi zuela. Funtsean, hauexek dira artukulu apal honen oinarri diren argudio nagusiak:
1-Gaztelar erregeak bere testamentuan espazio bat mugatzen du, Araniello-Hondarribia koordenatu-lerroaren ardatz azpitik dagoen lurralde bat.
2-Iparraldeko ardatz hori gazteluen hegoaldeko lerro baten zerrendan islatzen da (Buradón-Toro-Kanpezo).
3-Bi ardatzen artean, gaztelar erregeak nafar erregeari itzultzeko asmoa duen espazio edo lurralde bat proiektatuta geratzen da.
4-Bi ardatz horiek mendebaldetik ekialderanzko norabidean daude deskribatuta, eta hortik ondorioztatzen da Araniellok Hondarribiaren mendebaldean egon behar duela.
5-Hondarribiatik mendebalderantz eta itsas kostaldearen lerroari jarraituz, 90 km-ra gutxi gorabehera, eta Deba ibaiaren bokalean Punta Arnillo izeneko toponimo bat dago, Araniello hitzaren deribazio fonetikoarekin bateragarria dena.
6-Punta Arnillo Deba ibaiaren bokalearen ezkerraldean dagoen lurmutur edo muino bat da, hain justu, eta honek balio izan zion errrege gaztelarrari, kontzienteki itzuli beharko lukeen lurraldearen erreferente eta muga gisa.
7-Koordenatuen mendebaldeko lerroa (Araniello-Buradon) bat dator Nafarroako erresumak Gaztelarekin zuen mendebaldeko mugarekin, inbasioa eta konkista baino lehen.
8-Horrek guztiak adierazten du Gaztelako erregearen asmoa zela hark usurpatutako eta konkistatu tako lurralde osoa Nafarroako erregeari itzultzea.