Amonak eta migranteak euskal literaturan

Lizardik eta Orixek, denbora oso gutxiren barruan, olerki xarmagarri eta hunkigarri bana idatzi zuten amonaren heriotzari eta hiletei buruz. Oso ezagunak diren bi olerki horiek taktika lirikoz hornituta daude; baina, biak ala biak, herri epikaren estrategia lainotsuan txertatzen dira, baldin eta barkatzen bazait terminologia trakeskeria hau.

Zergatik amonaren irudia? Eta zergatik, gainera, heriotzaren eta hileten une eta guneko inguruabarretan irudikatu? Amona sukaldearen eta etxeko suaren zaintzaile poetikoa zen. Eta ondorioz, etxearen, familiaren, leinuaren eta sorlekuaren ikurra. Amonaren heriotzak etxearen —eta baserriaren edo/eta euskararen— bukaera irudika zezakeen; batik bat, Orixerena bezalako ideologien ikuspegitik… Baina baita ere, edozeinen subkontzientean ezkutatzen zaigun jaioterriko atxikimenduarengatik.

«Bakoitza umetan jolasten ginen tokikoa gara» esaldiarekin ematen diot hasiera Nafarroa Euskal Epikan gogoetari. Bai; badakit epikak ez daukala fama ona Arestiren laudatzaile ustez aurrerakoien uholdean; baina ez dago Aresti bera baino olerkari epikoagorik, aitaren etxeaz bere liburuen izenburuek salatzen duten bezala: Harri eta Herri, Harrizko Herri hau, Euskal Harria, Azken Harria.

Inperio Espainiarra baino oinarri eta orube arrazistagorik duen adibide txar eta nardagarriagorik ez dago munduan; judu sefardien kanporaketa, morisko deitutako mairuen botatzea, Amerikako indioen hilketak eta esklabotzeak, Afrikatik eramandako beltzen historia ikaragarriak… Inkisizioak bazuen «odolaren garbitasuna» epaitzeko prozedura mota berezi bat. Sabino Arana arrazismo espainiarraren —eta erlijio ofizialtasunaren eta abarren— kopiatzaile txiro bat besterik ez zen izan, bere garaiko eta egoerako partaide eta zordun zen heinean.

Baina gaur egun, migrazioen gaia mahai gainean jarri zaigularik, ezin daiteke ikuspegi soilik ekonomikotik, politikotik, demografikotik eta soziologikotik aztertu; nahi eta nahi ez, eta baita ere, antropologiaren eta giza eskubideen ikuspegitik aztertu beharra dago. Migratzaileak ez direlako kontinente batetik bestera doazen usoak edo kurriloak baizik pertsonak, horrelakoak esan beharrik ez balegoke ere.

Irten dadila idazle eta poeta oro hirietako parkeetara eta ez dauka urrutiegi joan beharrik euskal amonak paseatzera ateratzen dituzten zaintzaile gehien-gehienak atzerritarrak direla ohartzeko. Horregatik euskal epikako plazan Lizardi eta Orixerekin euskal amonez olerkizketa egiteko ausardia izan nuelarik, baserriko sukaldeko amona Suaren Kontuan jarri nuen lehen olerkian, baina Amonaren Zaintzaile Beltzaranari eskaini nion bigarren olerkia, eta Kobazuloko Etxeko Andreari hirugarrena. Ez baikara askotan oroitzen, ustez betidanikoak iruditzen zaizkigun baserri gehienek ez dituztela bostehun urte baino gehiago eta milaka urtetan euskaraz mintzatu zirela kobazuloetako biztanleak.

«Egunen baten denok ohartuko gara mestizoak garela: hamaika leinu, jatorri, odol eta hazitik sortutakoak», nahiz norbanakoaren oroimenean bere haurtzaroko argazkiak besterik ez diren gelditzen. Etorkizuneko herrien plazan ez da tokirik izanen beste herrietako jendearentzat egonlekurik ez dutenentzat. XX. mendeko eskandalurik zirraragarriena Mediterraneoko hilerri likidoa da. Horretaz lotsatu beharko dute gure oinordekoek, espainiar guztiek juduen, moriskoen, Ameriketako indioen eta Afrikako esklabo beltzen historiaz lotsatu beharra daukaten bezala.

Bai, egia da euskaldun asko aberastu egin zirela esklaboen salmentarekin eta gaur egun ere —beti bezala— migrazioaren ezinbesteko errealitatea modu askotako irabazi ekonomikoak lortzeko erabili ohi dela. Baina orduan, orain eta beti giza eskubideetatik hasten ez den migrazioko eztabaida bidegabea eta lotsagarria da.

Euskal Herriak, nazio izan eta berriro Europako estatu izatera iristekotan, alde batetik kanpoan migratuta bizi diren milioika euskaldunen partaidetza eta laguntza beharko du; eta bestetik, eta aldi berean, kanpotik etorri eta jaioko diren ehunka milaka pertsonak bertakotzeko gaitasuna eta adorea ez-ezik, elkartasuna ere beharko du.

Euskal Herriak jaiotza-tasa Europako eta agian munduko urriena duelarik eztanda atzeratua ez da hemen jaiotzen diren haurren hirutik batek ama kanpoan jaioa duela, baizik eta hemen jaiotako amen umeak soilik hirutik bi izatea. Hori da bonba atzeratua. Beraz, ongi etorri eta bejondeiela hemen umatzen direnei eta haiengandik jaiotako jatorrizko euskaldunei! Euskal apustu zuzen, azkar eta aurrerakoi bakarra jaioberri horiei —eta beren guraso eta arduradunei—, bertakoak direnez gero, eta bertako euskaldunak izatekotan, euskaraz jakiteak lagundu eginen diela sinetsaraztea da.

Giza eskubideetatik hasten ez diren migrazioari buruzko eztabaidak atzerakoiak dira. Galdetu bestela AEBetako erreserbatako indioei edo Qatar, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Saudi Arabia eta abarreko luxu ikaragarriak eraikitzen lan egin eta bizia ematen duten obrero palestinarrei.

Arestik ez zuen zerurik espero, nahiz sinesgabea izan, poeta zelako. Letek askatasun egun gogorra iragarri zion konprometitu gabeko poetari. Gaur egungo euskal poeten leinu oparo eta bikaina osatzen duten olerkariei, berriz, hiri eta herrietako parkeetan euskal amonak txangoa ematera ateratzen dituztenez oroitu daitezela eskatu behako litzaieke.

Ezertarako balio ez duten liburu asko idazten dira eta ditugu urtero; euskaraz ere bai, jakina. Euskal literaturan eta politikagintzan kritikarien eskasia da okerrena. Agian hurrengo mendeetarako asmatu, ikertu eta idatzi behar dela kontuan izan beharko genuke beti, baldin eta herri apustua irabazi nahi badugu atzerriko eta bertako euskaldunekin.

Berria