Amaiurko gazteluan gertatu zenari buruz, jardunaldia martxoaren 26an

Atzo aurkeztu zuten jardunaldia, Hernaniko udaletxean.

Biterin izango da, goiz osoan zehar, Hernani Errotzenek eta Nabarraldek antolatuta.

Hitzordu garrantzitsua jarri dute Hernani Errotzenek eta Nabarraldek, martxoaren 26rako, Hernanin bertan: Amaiurko gazteluan gertatu zenari buruzko jardunaldia egingo dute, Gaztelak hartu zuela 500 urte bete direnean. Biterin izango da, 09:45etan hasi eta goiz osoan zehar.

«Aztertuko dugu, batetik, zer gertatu zen Amaiurko gazteluaren inguruan; baina bestetik, nola kontatu izan den hori, eta zein esanahi duen nafar batzuentzat eta besteentzat», azaldu zuen Beñi Agirrek, atzo egin zuten aurkezpenean.

Izan ere, «borroka enigmatikoa» izan zen hura, Angel Rekaldek nabarmendu zuenez: «urtean zehar makina bat ekintza izango dira, 500garren urteurrenaren bueltan. Baina kezka geneukan, ezaguna al den Amaiurko gazteluan gertatu zena, eta gaur egungo gizartean izan duen eragina. Hori mahai gainean jartzea da jardunaldiaren helburua».

Jose Luis Orella historialariak ere hartu zuen hitza, atzoko aurkezpenean: «urte garrantzitsuak izan ziren haiek, Nafarroako Erresumarentzat. 1512-1522 urteen artean, Gaztelak behin eta berriro erasotu zuen Nafarroa, eta 1522an erori zen Amaiurko gaztelua, Nafarroako gotorleku nagusietako bat zena», adierazi zuen.

Hernani Errotzenek eta Na­barraldek azaldu dutenez, «oroimen historikoarekin lotutako gai gutxik dute, euskalnafarron oroimen eta sinbologian, Amaiurrek adina indar. Oroimen leku garrantzitsua da guretzat; ez ho­rrela Gaztela-Espainiaren aldeko jendearentzat. Horiek, 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauean, dinamitaz lehertu zuten Amaiur herrian jasotako oroitarria. Zer gertatu zen Amaiurren? Zer ari zen jokatzen nazioartean, Na­farroa Garai eta Behereko konkistaren inguru hartan? Ame­riketatik zetorren urre eta boterearen aurrean, zein izan zen euskalnafar nobleziaren jokaera? Zer garrantzia zuten gazteluek, eta zehazki Amaiurrek, galdutako soberaniaren berreskurapenean?». Gai horiek landuko dituzte jardunaldian.

Goiz osoko jardunaldia, gaiaren inguruan

Jose Luis Orellak berak emango dio hasiera jardunaldiari, goizeko 09:45etan; eta Idoia Arrietak har­tuko du hitza ondoren, Ama­iurko gaztelua hartu zuten garaiko testuingurua azaltzeko. Peio Monteanok kontatuko du, segidan, zer gertatu zen Amaiurko gazteluarekin. Iñaki Segredo izango da hurrengo hizlaria, eta gazteluei buruz hitz egingo du, defentsarako zuten egitura azalduz. Asisko Urmenetak, bere aldetik, marrazkien bitartez ilus­tratuko du 1512-1522 urteetan gertatutakoa. Eta ondoren, mahai ingurua egingo dute, lau aditurekin: Rafa Santxez Muxika, Iñaki Idigoras Igartua, Koldo Martinez Garate eta Iñigo Larramendi. Angel Rekaldek emango dio bukaera jardunaldiari, ondorioak eta gogoetak aditzera emanez, 14:00ak aldera.

Bertatik, nahi dutenak, Oialume Zar sagardotegira joango dira, giro goxoan bazkaltzera.

Izenematea zabalik, ‘nabarralde.eus’ webgunean

Jardunaldian parte hartzeko, izenematea zabalik dago, nabarralde.eus webgunean. 10 euro dira jardunaldia, eta bazkariarekin, 43 euro.