Adjaria Georgiako eskualde historiko, geografiko eta politiko-administratibo bat da. Herrialdearen hego-mendebaldeko izkinan kokatua, Adjaria Itsaso Beltzaren kostaldean dago, Kaukaso Txikiko mendien oinetik gertu, Turkia iparraldean. Helmuga turistiko garrantzitsu bat da, eta Batumi, bere hiriburua (154.600 biztanle), Georgiako bigarren hiririk handiena da. Adjariak 2880 km2-ko azalera hartzen du, eta guztira 480.209 pertsona bizi dira bertan.
Adjaria, estatu bat ez den arren, Georgiako probintzia bat baino zerbait gehiago da. Itsaso Beltzeko eskualde hau, Turkiarekin muga egiten duena, Aslan Abashidzeren agintaldiko urteetan (1991-2004) Georgiako gobernu zentraletik independentea izan zen ondorio praktiko guztietarako. Errusiako tropek babestuta, Adjariako gobernuak bere bidea jarraitu zuen; Tbilisiko agindu judizialak Guria eta Adjaria arteko mugan amaitzen ziren, eta ez Turkiako nazioarteko mugan. Izan ere, Errepublika Autonomo honen eta Georgiako Gobernuaren arteko harremana, jada bere morrontza modu eraginkorrean inposatu ezin duen inperio bati zerga ordaintzen dion basailu baten antzekoa zen. Adjaria modernoaren gertaerak ulertzeko aurrekari historikoak, klanaren loturak, errusiar armadaren papera, programa politikoa eta Abashidzeren gobernuaren historia, bere nortasuna eta Georgiako eszena politikoaren testuingurua hartu behar dira kontuan.
Ezin da inoiz ahaztu komunismo osteko Georgia modernoa Errusiar Inperioaren (tsarra eta sobietarra) eta Otomandarraren (neurri txikiagoan Pertsiakoaren) eragin-esparruetan sartuta zegoela. Botere hauen elkargunean kokatua, Georgia, modu iraunkorrean, konbinatorio inperial honek markatua geratu zen. Bere politiken inplementazioa, identitate-prozesuak, eliteen eraketa eta gobernuaren imajinarioa kemen zapaltzaile horrek uzten zizkien aukeretara egokitu behar ziren. Bere lurraldearen zati bat, Otomandar Inperioak ere erantsi zuen, bere gobernu moduaren marka han inprimatu zuena (bereziki Adjarian eta Meskhetian). Gaur egun ere, politika publikoen formulazioa ez dago Otomandar legatu inperialaren eraginetik salbuetsita. Horrela, Meskhetiako arazo etnopolitikoa 1940ko hamarkadan erregimen estalinistak erbesteratutako ehunka mila herritarren aberriratzearen arazoaren konponketaren araberakoa da: Europako Kontseiluak 1999an Georgia erakundearekin bat egitearen truke ezarritako helburuetako bat zen hori. Era berean, Adjaria estatu autonomoaren auzia, Otomandar Inperio-Errusiar Inperioen arteko eta, beranduago, Turkiar Errepublika-Sobietar Batasunaren arteko etengabeko lehiaren geldikina, komunismo osteko estatu georgiarra eratzeko erronka bat da. Horrek guztiak federalismoaren eta Georgiak inguruko eskualde-potentziekin dituen harremanen auzia planteatzen du. Baina Adjariako egungo errealitatea islatu ahal izateko, haren aurrekari historikoak ezagutu behar ditugu, labur bada ere.
I-Antzinarotik Erdi Arora.
Antzinaroan, Adjaria, greziarrek Koltxis deitzen zuten eskualdearen zati zen. Herrialde aktiboa zen, merkataritza ibilbide garrantzitsuen abiapuntua, arma eta bitxien ekoizpenean aktiboki parte hartzen zuen, eta bere aberastasun eta kulturagatik ezaguna zen. Ponpeiok Koltxisen erresuma konkistatu zuen K. a. 65ean. Lazikako erromatar probintzia bihurtu zen. Kristautasuna oso goiz sartu zen, lehen mendetik, San Andres eta San Mateo apostoluei esker. Ordutik aurrera, Adjaria, Bizantziar Inperioaren zati izan zen, baina, beti, Georgiako erresuma ezberdinak osatuz (Lazika eta Kartlia), ondoren, Bagrationen dinastiaren pean batua. IX. mendean, eskualdea bi estatu georgiarren artean banatu zen, Kartveliako Erresuma eta Abkhaziako Erresuma. Persiar, arabiar eta turkiarren inbasioak jasaten ditu. XI. eta XII. mendeetan Georgiako erresuma bateratu handian integratua, XIII. mendean mongoliarrek arpilatu zuten. Georgia erresuma eta printzerri independenteetan banatu ondoren, Adjaria Gurian integratu zen denbora batez (1535). Adjariako Otomandar konkistaren aurretik, kristautasuna zen erlijio nagusia georgiarren artean. Georgiako urrezko aroan, Tamar erreginaren gobernupean (1184-1213), dokumentuek, Ajarari buruz oso gutxi adierazten dute, baina XI. mendetik XIV. mendera bitarteko kristau iragan baten ebidentzia dago.
II-Otomandar Inperioa (1555-1878).
XVI. mendearen erdialdean, otomandarrek Adjaria konkistatu zuten. Otomandar Inperioaren Kaukasora iristea eta bere ezarpen iraunkorra nahiko berantiarra dela esan daiteke: Balkanak konkistatu eta bi mende ingurura gertatzen da, eta Egiptokoa baino zenbait hamarkada geroago. Beraz, ohikoa da 1555eko data Georgian otomandar eraginaren hasieratzat hartzea.
Otomandar domeinuaren hasieran, Adjaria, Inperioaren barruko eskualde periferiko bat bezala mantendu zen, eta Istanbuleko otomandar gobernarien zuzeneko kontroletik ihes egin zuen. Hauek, Adjarian, zeharkako gobernu politika bat ezarri zuten, honela, otomandarrek, bertako klanei, beren jendea gobernatzen utzi zieten. Tokiko klanen gobernu hau, otomandar subiranotasunpean, Adjarian mantendu zen XIX. mendera arte.
Sultan otomandarrek eta gobernuak erlijio islamiarra erabili zuten Adjaria gobernatzeko tresna gisa. Otomandar gobernuko funtzionarioek, “millet”-a eta pizgarri ekonomikoak erabili zituzten Adjariako landa eremuak garatzeko. “Millet” izeneko hitzak Otomandar Inperioaren mendeko komunitate konfesionalei erreferentzia egiten die, zeintzuei beren burua berezko sistemapean gobernatzeko baimena ematen zitzaien, hori bai, beti sistema musulman nagusiaren barruan. Beraz, milletak erlijio askatasuna bermatzen zien Georgiako kristau eta judu komunitateei, baina musulman izateak abantaila handiak zituen. Musulmanek bakarrik zerbitzatu zezaketen armadan, eta soldadutza, lurrak edukitzeko aurretiko baldintza bat zen. Musulmanak ez zirenek ere zerga handiagoak ordaindu behar izan zituzten. Ondorioz, islamiar federa bihurtzeak, zerga gutxiago ordaintzea, lurraren jabetza eskubideak izatea eta gizartean estatus altuago bat eskuratzea esan nahi zuen. Komunitate hauen hazkundea Otomandar estatuak babestutako milleten esku zegoenez, leialtasun erlijiosoaren garrantzia Georgiako kultura eta hizkuntzarekin identifikatzearen garrantziari gailendu zitzaion. Horrek esan nahi izan zuen erlijioa izan zela Adjariako antolaketa sozioekonomikoaren oinarria, eta, ondorioz, taldeko estatusaren determinatzaile nagusia bihurtu zen. Beraz, Adjariako familia garrantzitsuenetako asko islamiar federa bihurtu ziren, nekazari lurjabe komunak bezala, beren lur eta estatusa mantentzeko. Eta horrela, premiak horretaraturik, Lazistan, Adjaria eta Samtzkhe eskualdeetako herri kartveliar gehienak islamiar federa bihurtu ziren XVII. mendean.
XVII. mendearen zatirik handienean, Adjaria eta Lazistango ekialdea, erraz igaro ziren georgiar landa hondarra izatetik Otomandar Inperioaren bazter ahaztu bat izatera. Aldi berean konkistatutako Balkanak ez bezala, Ekialdeko Pontoak eta Adjaria menditsuak oso asentamendu otomandar gutxi jaso zituzten.
XVIII. mendea, Otomandar Inperioaren gainbehera garai bat izan zen. Estatuak gero eta indar gutxiago hartu zuen, eta probintziak gero eta gehiago zeuden Istanbuli ia konturik eman behar ez zioten tokiko jaunen mende. “Derebey” edo “haraneko jaun” hauek XVIII. mendean zehar beren botere eta independentziaren gailurrera iritsi ziren. Batzuek Sultanarenak baino armada pribatu boteretsuagoak izan zitzaketen. Adjarian eta Ekialdeko Pontoan, Otomandar estatuan inoiz erabat integratu ez zirenak, prozesu hau bereziki garrantzitsua izan zen, eta gobernu zentrala XIX. mendean bere boterea berresten hasi zenean, eskualde hauetako derebeyak izan ziren menderatu zituzten azkenetakoak.
Gainbeheraren une honetan, 1828-1829ko turkiar-errusiar gerra piztu zen, 1821-1829ko Greziaren Independentzia Gerraren ondorioz. Etengabeko porroten aurrean, sultanak bakea eskatzea erabaki zuen. 1829ko irailak 14ko Adrianopoliseko Itunak, Errusiari, Itsaso Beltzaren ekialdeko kostaldearen zatirik handiena eta Danubioren itsasoratzea eman zizkion. Turkiak egungo Armeniaren ipar-mendebaldeko zatien gaineko errusiar subiranotasuna onartu zuen eta errusiar muga Adjariaraino bultzatu zuen.
Sultanak, erreforma zentralizatzaileak egitera behartuak sentitu ziren, Otomandar Inperioaren etengabeko desegite politikoaren eta bere hondamendi militar gero eta larriagoen aurrean. XIX. mendean argi geratu zen erakunde militar feudal bat ez zela gai inperioa europar indar modernoen erasoetatik defendatzeko. Gainera, begi-bistan zen derebeien arteko etengabeko barne gerrak herrialdeari garapen ekonomikorako aukerak kentzen zizkiola. Potentzia inperial indartsu eta oldarkorrez zatitua eta inguratua, Otomandar Inperioa, bere fortunak, arlo askotan, XV. mendeko Georgiakoaren antza zuen puntu batera iritsi zen.
Adjariako biztanleak XIX. mendearen erdialdean hasi ziren beren nortasunak aldatzen. 1853-1856ko Krimeako Gerran, adjariarrek, lehen aldiz, turkiar otomandarrekin borrokatu zuten georgiarren eta errusiarren aurka; borroka biziak izan ziren Adjarian, baina gerraren amaierak ez zuen gune horretan otomandar lurraldea galtzea ekarri, errusiar indarrek Karsen garaipena lortu zuten arren. 1860ko hamarkadan, adjariar gehienak georgieraz eta turkieraz elebidunak ziren. Autoritate otomandarrek, georgieraren eguneroko erabileraren desagertze mailakatua planeatu zuten XIX. mendearen amaieran.
1877-1878ko turkiar-errusiar gerran, adjariarrek kargu altuak hartu zituzten Otomandar armadan eta 6.000-10.000 soldadurekin ere lagundu zuten. Gerra hau, baina, Adjariako historian jazotako gertaera garrantzitsuenetako bat izan zen, izan ere, orain musulmanak diren Adjariako biztanleak Turkia lurraldetik bananduko zituena izan zen. Egia esan, inperioaren kolapsoa berriro saihestu zen arren, otomandarrek, Errusiar Inperioarekin zuten Kaukasoko mugan zehar hedatzen zen lurralde zerrenda estrategiko bat galdu zuten. Gerraren ondoren sinatu zen Berlingo Itunarekin, gaur egun Adjaria dena, Turkiakoa izateari utzi eta Errusiar Inperioaren domeinu izatera pasa zen.
Erlijioaren ikuspuntutik, esan daiteke Adjariako islamizazioa, XVI. mendearen amaieran Otomandar Inperioak anexionatu zuen arren, denbora dezente behar izan zela ezartzeko. 1770eko hamarkadara arte, adjariar gehienak oraindik kristau bezala identifikatzen ziren. Islamiar federa bihurketa ez zegoen orokortua XVIII. mendearen amaierara arte, eta, dokumentu bidez, XIX. mendearen hasierara arte, jendeak Eliza gauez bisitatzen zuela jasotzen da.
Kaukasoko khanerrien mapa eta Errusiar Inperioak otomandarren eta persiarren aurka egindako inbasio gerren osteko konkista datak
III-Errusiar inperioa (1878-1917).
Errusiar Inperioa Kaukasora iritsi zenean, eskualdeko egoera nabarmen aldatu zen. Errusiak arrakasta asko lortu ditu eskualdeko bi “erregeorde” klasikoen aurka (Turkia eta Persia). 1820ko hamarkadan Erevan, Nakhichevan, Karabakh eta Azerbaijango Khanerriak konkistatu zituen, ondoren georgiar estatu gehienen anexioa gertatzen da (1801etik 1864ra) eta otomandarrak Meskhetiatik (1829) eta Adjariatik (1878) kanporatuz amaitzen da. Horrek guztiak nabarmen aldatu zuen eskualdeko egoera.
Errusiar Inperioak, bere gobernua Kaukason ezartzean, georgiar erresuma eta printzerriak ezabatu zituen. Basailutzako lotura soilekin pozik ez, eta “Gobernu zuzena” ezarri zuen han. Kontsolazio sari bezala, Georgiako aristokrazia kristauak tsarren administraziotik bere noblezia tituluen kontserbazioa jaso zuen, eta bere kideei, Armada Inperialean bere antzinako jaun otomandar eta pertsiarren aurka zerbitzatzeko aukera ere eskaini zitzaien, baita Dagestango mendietako biztanleen aurka ere, Georgia ia mende eta erdiz eraso zuten antzinako etsaiak zirenak. Georgiako noblezia honek aktiboki parte hartu zuen 1828-1829ko Errusiar-otomandar gerretan, 1853-1856ko Krimeako gerran eta 1877-1878ko gerran. Lehenengoa Georgiako antzinako Meskhetia probintzia inperioari atxikitzearekin amaitu zen, eta azkena Batumi (Adjaria), Artvin, Ardagan eta Kars Errusiari atxikitzearekin. Esan beharra dago, baita ere, errusiar gobernantza modu berriaren ezarpena eta anexioak gorabehera, tokiko eliteen kooptazioa ere praktikatu zela. Aipatzekoa da, hala ere, talde batzuk beste batzuk baino “kooptatuagoak” izan zirela; hala, armeniarrak, osetiarrak eta georgiarrak, errusiar boterearen ezarpenaren lehen fasean behintzat, neurri handi batean “kooptatuak” izan ziren bitartean, txetxeniarrak, musulman georgiarrak eta txerkesiarrak baztertuak izan ziren.
XIX. mendeak eta errusiar garaipenek Kaukasoko herrien desplazamendu handirako bidea erraztu zuten. Ehunka mila musulman – adjariarrak, meskhetiarrak, zirkasiarrak, abkhaziarrak, tatariarrak eta turkiar kaukasiarrak – Otomandar Inperioaren barnealdera joan ziren. “Asimilaezintzat” jotzen ziren eta, funtsean, ordena berriaren aurka zeuden, Kaukasoko mendietako biztanleek tsarren administraziotik emigratu behar izan zuten lurra askatzeko, errusiar koroaren jabetza deklaratua, etorkizuneko kolonoei eskaintzeko.
1878an, beraz, Errusiak, Adjaria, ordurako, bere inperio zabalari erantsi zion, Batumiko oblast izenarekin, portu hiri hau, Hegoaldeko Kaukasoko portu nagusi bihurtuz. Errusiar armadak Adjariara iritsi zirenerako, adjariar gehienak, otomandar gobernupean 10 belaunaldi edo gehiagoz bizi izan ziren, eta beren jatorrizko biztanleria, turkiartzat hartzen zen. Errusiako agintariak Adjariako musulmanak tsarrarekiko desleialak izango ote ziren beldur ziren, eta, ondorioz, eskualdean kristautasuna sustatzen saiatu ziren, eskualdea Errusiatik ekarritako kristauekin populatuz. Gobernu errusiarrak, adjariar askoren eguneroko bizitza zaildu zuen, Turkiako mugak, bizitza ekonomikoan paper garrantzitsua bete baitzuen, horietako milaka, errusiar domeinuaren hasieran Turkiara emigratzera eraman zituena. XIX. mendearen amaiera aldera, Errusiako agintariak saiatu ziren emigrazioa geldiarazten eta Adjariako musulman georgiarren errespetua eta leialtasuna lortzen, baina musulmanak kristautasunera bihurtzeko egin zituzten ahaleginak alferrikakoak izan ziren.
Errusiar konkistaren ondoren, adjariar askok, oraindik Otomandar kontrolpean zeuden lurraldeetara ihes egin zuten, kristau domeinupean bizi beharrean. Georgiar intelektualak, Europatik zetorren nazionalismoaren korronte ideologikoaren eraginpean, adjariarrak beren anaiak bezala ikusteko prest zeuden, baina georgiar gehienen kontsiderazioa zen erlijioa, hizkuntza edo historia baino gehiago, identitatearen ezaugarri nagusia zela. Garai hartako Georgian, musulmanak “turkiar” edo “tatariar” deituak ziren, beren jatorria edozein zela ere. Sinesmen erlijiosoak eta orain identitate nazionala deituko litzatekeena uztartzeko modu hau hain izan zen indartsua, ezen Armeniako eliza ortodoxoaren antzeko errito monofisitarrak jarraitzen zituzten georgiarrei “armeniarrak” deitzen baitzitzaien, georgiar hizkuntzako kristau lagunak izan arren. Antzinako inperioetako beste toki batzuetan bezala, identitatea kontzeptualizatzeko modu tradizional honek sarri biziraun du hura ordezkatzeko saiakera nazionalista eta internazionalistetatik.
Adjariako nekazal munduak, exodo masiboa izan arren, bere musulman izaera mantendu zuen bitartean, Batumi, berehala, merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zen, Errusiar Inperioko nazio ezberdinetatik zetorren biztanleria batekin. 1878an, Batumik “portu franko” estatusa jaso zuen Berlingo Itunean, gorabidean zegoen hiri-ekonomia sustatzen lagundu zuena, gotorlekuei babes politikoa emateaz gain. 1883an, Kaukaso hegoaldeko tren-sistemaren mendebaldeko terminoa bihurtu zen. 1884an portuko instalazio berrien obrak hasi ziren. 1890eko hamarkadan, hiria fintze eta ontzi-aldaketa gune garrantzitsua bihurtu zen Bakuko petrolioaren industrian. Batumiko industrializazioak inguruko landa-lurraldeen alienazio kulturala eragin zuen, eta hiria, hamarkada bat baino gutxiagoan, Turkiako hiri lasai bat izatetik beste bat izatera pasa zen, eskualdeko industria-iraultzaren erdigunea. Batumiko findegiak ideologia politiko berri baten hazitegi bihurtu ziren, sozialismo marxistarena, modernitaterako trantsizioa hiria bera bezain azkar egin zuten langileak erakarri zituena.
Kaukasoko erregeordetza 1905ean
1905eko urtarrilaren 9an manifestariek San Petersburgon egindako sarraskiak iraultza eragin zuen Errusia osoan. Greba olde batek astindu zuen Georgia. Berriro ere, istiluen erdigunea Georgiako mendebaldean zegoen, eta Batumiko langileek Poti, Sujumi, Kutaisi eta Chiaturakoekin bat egin zuten greba orokor bortitz batean. Nekazarien matxinada ere indartu egin zen hego-mendebaldean. Zalantzarik gabe, Batumiko denda eta lantegietan Adjariako langile batzuk nahasita egon ziren matxinadan. Neurri handi batean, baina, 1905eko iraultzak Adjariako populazioaren segmentu hezi eta kontzienteenei bakarrik eragin zien.
1914an, Lehen Mundu Gerraren etorrera saminez hartua izan zen Georgian, askok Turkiarekin gerra batek eragingo zuen tentsio etnikoaren beldur zirelako. Eta hala gertatu zen. 1914ko urrian Turkia gerran sartu zenean, munduko musulmanak Errusia eta Ententeko potentzien aurka jihad-gerra santuan borrokatzera deituak izan ziren. Hego Kaukasoko musulmanen artean otomandarren aldeko sinpatiak propaganda edo sabotaje helburuetarako erabili ziren, eta Errusiaren aurkako matxinadarako deia berehala erantzun zuten Georgiako adjariarrek: Adjaria eta Georgia kristauaren arteko banaketa areagotu egin zen, eta adjariar asko Turkiaren alde borrokatu ziren berriro.
Hasieran, Kaukasoko musulmanek arrakasta izateko itxaropena zuten, baina hondamendiak Otomandar armadak jo zituen 1915ean. Adjariarrek, beren leialtasun proturkiarrak ordaindu zituzten, urte berean, Chorokhi haran osoa Artvineraino suntsitu eta despopulatu zuten errusiarren errepresio gupidagabea jasan zuenean: eskualde horretan 52.000 musulman georgiar bizi ziren, soilik 7.000 bakarrik geratu ziren bizirik. 1916an, errusiar armada Anatoliarantz joan zen, frontea Adjaria eta Lazistandik urrutiago bultzatuz. Frontearen mugimenduak, beharbada indar tsarraren manifestazio basatiarekin konbinatuta, Adjaria lasai samar mantentzen lagundu zuen gerraren hurrengo bi urteetan. Iraultza boltxebikearen ondoren, errusiar armadaren diziplina, Kaukasoko frontean, azkar hondatzen hasi zen, eta, urte amaieran, antolatutako erresistentzia ezinezkoa bihurtu zen. Errusiako armadaren desertzio masiboek, gerra frontearen kontrola, hegokaukasiarren esku uztea eragin zuten.
IV-Georgiako Errepublika Demokratikoa (1918-1921).
1917an tsarren Errusia kolapsatu ondoren, turkiar tropek Adjaria okupatu zuten eta ondoren 1918an britainiar tropek ordezkatu zituzten. 1918ko maiatzean Georgiak independentzia aldarrikatu zuen eta estatu berri bat sortu zen, Georgiako Errepublika Demokratikoa. Estatu berriaren barruan, nazionalismoa zen elementurik esanguratsuena, eta georgiar gehienek, irmoki uste zuten Adjaria Georgiaren zati integral bat zela, adjariarrak georgiar naziokoak baitziren.
Baina, kasualitatez, Adjariaren estatus politikoa garai honetan zalantzan jarri zen. Horrelaxe zeuden kontuak. Azerbaijanek berretsi zuen Adjaria, Kaukasoko lurralde musulmana izanik, Itsaso Beltzeko bere gune bihurtu beharko litzatekeela. Bestalde, 1919an okupazio agintari britainiarrek portu libre estatusa bultzatu zuten Batumirentzat. Bere aldetik, otomandarrek (batez ere kemalistek) Adjaria aldarrikatu zuten jatorriz (berez) turkiar gisa. Izan ere, adjariarrek Georgiarekin zituzten lotura etniko eta linguistikoak gorabehera, beren afiliazio proturko indartsuak mantendu zituzten. 1918ko plebiszitu batean, adjariarrek Turkiarekin bat egiteko bozkatu zuten, baina sortu berria zen Georgiako Errepublikak ezezkoa eman zion.
Adjariako arazoa 1920an konpondu zen Parisko Bake Konferentzian. Turkiak Adjaria historikoaren hegoaldeko zatia (Rize eta Artvin) irabazi zuen, Georgiak iparraldekoa (Batumi) jaso zuen bitartean. 1921eko Georgiako Errepublika Demokratikoaren konstituzioaren barruan, Adjariak (Georgia musulmana bezala ezaguna) autonomia lortu zuen. Hau da Adjariak bere erlijioan oinarritutako autonomia jasoko zuen lehen aldia. Autonomia hori Georgiako Errepublika Demokratikoak onartu zuen, baina ez nazioarteko komunitateak. Adjariaren autonomiaren nazioarteko onarpena Sobietar Batasunean sartzean etorriko litzateke.
V-Sobietar Batasuna (1921-1991).
Mendebaldeko potentziek Kaukason urte batzuetan esku hartu ondoren, bereziki britainiarrek otomandarrek (1918-1920) utzitako lurraldeen okupazioa, Kaukasoko hegoaldeko hiru herrialdeen independentzia iragankorra eta ondoren Armada Gorriaren inbasioa iritsi ziren. Otomandar eta errusiar Inperioak desagertu ondoren, eskualdeko bi potentzia berri sortu ziren, Turkia kemalista alde batetik eta Sobietar Batasuna bestetik. Lehenak nazio estatu moderno bat eraiki nahi izan zuen, eta bigarrenak inperio forma berri bat sortu zuen. 1920ko hamarkadaren hasieran, bi estatu iraultzaileak “mendebaldeko inperialismoaren” aurkako aliatu objektiboak ziren, nagusiki britainiarren aurkakoak. 1921eko martxoan, Georgiaren sobietizazio behartua gertatu eta egun batzuetara, independentzia galdu zuen azkenekoa izan zena, Sobietar Batasunak Kars-ko Ituna sinatu zuen Turkiarekin, bi herrialdeen arteko muga berri bat ezarri zuena. Gaur egun oraindik indarrean dagoen muga honek Georgia eta Armeniako lurraldeak mugatzen ditu, Turkiatik independenteak direnak. Itunak muga berri bat ezarri zuen, Berlingo Itunak (1878) eta Brest-Litovskeko Itunak (1918) ezarri zutenaz bestelakoa. Bestalde, 1878ko itunean lortutako errusiar anexioen zati bat, Sobietar Batasunaren jabetza izaten jarraitzen du (Batumi-Adjaria eskualdea gaur egun), baina Kars, Artvin eta Ardagan Turkiara itzuliak izan ziren. Gainera, Itun honen klausuletako batek Batumi eskualdeko musulmanen autonomia egoera ezartzen zuen. Georgiako Sobietar Errepublika Sozialistaren jaiotza-agiria zen. Hau izan zen etno-federalismo sobietarraren kasu bakarra: Sobietar Batasunak estatu eta gizarte ateo bat ordezkatzen zuela adierazi zuen bitartean, herri adjariarrari estatu autonomoa eman zitzaion, ez bere etnia propioagatik, bere afiliazio erlijiosoagatik baizik (adjariarrak georgiar “etnikoki” bezala izendatuak zeuden eta georgiar bezala agertzen ziren sobietar taxonomia ofizialetan). Adjariako estatu autonomoa oraindik bermatuta dago gaur egun indarrean dagoen Georgiako konstituzioaren ondorioz.
Adjaria, beraz, sobietar errepublika sozialista autonomo (Adjariako SESA) bihurtu zen Georgiako SESaren mugen barruan. Adjariarrak, zalantzarik gabe, etnikoki eta linguistikoki georgiarren antzekoak ziren, Georgiako SESaren zati izan behar zutela esan nahi zuena. Bitxia bada ere, beste errepublika autonomo batzuek ez bezala, Adjariari erlijioan oinarritutako autonomia eman zitzaion, ez arrazoi etniko edo linguistikoengatik. Zein faktorek eragin zuten erabaki hori hartzean? Bi faktorek lagundu zuten Adjariako SESA ezartzen.
1-Adjariako SESA sortzeko berehalako arrazoiak ez ziren ezberdintasun etniko edo kulturalen ideiak izan, Karsko Itunean (1921eko urria) ezarritako Turkiako eta Sobietar Batasuneko gobernuen arteko negoziazio politikoen zuzeneko emaitza baizik. Turkiako gobernuak berretsi egin du akordio hori, musulmanen babesa bermatzeko, bai eta ondorengo lurralde-erreklamazioak egiteko aukera zabalik uzteko ere.
2-Adjariako estatua anbiguoa izaten jarraitzen zuen. Adjariarrak talde banandutzat hartu behar ote ziren eztabaida sutsua izan zen. Georgiako elite politikoa Adjariaren autonomia ideiaren aurka egon zen, Georgiaren zati integrala zela eta izan beharko lukeela argudiatuz. Georgiar komunisten erresistentzia, Stalinen esku-hartze pertsonalaren ondorioz baino ez zen hautsi, Tbilisi egindako bisita batean 1921ean, Georgiako buruzagi komunistak Adjariako autonomia dekretatzera behartu zituenean.
Adjariak jatorri etnikoan oinarritutako Sobietar Batasuneko beste eskualde autonomo batzuen antzeko estatusa izan zuen. Adjariarrek, lurralde autonomia izan zuten, bai, baina ukatu egin zitzaien georgiarrengandik bereizten zituen gauza bakarra, beren erlijio musulmana. Sobietar aroaren hasieran, 158 meskita zeuden Adjarian. Sobietar Batasunak erlijioaren aurkako kanpaina bat egin ondoren, meskiten kopurua hainbeste murriztu zen, non bi baino ez ziren geratzen 1936an. Bere nortasunaren osagai erlijiosoa etengabe zapaldua izan zenez Sobietar Batasunean eta jatorri etniko nabarmendua, Adjaria sekularizatua izan zen, georgianizatua ere esan nahi zuena, erlijioa baitzen gainontzeko Georgiatik banatzen zuen faktore bakarra.
Sobietarrek Turkiari egindako lurralde erreklamazioak (1945-1953).
Turkiar-sobietar harremanak pixkanaka okertu ziren 1930eko hamarkadan, eta nabarmen okertu ziren 1944tik aurrera, Gerra Hotzaren ondoren. Sobietar Batasuneko adiskidetasun eta neutraltasun Ituna 1925ean amaitu zenean, Sobietar Batasunak ituna ez berritzea erabaki zuen. Molotov, Sobietar Batasuneko Kanpo Harremanetarako ministroak, Georgia eta Armeniaren eskariak itun berri bat amaitu aurretik konpondu behar zirela esan zien turkiarrei.
Kars eta Ardahanen inguruan eztabaidatzen ari zen lurraldea, Errusiar Inperioak gobernatu zuen 1878tik 1921era arte, Errusiak Turkiari eman zionean, baina, gune horretan, oraindik ere, gaur egun, Sobietar Errepublika Sozialista Titularrak (Georgia, Armenia)dituzten talde etnikoetako kideak bizi dira. Bestalde, Siria, Libano, Grezia, Bulgaria, Errumania, Zipre, Palestina, Irak, Egipto eta Frantziako 150.000 armeniar inguru Sobietar Armeniara emigratu zuten, Bigarren Mundu Gerra (1946-1949) baino hiru urte geroago. Eta bidezkoa denez, Sobietar Batasunak diasporako armeniarrak aberriratu nahi zituen erreklamatutako lurralde horietan.
Sobietarrek Turkiak laga beharko zuen lurralde kopuruari buruzko hiru plan egin zituzten: 1-Lehenengo planak Kars, Batumi eta Surmaliko Oblastak barne hartzen zituen. 2-Bigarren planak Choroh ibaiaren haraneko lurrak, Lazistango ekialdea eta Bayazet hiria.3-Hirugarrenak Turkiako Itsaso Beltzaren zatirik handiena hartzen zuen, hau da, Trabzon, Gumushane, Giresun eta Anatoliako ekialdeko zatia (Erzurum, Van, Mush, Bitlis).
Baina Estatu Batuetako gobernuaren elementu batzuek lurralde errebindikazio sobietarrak espantsionista bezala ikusi zituzten. 1934tik, Kanpo Arazoetako Ministerioak, Armeniaren aurreko babesa, Wilson presidentearen garaitik (1913-1921), armeniar independentzia galdu zenean amaitu zela ondorioztatu zuen. Estatu Batuek Turkian eta Persian sobietarrek babestutako autodeterminazio mugimenduen aurkako jarrera irmoak Mahabadeko Errepublika kurdua (1946-1947) eta Persiako herri azerbaiyarraren Gobernua (1945-1946) zanpatzea eta anexionatzea ekarri zuen. Turkiak IAIE aliantza militar antisobietarrarekin bat egin zuen 1952an. 1953an Stalin hil ondoren, gobernu sobietarrak uko egin zien Turkiari buruzko lurralde erreklamazioei, Estatu Batuekin adiskidetasunezko harremanak sustatzeko ahalegin baten parte bezala.
Bitartean, Adjarian, Sobietar Batasuneko agintariek egindako ateizazio kanpaina gogor eta luzearen ondoren, musulman adjariar eta turkiarren arteko loturak mozten joan ziren. Politika hauek finkatu ahala, adjariarrak georgiar etniko bezala ikusiak izan ziren, eta 1970 eta 1980ko hamarkadetan erabateko asimilazio politika bat sartu zen. Aro komunistak Adjariako bestelakotasunaren faktore nagusia eta bere alderdi problematikoa desagerrarazi zituen, hau da, Turkiarekiko lotura politiko eta kulturalak. Hau, dudarik ez, iraupen laburreko islamizazioaren (otomandarrek Adjaria gobernatu zuten ia hiru mendez eta adjariar gehienak ez ziren islamera bihurtu XIX. mendera arte) eta asimilazio politika sobietar arrakastatsu baten ondorio izan zen. Beraz, ondoriozta daiteke, sobietarren menpean, adjariarrak georgiartzat hartu zirela, beren aurrekari erlijiosoak alde batera utzita.
Sobietar Batasunaren garaiaren amaieran, 1990ean, Zviad Gamsakhurdia Georgiako SESaren presidente aukeratu zuten. Presidente izendatu berriak Adjaria estatu autonomoa desagerraraziko zuela agindu zuen, erredundantea eta antinazionala zela esanez. Gamsakhurdiak piztutako georgiar nazionalismo kristau indartsuak, Batumi eta Tbilisiren arteko tirabirak sortu zituen Georgiako Errepublika berriaren barnean. Baina 1991n SESBen kolapsoarekin ziklo berri bat ireki zen, Georgiara eta Adjariara ondorio garrantzitsuak ekarriko dituena.