Aberatsen hizkuntza

Euskal Telebista Iurretatik Bilbora etortzean jabetu ginen zer-nolako zailtasunak izango genituen aurrerantzean kalean euskarazko korteak lortzeko. Bilbon Iurretan baino euskaldun gehiago dago, noski, baina baita askoz erdaldun gehiago ere. Kalean dabilen ikus-entzunezko kazetariak ondotxo daki zer den hori. Behinolako gizartetik gertatu den aldaketa nabarmena baita. Hiztun kopuruan legokiokeen lekuan baino nabarmen gorago dago euskara interneten. Milioika hiztun dituzten hizkuntzen aurretik. Esan nahi baita, milioika hiztun behartsu dituzten hizkuntzen aurretik. Aberatsen hizkuntza ote gurea? Behinola kalean erabiltzen zen ohiko hizkuntza zen, eta erdara goitik etorri zen, jauntxo edo agintariekiko harremanetarako, estatutik. Gaur badakigu errazago aurkituko dugula euskaldun bat Bilboko bulego publikoetan kalean baino. Erreportajea egitera banketxeetara, unibertsitatera jo behar dugularik, euskaraz mintzatuko zaigun norbait eskatzen dugu. Babcock-eko manifestazioetan edo etxea galdu duenarekin, mafiek engainatuta putetxean amaitu zuenarekin, alferrik saiatuko gara euskarazko testimonioak biltzen.

Euskarazko irakaskuntza aldarrikatuko dugu, baina etxea garbitzeko eta umea eskolara eramateko boliviarra kontratatu (ez serioegi hartu aditza). Baina gazteleraz ekingo diogu. Behinolako neskame euskaldunak bizkor behar zuen erdara ikasi Bilboko jauntxoen etxean. Gaurko klase ertain abertzaleak etxeko hizkuntza aldatzen du, nagusitasun ekonomikoa ez da aski euskara gailentzeko. Azken Argia-n Garbiñe Ubedak kontatzen du nola diotson dendariak: «Para el carro, que soy de León» (geldi hor, Leongoa naiz). Erdarara jo du azkenik, noski, eta ohiko sentipena: «Egoera aldrebesari aurre egiteko pausoa, amore emanez, nik eman banuen, zergatik naiz neroni sentsazio txar hori barneratu duena?»

Zenbat belaunalditako lotsa ote daramagu aldean, etxean bertan eta gizarteko ahulenen aurrean ere gure hizkuntza bazter uzteko?

 

Berria-k argitaratua