Gure nazionalismo espainiarra

 

“Izena duen guztia omen da” dio esaera zaharrak. Egia esan, ez dakit hala ote den, baina gaur ez zait asko axola ere. Inporta zaidana esaeraren aldaera negatiboa baita: izenik ez duena, ba ote da? Existitzen al dira gauzak, izendatzen ez baditugu?

Ufa, metafisika hori, Bereziartua. Baten batek ospa egin du dagoeneko. Mamira mesedez: arreta handiz irakurri nuen Arantxa Iraolak otsailaren 2ko Berria-n publikatutako artikulua. Siadecok HABEren eskariz egindako ikerketa baten berri eman zuen. Gutxi gorabehera esateko, aztertu dute euskaraz ez dakien 25-65 urte arteko Hegoaldeko jendeak euskaltegiekin duen harremana zertan den.

Nire irudiko, mota askotako interpretabideak ematen ditu. Adibidez, deigarria da –eta, era berean, ez nau batere harritu–, euskaraz ikas dezaketen hiru kolektibori buruz artikuluak zekarrena: atzerrian jaiotako euskal herritarren artean ia erdiak adierazi du euskaraz ikasteko interes handia/oso handia; eta aldiz, gogo askoz gutxiago dute Euskal Herrian jaiotakoek eta Espainiako erkidegoren batetik Hegoaldera bizitzera etorritakoek: %34 eta %31, hurrenez hurren.

Etorkinak euskararen aurkakotzat aurkeztu nahi dituzten lumaje ugaritako xenofoboek balukete zer pentsatua datu horiek ikusita, zeozertan pentsatzea beraien gustuko kirola balitz –ez da hala izaten ordea, lastima–. Baina, batez ere, portzentaje horiek eskuan –ia 20 puntuko aldea, alajaina–, gure artean gertatzen den, denok ikusten dugun eta, hala ere, nekez izendatzen dugun beste fenomeno bati buruzko pentsaldi baten premia larria dugula iruditzen zait: zer egin nazionalismo espainiarrean hezitakoekin –alegia, gu denokin–.

Zeren horrelako datuak ulertzeko azkenaldian zirkulazioan jarri ditugun kontzeptuei segituz gero, supremazismo linguistikoaz edo, beharbada, euskarafobiaz hizketan hasi gaitezke. Eta asuntuaren dimentsio osoa itsutzen zaigu. Nazionalismo espainiarraz hitz egin behar da, hizkuntzaren gaia giltzadura politiko, kultural eta sozial zabalagoekin lotuta ulertuko baldin badugu behintzat.

Gainera, gauzak askoz argiago ikusten dira habitatzen gaituen abertzaletasun bakoitzari bere izenez deitzen badiogu. Bestela, azken urte luzeetan gertatzen ari zaigun horretan erortzen baikara: euskal identitatearen esentziak deseraikitzen energia asko gastatu dugu –den-denak alferrik ez, hori ere esan behar da–; eta, bitartean, nazionalismo espainiarraren transformazio, aldaera eta estrategia berriei buruzko eztabaidarik ez da apenas geratu euskal prentsaren hemerotekan.

Estereotipoak problema handi samarra dira, hori bai: nazionalismo espainiarra diozu eta, berehala, Torrenteren itxurako tipo bat etortzen zaizu burura, oilaskodun piperpotoarekin eta atzaparra tenkatuta. Ez duzu erraz irudikatzen zure euskal nazioaren ideiarekin batera, gauzak ulertzeko erabiltzen dituzun markoetan sekulako pisua daukala beste nazionalismo horrek ere; eta izendatzen ez duzunez, ideologikoki askoz eraginkorragoa dela.

Hizkuntzari bakarrik erreparatuta: euskararen inposizioaz aritzea, noski, nazionalismo espainiarra da. Zuzen idaztea euskaraz bakarrik baldin bada arazo, nazionalismo espainiarragatik da. Bertan hitz egiten den hizkuntza gutxituaren erabilgarritasuna zalantzan jartzen bada –eta atzerriko beste edozein hizkuntzarena ez–, nazionalismo espainiarragatik da. Arnasguneei buruzko iruditeri guztiz desitxuratuak euskal kulturan ere geroz eta leku handiagoa baldin badauka, nazionalismo espainiarragatik da. Profesionalki euskara hutsean aritzeak nekazari-kolonia batean bizitzera zaramatzala pentsatzen baduzu, nazionalismo espainiarraren eraginagatik da.

Noizbait hasi beharko dugu uste ustelen, esentzien eta imajinario baztertzaileen kolekzio hori desmuntatzen. Izena jartzea da lehen urratsa. Existitu, existitzen baita.

https://blogak.argia.eus/boligrafo-gorria/2025/02/10/gure-nazionalismo-espainiarra/