Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo lehiakorra deitu zioten. Lehia bai, baina oso desorekatua da, agintean dagoenak estatuko baliabide guztiak bere alde erabiltzen dituelako, eta oposizioaren garaipena zaildu.

Horrelako herrialdeetan neurri autoritarioak defendatu ohi dituzte, esanez beraien gizarte zibila kanpo interesek bahitua dutela. Sarritan ez dute arrazoirik falta, izan ere, beraien herrialdeetan Mendebaldearen esku-hartzea lotsabakoa da. Horien aurka, baina, interes nazionala defendatzeko aitzakia pean, batzuetan neurri ulergarriak hartzen badituzte ere, beste askotan aitzakia bezala erabiltzen dituzte autoritarismoa hauspotzeko.

Mendebaldean ez gaude hobeto. Gure gizarte zibila ez dago txinatarrek, errusiarrek edo irandarrek bahituta, baina Mendebaldearen hegemonia kulturalak pitzadura txiki bat du: Interneta. Horrek gure demokrazia liberalak autoritarismo lehiakorrera gerturatu ditu, zentsura erabilita, disidenteak jazarrita eta behar bada kanpo esku-hartzea aitzakia bezala hartuta, erabaki autoritarioak hartzeko.

Thierry Breton-ek, 2024ra arte Europako Barne Merkatuko komisarioa izandakoak, iradoki du EBk Errumaniako hauteskundeak bertan behera utzi dituela kanpo esku-hartzeagatik eta beharko balitz Alemanian gauza bera egiteko prest egongo litzatekeela.

Azken urteetan sare sozialen eta hedabideen zentsurara ohitu gara, baina baita adierazpen askatasunaren jazarpen geroz eta zabalagora ere. Gehiengoari bost axola zaio

2024ko azaroaren 24an Errumaniako hauteskunde presidentzialetan Călin Georgescu-k, eskuin muturreko hautagai subiranistak, lehen itzulian ezustean irabazi zuen. Mendebaldean alarma guztiak piztu ziren. Ez, noski, bere nazionalismo kontserbadoreagatik, horrek eta faxisten oinordekoa izateak ez du arazorik sortzen EBn, betiere NATO zalea bazara (ikus Giorgia Meloni), baizik eta jarrera atlantista epelagatik eta Errusiarekin bakea lortzeko borondatea izateagatik.

NATO Errumanian Europako bere base militar handiena eraikitzen hasi da. Espero da 3.000 hektareako zabalera izatea eta 10.000 pertsona hartzea. Gauzak horrela, ez da harrigarria Errumaniako epaileek hauteskundeak baliogabetu izana eta bigarren itzulia bertan behera uztea. Aitzakia? TikTok. Antza, atzerritik kudeaturiko kontu faltsu asko zeuden Georgescuren hautagaitza sustatzen. Akusazio guztiak Moskura zuzendu ziren, noski. Beranduago, baina, jakin dugu TikTok-eko kanpaina Alderdi Nazional Liberalak (Europako Alderdi Popularreko kideak eta egungo presidentearen alderdiak) ordaindu zuela. Hots, presidentearen alderdiak sare sozialetako kanpaina bat ordaindu zuen Georgescuren alde eta, gero, inteligentzia zerbitzuek hauteskundeak bertan behera uzteko kanpaina hori erabili zuten aitzakia bezala “atzerriko esku-sartzea” frogatzeko.

Sinesgaitza da berriak gurean izan duen oihartzun eskasa. Azken urteetan sare sozialen eta hedabideen zentsurara ohitu gara, baina baita adierazpen askatasunaren jazarpen geroz eta zabalagora ere. Gehiengoari bost axola zaio, bere iritziak edo ikuskera transmititzen dituzten hedabideak edota influencer-ak ez badira. Aspaldi ikasi genuen multinazionalek eta finantza munduak gure demokraziak bahituta dituztela, baina orain gutxienez hiru urte beteko dira bahiketa horretan protagonista berri dirdiratsua agertu zela: geopolitika. Gaur eskuin muturra da, bihar ezkerra izan daiteke, eta ez litzateke lehen aldia, bestela gogoratu Gladio operazioa.

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2904/demokraziaren-muga-geopolitikoak