Borondatea nahikoa ez denean

Sortu alderdiko zuzendaritzakide batek, Naiz hedabideko bere blogean idatzi berri duenez, Joseba Sarrionandiari kazetari batek euskaraz zergatik idazten zuen  galdetu ei zion.

«Gustatzen zaidalako eta nahi dudalako», erantzun omen zuen Sarrik. “Borondate hutsean oinarritu zuen bere hautua… politikoki eraikitako borondatearen emaitza. Konplexurik gabeko euskaldun batena” dio artikulugileak. Ederto.

Aipatzen du, aurrerago, “gutxiagotasun konplexua gainditu ezinda” gabiltzala, eta Europako hizkuntza zaharrena izan ordez, hizkuntzarik berriena balitz ere, berdin-berdin defendatu beharko genukeela. Eta argudio okerra dela «gure arbasoak» aipatzea euskararekiko atxikimendua justifikatzeko, kanpoan utziko genituzkeelako “milaka eta milaka euskal herritar, bertan nahiz kanpoan jaioak baina arbasoak beste nonbait dituztenak”.

Azkenik, eztabaidagarria iruditzen zaio, “mende askoan erdaraz bizi izan diren lurraldeak dekretuz «euskararen lurralde» izendatzea, bertako biztanleen iritzia kontuan hartu gabe”. Ez omen baita modurik onena euskarara biltzeko. Eta antzinatasun zigilurik ez duela behar euskarak, euskal herritarron borondatea baizik, “denon mesederako”.

Sarriren erantzuna oso egokia iruditzen zait niri ere. Menderakaitz desakonplexatuarena. Izan ere, inork ez lioke galdetuko ¿Porqué escribes en español/francés? Rosa Monterori edo Virginie Despentesi, ezta?

Sarrik erantzun zezakeen berea duen “euskara delako gure territorio libre bakarra” ere, aurrekoa bezain egoki.

Gutxiagotasun konplexuak bizi gaitu, bai, baina ez da berezkoa edo “gurea”, españolek eta frantsesek mende luzetako zapalkuntzaz hezurretaraino txertatua baino. Bada, konplexu horiek sendatzeko, euskaldunok jasan eta pairatzen dugun bazterketaren memoria eta erreparazioa lantzea ezinbestekoak dira. Aipa zezakeen Sortukideak hori, baina ahaztu zaio, nonbait.

Gure arbasoek gaurdaino ekarritako hizkuntza dela esateari ez diot okerrik ikusten. Aldiz, Espainia eta Frantzia bezain auzo-herri zakar eta zapaltzaileak alde banatan izanda, oso harro egoteko modukoa iruditzen zait, eta uste dut harrotasun horrek erakarri izan dituela arbasoak kanpotarrak (españolak edo frantsesak sarri) dituzten euskaldun asko eta asko, era berean, denborarekin etorkizuneko euskaldunen arbaso bilakatuko direnak.

Euskararen lurraldea esaten diogu askok Euskal Herriari, etimologikoki egokia delako, historian zehar nagusiki hala izan delako, eta Sarriri bezala, gogoak ematen digulako. Ez “dekretuz” baina. Izan ere “dekretuz” ezarrri zaizkigunak, gaurdaino, española eta frantsesa dira. “El castellano (o español) es la lengua oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocer el castellano…” dio Espainiako Konstituzioak, euskalerritar gehienok berretsi EZ genuen hori. “La lengua de la república es el francés” dio, lehor, Frantziakoak.

Borondatea ez baita aski Euskal Herrian, gehienetan, euskaraz aritu ahal izateko. Borondatea bai, eta grina, eta konbentzimendua, eta adorea behar baititu euskaraz bizi nahi duenak, eta horiek guztiak batera ere ez dira nahikoak, azken herri euskaldunetatik kanpo bederen.

Ohituta geunden “borondatearen” argudio tranpatia  eragile politiko “kosmopolitagoengandik” entzuten, baina dirudienez, oinarri elektorala zabaltzeko ahaleginak ardatz ideologikoak “malgutu” eta ornogabetzea dakar.

Hauxe da despedidea… gustatu zait Zigor Garrok arestian aipatutako artikuluari buruz idatzi duen hau:

“Ildo politiko bat “demokraziaren” arabera finkatzea, demokraziarik ez denean, antipolitika da, edo ustezko asmoak gauzatzeko zinezko asmorik eza, politika litekeena ezinezko bihurtzearen artea balitz bezala, eta ez aurkakoa. Ezina betikotzea, bai programa negargarria.”

Zuzeu