Euskal Herriaren asimilazioari begira, Odriozolaren ustez, eskuin muturra baino «arriskutsuagoa» da Espainiako eta Frantziako ezkerra, «eraginkorragoa» baita.
Nazionalismoaz hausnartu du Joxe Manuel Odriozola idazleak (Altzo, Gipuzkoa, 1948) Nazionalismoaren alde eta aurka bere obran (Elkar); egileak ziurtatu du Euskal Herrian «nazio arazoa» dela larriena, eta ez «estatu arazoa».
Abertzaletasuna nazionalismoa dela diozu; ba al dago alderik?
Gaztetan bien arteko bereizketa egiten genuen guk. Abertzalea positiboa zen, eta nazionalismoa, aldiz, negatiboa. Guretzat, abertzaletasunak balio linguistiko sozial eta kulturalekiko atxikimendua adierazten zuen, eta, aldiz, nazionalismoa menperatu nahi duten beste nazioena zen. Baina, gero, ohartu nintzen AEBetan abertzale gisa definitzen zutela euren burua errepublikanoek, eta pentsatu nuen ez genbiltzala zuzen, mundu zabalean ez zegoelako bereizketa hori nazionalismoaren inguruan. Mundu akademikoan, berriz, erreferentzia ia guztiek nazionalismora daramate; beraz, nazionalismoa eta abertzaletasuna hitzak sinonimo gisa erabiltzea erabaki nuen.
Espainiar nazionalistek nazionalista gisa identifikatu dituzte abertzaleak eta ez-nazionalista gisa euren buruak. Joko arau horiek aski zabaldu dira gizartean. Abertzaleek jasan behar dute nazionalismoak dakarren zama negatiboa?
Inbasioak, kolonizazioak… nazionalismoak baditu adiera negatibo batzuk, inperioen eskutik, eta egia da: Euskal Herrian jendeak, oro har, nahiago du abertzaletasuna. Nolanahi ere, abertzaleak berandu ibili dira joko zelai hori hausten. Oraindik ere, unionismoa erabiltzen dute espainiar nazionalismoari erreparatzeko. Espainiarrak eta frantsesak batez ere nazionalistak dira, eta nazionalismoaren adiera okerrenetakoaren ordezkari dira, gainera. Zeure burua abertzaletzat jotzea eta espainiarrei unionistak esatea, euren nazionalismoa aipatu gabe, hori akatsa da.
Nazionalismoaren aroan, ematen du nazionalista batzuek nahiago dutela euren burua ezaugarri horrekin ez definitu.
Mundua nazionalismoak antolatzen du. Nazioa da oinarrizko antolamendua, gaur egun. Globalizazioa dabil hitzetik hortzera, baina nazionalismoak agintzen du geopolitikan. Ukraina, Gaza… gatazka guztietan dago nazionalismoaren bertsiorik okerrena: inperialismoa. Espainiarrak eta frantsesak izendatzeko terminorik egokiena, berriro diot, nazionalista da, haren aurpegi okerrenari helduta, gainera. Beren burua ez-nazionalistatzat izango dute beharbada, baina nazionalistak dira. Nazionalismo askatzailea eta nazionalismo zapaltzailea daude. Abertzaletasuna nazionalismoa da, eta espainiar eta frantziar nazionalismoa ere bai, baina lehena askatzailea da, eta beste biak, zapaltzaileak. Espainiaren eta Frantziaren jatorria hortik dator, inperialismotik.
Terminoen eta adieren didaktikan huts egin dute alderdi abertzaleek?
Baietz esango nuke. Zeren eta hiru indar nazionalisten arteko harremanak daude gurean. Nazioen arteko harreman borroka bat dago, eta hori ez da azaldu behar bezala azken urteetan. Nazionalismoa bizitzaren esparru guztietan dago, ez bakarrik nortasunaren esparruan. Bizitza sozioekonomiko guztian dago.
Ezker-eskuin ardatzari dagokionez, nazionalismoa eskuinarekin lotu da beti, eta internazionalismoa, berriz, ezkerrarekin. Ados zaude horrekin?
Espainian eta Frantzian, joera handia dago nazionalismoa eskuinarekin lotzeko, eta, Euskal Herrian, Ezker Abertzaleak badu joera hori ere. Vox eta muturreko beste zenbait dira nazionalismoaren adierazpen bortitzenak, baina ez dira horiek bakarrik. Nazionalismo zapaltzailea ez da Voxen eta Le Penen kontua soilik. Hain zuen, nazionalismo espainiar eta frantsesaren bertsiorik eraginkorrenak ez dira horiek, ez dira eskuin muturrean kokatzen. Nazionalismo instituzionalizatua da eraginkorrena; naturalizatua dago. Katalunian ikusi dute azken urteotan zein arriskutsua den Pedro Sanchezen nazionalismoa. Asimilazioari dagokionez, askoz ere eraginkorragoa da espainiar nazionalismo hori, bistan da. Eskuinak jazarpen bortitza erabiltzeko joera dauka, eta horrek aurkako erreakzioa eragiten du.
Bortizkeria salatzea errazagoa da, ordea, gutxika asimilatzea helburu duen estrategia bat salatzea baino.
Akatsa izugarria da nazionalismoa bakarrik indarrezko estrategiekin lotzea; ezin dira mugatu espainiar eta fratziar nazionalismoak soilik eskuin muturrera. Demokraten nazionalismo espainiar eta frantsesa ez salatzea egin daitekeen akats handienetakoa da, eta Euskal Herrian eskuinak eta ezkerrak egiten dute akats hori; ez da ulergarria.
UPN, PP eta Vox baino eraginkorragoak dira PSE eta PSN espainiar asimilazioaren aldeko lanean?
Bai, noski. Asimilazioari eta integrazioari begira, PSOEren estrategia mila aldiz eraginkorragoa da. Ez du sortzen antagonismo handirik, baina helburuak argi ditu, Katalunian argi ikusi denez. Jazarpen baliabideak alde batera utzi, eta baliabide ideologikoekin dabil, euskal abertzaleak asimilatzeko. Futboleko Eurokopa adibide argia da. Espainiako progresistak dira arriskutsuenak abertzaletasunarentzat.
EAJ eta EH Bildu ez dira horrekin ados egongo, seguruenera.
Ez, seguruenera ez. Ezker Abertzaleak esango du, akaso, Espainiako ezkerra antifaxista dela, eta eskuin muturra dela gelditu behar dena. Eta gelditu behar da; baina ez konturatzea horrek guztiak duen trikimailuaz… Hutsegite galanta da ez ikustea asimilazioari begira Espainiako ezkerra eraginkorragoa dela. Oharkabean erortzen dira zepoan herri zapalduak, eta Euskal Herrian hori gertatzen ari da, ziklo berri honetan sartu ginenetik. Ia konfrontaziorik gabe, Espainia gu irensten ari da hizkuntzari, nortasunari eta kulturari dagokienez.
Abertzaletasuna eta independentismoa bereizi behar direla ere azpimarratzen duzu.
Independentismoak helburu politikoak ditu, euskal estatuaren eraikuntza alegia, baina, niretzat, bitartekoak dira helburuak baino gehiago. Independentistek ez dute hori behar bezala bereizten, sarri. Kontua da tartean nazio linguistiko-kultural bat dagoela hilzorian; eta nazio hori berreskuratzeak beharko luke helburu nagusia. Erne, nazio arazoa da larriena, ez estatu arazoa. Nazio euskalduna eraikitzeko balio duen neurrian behar da estatua.
Berria