Ausako gaztelua, oroimen lekua
Nor garen gogoratu eta izaten jarraitu nahi dugu
Larraitzeko atseden gunean, Aralarko larreak hasten diren atarian bildu gara beste behin ere. Usadio zahar bati jarraipena emateko, arbasoen legeei eusteko, nor garen gogoratu eta izaten jarraitu nahi dugula berresteko. Langak zabaldu eta hortxe abiatuko da azienda, gure ohiturak legez. Beste behin ere, azken urte hauetan egiten dugun bezala, goizetik abiatu dira mendizaleak Ausako gazteluaren oroimena berrestera. Urrutiko mendietatik eta bailaratatik ikusten da. Haitz baten gainean tente, arrano harraparien talaia baten moduan: Ausako gaztelua.
Suntsitu egin zuten, zer ginen eta garen ahaztu dezagun
Gaur egun, bidearen zaintza egiten zuen eraikina suntsitua dago. Ez da dorrerik ikusten. Gerturatuz gero ordea, biribilean bildutako harri landuek gaztelu zahar baten aztarnak erakusten dizkigute. Beste leku askotan bezala, Nafarroa gineneko eraikuntza zibila suntsitu egin ziguten, zer ginen eta garen ahaztu dezagun; gurea, ikusezina bihur dadin.
Herri oroimen tokia
Ausa eta bere gaztelua Euskal Herriaren oroimen toki garrantzitsua da. Amaiur, Noain, Malmasin, Gernika edo Naiarako monasterioa diren bezalaxe. Errealitate historikoaz gain iruditeria edo sinbolismo jakin bat osatzen duen lekuari oroimen tokia esaten zaio. Arkeologiak eta dokumentu historikoek erakusten digute Aitzin Arotik bazegoela bizitza goialde horretan. Nafarroa ginen garaian zaintza dorre bat zegoen hor, itsasotik barnealdera mugitzen ziren garraioak behatzeko, artzainak babesteko, gaizkileen joan etorriak galarazteko eta gaztelarren inbasioa gertatu zenean, aurre egiteko.
1200ean, Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroaren itsasaldea inbaditua
Ausako gazteluaren tokia, haitz natural baten gainean eraikia, leku aparta da bailara luze-zabal behatzeko. Gaztelua, behatokia zen. Apenas dozena erdi bat gazteluzain eta haien beharretarako eraikuntzak: estalpeak, ukuiluak eta lotarako tokia. Nafar erresumaren barrualdeko eraikuntza zen. Gaztelaren arriskutik urruti; ustez, haien inbasiotik salbu. Baketsua, 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak bere osteekin Nafarroaren itsasalderako irteerak konkistatu zituen arte.
Etorkizunean berriro aske izango gara
Gaur egun ingurune hori paisaia isila da, zaldi batzuen zintzarrien hotsak gora behera. Altxor bat dugu hemen, merezi du zaintzea eta gogoratzea. Herri hau zer izan den jakin behar da zer garen ulertzeko, eta ulertu egin behar da gaurkoa gure etorkizuna elkarrekin lantzeko. Gaztelu bat da, paisaia eta oroimena. Egunen batean, Ausa gure estatuaren oroimen tokia izango da. Berreraiki eta berriro zutik ikusten dugun bitartean, bere egiatasun sinbolikoaren sustraiak argitara ateratzen diren bitartean, egiatasun eta errealitate historikoaz harago zer garen eta nondik gatozen oroitarazten digun oroimen tokia da Ausa Gaztelu.
Antolatzaileak: Ipuztar nafarrak, Hernani Errotzen eta Nabarralde