Irakurle: lehenengo paragrafo honetan izan ezik, hemen irakurriko dituzun iritziak Júlia Ojeda literatura-kritikari katalanarenak dituzu. Matrioteseko kidea da, «feminista eta nazionalista» gisa definituriko gunea. Iritzi horiek Cira Crespo kazetariak Argia (otsailak 18, 2024) astekarian egin zizkion galdera batzuen erantzunak dira. Crespok barkatuko ahal dit bere lana gisa honetan baliatu izana.
Hirurok antzeko interesak genituela antzeman geniolako sortu zen [Martxoaren 8ko Matriotesen manifestua], bai nazio kontuetan, bai feminismo kontuetan, eta hirurok eztabaidarako guneak falta genituelako, feminismoaren eta nazionalismoaren arteko elkarguneari buruzko elkarrizketa eguneratzeko. Manifestuarekin kolpea eman nahi genuen, eta esan: «Nahitaez hitz egin behar da honi buruz herrialdearen [Katalunia] elkarrizketa orokorrean; hau elkarrizketan sartzen ez bada, huts egingo dugu».
Pozik gaude [manifestuak izan duen] erreakzioekin, gogobete gintuzten, oro har, baina era berean, uste dugu oraindik ere badela joera lotsati bat, nazionalismo terminoa deserosoa delako. Baina uste dugu eremu nazional feministak potentzial handia duela.
Gatazka politikoa gatazka nazionala da, eta, beraz, nazioaren oinarriekiko harremanari eutsi behar dio. Emantzipazio prozesuak irekia eta zabala behar du, heterogeneoa, baina nazionala. Gainera, katalanok badugu lubakiko nazioari, okupaturiko nazioari, dagokion pentsamendu nazionalistaren tradizio bat, balio handikoa eta oso interesgarria eta, hori ere bai, prozesu independentistan urtetan aintzakotzat hartu izan ez dena.
Dona i nació (Emakumea eta nazioa) manifestuan, 1982ko hartan, niri asko gustatzen zaidan termino bat erabiltzen da, «inorena ez den lurra». Herri gutxituetako emakume feministok hartzen dugun espazioa da eta izan liteke emakume espainolistek okupatu eta gutxietsi dezaketena edota, alderantziz, gerorrek konkistatuko duguna. Guk ez badugu espazio hori hartzen, beste norbaitek egingo du.
Argi baduzu nola funtzionatzen duen gaztelaniaren inposaketak Konstituzioan eta Estatutuan, kultura-gaietan erregimen-eskualdatzea nola egiten den aztertzen baduzu, oso argi dago zapalketa- eta menderatze-harremana dagoela, eta hori kolonialismo terminoetan irakur daitekeela.
[1980-1990eko hamarkadan] Erakunde autonomikoetatik ez dagoen botere bat fikzionatzen da, eta horrela herrialdea bakean mantentzen da. Hizkuntza-gatazka ezkutatu eta elebitasunaren ideia normalizatzeko logikak onartu ziren, eta, horren ondorioz, herrialdearen kultura-egoera kontatzeko beste modurik garatzen ez zen utzi.
[Kolonialismoaren harira]. Zer gertatzen da, ordea? Bartzelonan pentsamendu dekolonialari buruzko jardunaldiak antolatzen hasi, eta Latinoamerikako pentsalari handiak ekartzen dituztela, ingelesez edo gaztelaniaz arituko direnak, eta estatuaren barruko kolonialismoaren auziaz ez dela inor gogoratzen. Uste dut koldarkeriagatik dela, eta baita ezjakintasunagatik eta produkzio intelektual faltagatik ere.
Horregatik da Literatur Ikasketen karrera erdia gazteleraz, eta horregatik erabiltzen da matrize frankofonoa eta anglosaxoia. Kataluniako erreferente gutxi daude, eta azkenean, ondorioz, pentsamenduaren markoa espainiartu egiten da.
Feministok, zentzu zabalean (LGTBI borroka, trans, eta abar), aspaldi gaude «lotsagabetuta»; orduan, zergatik kostatzen zaigu hainbeste nazio-identitate zapaldu bezala «lotsagabetzea»?
Espainiako zapalkuntzaren azterketa eta interpretazio lana falta zaigu. Nik uste dut ez dela nahikoa ulertzen. Espainiako zapalkuntza-sistemak nola eragiten duen ulertu gabe, ezin ditugu azaldu hartzen dituen formak. Maila intelektual eta politikoan dudan obsesioetako bat da ulertzea Espainiako Trantsizioaren kultura delakoak nola makillatu dituen periferiko izendatutako lurraldeen menderatze-dinamikak.
Bestalde, fikzio autonomista honen ondorioz, Espainiako Estatuko nazio gutxituetan auzi eta eztabaida sozial, kultural eta politikoak estatu propioaren jabe balira bezala burutzen dira… baina, estatu izan gabe, jakina. Esate baterako, hizkuntza-politikei dagokienez, estatu batean ingelesari zenbat ordu eman ala ez, eztabaidagarria izan daiteke; baina gure kasuan, ingelesari ordu asko ematea gure hizkuntzari orduak kentzea izan liteke, eta hizkuntza-ordezkapenerako urratsak egitea. Ildo berean, Kataluniako «eskola publikoa-eskola itundua» eztabaida ezin da herrialde normal baten izan litekeen modu berean izan, kasu askotan eskola itundua katalanismoaren gotorlekua izan baita. Horrekin ez dut esan nahi ereduak eskola itundua izan behar duenik, segregazioa eta gainjartze ekonomikorako arazo nabarmenak baititu. Katalunian eztabaida konplexuagoa dela eta ñabardura gehiago dituela esan nahi dut.
Hitz batean, gutxituriko herri gisa, eta estatua kontra izanda, diskurtsoak falta zaizkigu globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko.
Berria