Jean-Louis Davant: «Matalaz hil zutenak ez ziren tirano arrotzak izan»

Jean-Louis Davantek aitortu du berak idatzi zuela ‘Matalaz’ kantua, 1970ean. Uztaileko ‘Enbata’-n agerrarazi du berria, 53 urte geroago. Matalazen azken hitzei buruzko aitorpenak ere egin ditu, orain arte ezezagunak zirenak.

ISABELLE MIQUELESTORENA

«Dolü gabe, dolü gabe, hiltzen niz, bizia Xiberoarentako emaiten beitüt». Bosgarren hamarkada Matalazen azken hitzak kantatzen dituela Euskal Herriak. Kantua bera Benito Lertxundik egin zuen ezagun, 1981ean. Nork idatzi zuen, haatik? Lau mende eginen du Matalaz hil zela, abertzaletasunaren lehen urratsak zitezkeenetan. Haren azken hitzen jatorriari buruzko informaziorik gabe iragan dira ehunka urte, Jean-Louis Davantek joan den uztaileko Enbata aldizkarian konfesatu duen arte: berak idatzi zuen.

Bernard Goihenetxe, Matalaz ere deitua, Mitikileko (Zuberoa) erretore zen; izena etxetik zetorkion, gaur egun Goihetx bilakatu dena. XVII. mendean, zuberotarrek harengan konfiantza ezarri ondotik, buruzagi izendatu zuten: 1661ean, beste 7.000 zuberotarrekin, Matalaz jauntxoen aurka altxatu zen. Lau hilabeteko gudaren ostean, lepoa moztu zioten Lextarreko plazan —Zuberoako garai hartako hiriburua—.

Luis XIV.aren garaian iragan zen Matalazen eta beste 7.000 laborariren altxamendua. Zeri buru egin nahi izan zioten?

Historia aitzinetik hasirik zuzun, 1639an uste dut: Luis XIII.ak izugarrizko zorrak zitizun. Orduan, egin zizun geroztik gure gobernu elibatek ere egin dutena: ondasun publikoak saltzea, pribatizatzea oraingo hizkuntzan. Ondasun publikoak erregearenak zituzun. Zuberoan, bereziki, saldu zizun Le Domaine Royal [erregearen lurrak] deitzen dena. Domaine Royal hori mugatua zuzun: Mauleko gotorlekua, etxalde bat, oihan bat, eihera bat, eta bortuan ola bat. Saldu zitizun, eta nork erosi? Iruriko jaunak [Jean-Armand du Peyrer, De Treville izenez ezaguna].

Erraten da hura biarnesa zela; Oloroen sortua zen, baina 9 urtetan Irurirat jin zuzun. Gainera, ama Zalgizekoa zizun; orduan, printzipioz euskalduna, ez? Parterik handiena Irurin [Zuberoa] altxatua izan zuzun, pentsatzen dut euskara ikasiko zukeela… Zuberotarra zuzun, beraz, zeren egoitzak zizun jendea egiten zuberotar, eta noble ere bai. Etxe nobleek kargu bat bazitezun, politikoa eta militarra. Nobleak militarrak zituzun, eta ber denboran, etxalde baten jabeak. Beraz, zuberotar bilakatu zuzun, familia, Elizabea etxe noblea erosiz.

Eta Iruriko jaunak bere errua izan zuen Matalazen historian?

Iruriko jauna mosketarien kapitain izan zuzun, erregearen zerbitzuko; haren adiskide zuzun. Erregeak, ber denboran, Iruriko jauna konde izendatu zizun; aldiz, Zuberoan ez zuzun konderik, bizkondea bazuzun, lehenago. Zuberoako azken jauna, Oier Maulekoa, kargutik kendu zizun Akitaniako duke ingelesak, eta Nafarroarat joan zuzun. Orduan, ez zuzun haboro jaun gehienik, salbu zuzenean Akitaniako dukea, eta gero Frantziako erregea —Akitania hartu zuenean Frantziako erregea zuzun zuberotarren jaun zuzena—. Zuberotarrek maite zitezun nagusia urrun izan zedin, ez zitezun beste bat nahi.

Aldiz, Iruriko jaunak jauregi andana bat erosi zitizun: Zuberoan baziren 60 eta zonbait jaun, eta horietarik andana bati epaile karguak zituzten etxaldeak erosi zitizun; Lextarren justizia horiek zitezun egiten. Beraz, de facto Zuberoako jaun bilakatzen zuzun.

Beraz, entseatu zituzun [zuberotarrak] erregearen ondasunen erosten. Iruriko jaunak sos haboro baitzuen, prefosta, berak erosi zitizun. Urteak eta urteak eraman zitizuen Parisen auzitan, erosketa hori hautsi nahiz. Ez zitezun deus lortu, deus erdietsi. Sos anitz xahutu, aldiz, bai.

Herri xehea orduan altxatu zen?

Azkenean, Luis XIV.a kargura hor sartu zuzun, Mazarin hil ondoan [Jules Raymond Mazarin, Luis XIII.aren eta Luis XIV.aren garaiko Frantziako lehen ministroa]. 21 urte inguru zitizun; beraz, ez zizun hor ogenik, nahiz eta beti haren gain ezartzen den; ez da xuxen, jadanik hasirik zuzun. Deliberatu zizun Mauleko gaztelu zaharra desegin zezaten; hasi zituzun, eta zuberotarrek desegitea pagatzen zitezun.

Gero, gobernari berri bat jin zuzun, agaramontar bat, Bidaxuneko [Baxenabarre] etxe eta familia noblea: De Toulongeon kondea. Etxahun-Irurik Matalazi buruz idatzi pastoralean aipatzen ditizu «jaun konte txar horiek»; Iruriko jauna eta Toulongeon. De Toulongeon horrek manatu zizun gazteluaz desegin zutena berriz egitea, eta zuberotarrek arra paga. Aserik, bildu zituzun eta arrametan altxatu; zazpi edo zortzi mila zituzun.

Nola eraman zuten iraultza?

1661eko arramaiatzean hasirik, urrietaren 11 artio, Matalaz Zuberoan gaindi ibili zuzun; zazpi edo zortzi ehun soldadu bazitizun. Kontrakoen etxe elibat erre zitizuen, bereziki Sohütan [Zuberoa], hegatza, murruak ez baitziren erratzen. Azkenean, Bordeleko parlamentuak igorri zizun Don Calvo izeneko kapitain bat, mertzenarioa, 400 zaldunekin. Ündüreineko [Zuberoa] zubi puntan tiroka aritu zituzun; bizpahiru hil eta kolpatu bi aldetarik. Gero, guduka handia Sohütako parrokian.

Gudua galdu zuten, gero…

Zuberotarrek egin zitezun ofiziokoa ez den armada batek sekula egin behar ez duena: herrakan gudukatzea. Xehekorik izan zituzun, eta bizi zirenak etxerat ihes. Matalaz ere ihes abiatu zuzun, beste zazpi edo zortzi lagunekin, mendiaren igarateko. Urdiñarben [Zuberoa] gibel itzularazi zitezun laborariek, eta Jeintainen [Urdiñarbeko etxe bat] jarri zuzun. Mauletar elibatek hor atzeman zitezun; goiti joan zuzun, baina behetik su eman zitezun; errendatu zuzun. Mauleko gaztelura bildu zitezun preso, eta han auzia egin Bordeleko epaileek.

Azaroaren 8an, uste dut, eho zitezun Lextarreko plazan; Lextarre baitzen Zuberoako hiriburua, ez Maule, Maule jaunaren eta gero erregearen hiria zuzun. Gaur egun gurutze zuria den lekuan, lepoa moztu ziotezun; besteak urkatu, edo galeretan kondenatu.

Kantuari buruz orain: uztaileko Enbata-n, aitortzen duzu zuk duzula Matalazen kantua idatzi. Nondik jin zitzaizun?

Igaran mendeko 56ko udan, ikasle ninduzun, eta egin behar nizun Ürrüstoi-Larrabileko udalerriaren monografia bat. Horretan sartzen zuzun auzoko historia ere. Nik, bi kilometro eta erdira dut Matalazen etxea, ez nizun urrun. Gainera, horko jabea zuzun Beñat Artegiet, apeza, ene aitañi zenaren kusi bat; Mendibile Elizaga etxeko seme zuzun.

Artegietek kontatu zizkizun Matalazen azken hitzak?

Haren ikustera izan ninduzun, Matalazen historia ezagutzeko. Kontatu zidazun hitz elibat erran zituela hil aitzin, urkabearen gainetik. Baina ez zidazun «tirano arrotzik» aipatu. Erran zidazun: «Frantses zorrikeria hori». Bestea oro euskaraz erran zidazun, hori ere euskaraz, baina hori frantsesez errepikatu: «Cette pouillerie de francais». Ni harriturik: «Ez diat hola izkiriatzen ahal, ez da posible!».

Beraz, idatzi nizun: «Tirano arrotzak» [atzerritarrak hitzaren zentzuan]. Zeren uste nizun, denek bezala, Luis XIV.aren ogena zela; berantago ikusi dut Luis XIV.ak ez zuela ogenik, historian beti interesatu bainaiz. Ikusi dut Iruriko jauna ez zela egiazki «arrotza», aipatu dugun bezala; beste kondea ere ez, Toulongeon, Bidaxunetik Zuberoako gobernari, beraz zuberotar berri zuzun. Orduan, «tirano arrotzak» ez zituzun.

Beraz, «frantsez zorrikeria hori» erran omen zuen Matalazek; zergatik aldatu zenizkion hitzak?

Enbata-ren hasteak zituzun; prefosta, arrazistatzat ekarri gintiztezun, eta estremistatzat ere. Ez nizun lokiarik eman nahi. Nik Euskal Herrian sentitu dudan arrazismoa euskaldunen kontrakoa duzu, frantximanten aldetik. Haurrak ginelarik, Maulerat joatean, kolegioan sartu nintzelarik hamabi urtetan, erraten zigutezun mauletar ttipiek: «Paysans» [laborariak]. Paysans gintuzun zeren eta boneta ekartzen genizun, eta euskaraz mintzo.

Kantorean «tiranoen ohiltzeko» idatzi niozun orain, kantorean bai, «arrotzak» kendurik, ez baitziren arrotzak. «Frantses zorrikeria hori» parteari dagokionez, gero, testu bat idatziko nizun, segur ere, esplikatzeko. Orain ematen ditudan esplikazioak lehen eman behar nitikezun, hutsa hastean egin nizun.

Artegietek transmititu zizkizun hitzak. Nondik zituen berak?

Ez zidazun erran nondik zuen. Zoin da Matalazen partea, eta zoin da Artegieten partea? Sekula ez dizugu jakinen… Geroztik irakurri ditut historialarien izkiruak: Menjoulet abadea bazuzun, Chronique du diocèse et du pays d’Oloron (1864) izkiriatu dizu [Oloroeko diozesa eta eskualdeko kronika], eta Jacques de Belak, legegizon handia zenak, letra bat. Biek Matalazek bere hutsak aitortu zituela aipatzen dizue. Apez izanik, posible zukezun biak egin zituela: barkamena galdegin, eta, hiltzeko momentuan ez izanik ere, kantoreko hitz horiek erran.

De Belak Mauleko eliza ere aipatzen dizu, hilerrietakoa; zeren Mauleko parrokiako eliza hor zuzun lehen, eta hor ehortzi zitezun Matalaz, atariaren aitzinean. Salbu, burua gabe, zeren burua ebaki ziotezun, gero Mauleko sargian harresi batean burua ezarri, eta gau batez norbaitek hartu zizun. Eugene Goihenetxe historialariak erran zidazun, behin, Mauleko eliza ohi horretan xerka balezate, ediren behar luketela gizon baten hezurdura, bururik gabe, atariaren aitzinean. Ez dakit behin norbaitek halakorik eginen duanez…

1970ean agerrarazi zenituen hitz horiek lehen aldiz, Le peuple basque dans l’histoire liburuan (Euskal populua historian). 53 urte iraganik, aitortzen diguzu zureak zirela. Zergatik?

Idatzi nuen bezala, tirano arrotzen «ohiltzeko» zuzun [ohildu hitzak, zubereraz, uxatu erran nahi du]. Gero, Lertxundiren kantorean «hiltzeko» bilakatu duzu. Ez zitzaidazun gustatzen. Ni ez nauzu oroit, baina emazteak erran zidazun galdegin zidala kantua zuzentzeko, eta «o» hura gehitu niola, ez beita ber gauza; ez dizu atxiki…

Pentsatu dut burua ontsa nueno behar nuela historia hori zuritu. Eta, ez dizu aspaldi, ehorzketa batean izan nauzu. Urrentzean, lapurtar gizon talde batek hori kantatu dizu, «hiltzeko» erratez. Hala ere, eliza batean, apez batek hiltzera, ehaitera deitzea… «Hori ez duk normal, ez diat nik holakorik izkiriatu!». Nik ere kantatzen bainuen, zapatzen nizun: «Ohiltzeko!». Tilt egin zidazun, «ez dut uzten ahal hola». Orduan jin zaidazu jakinarazteko ideia.

Beste hitz bat ere kanbiatu dut geroztik, «erremetitü» [bertsio musikatuan ez da agertzen, baina Matalazek erran omen zituen azken hitzei dagokio]. Artegietek hala erran zidazun, bai, eta kauensos… «Ützüli» ezartzen dut orain, azken batean enea baita testua! Geroan ere, aholkatzen ditut jendeak kantatzera, «tiranoen ohiltzeko», zeren ahaidearekin ontsa horra duzu gainera.

Berria