Anai Arteak hainbat urtez landuriko proiektua ofizialki inauguratuko dute maiatzaren 27an Lapurdiko herrian.
Senpere eta Azkaine artean, Donibane Lohizuneko bide zaharraren eta D918 bidearen (Zubiondoa pasabidea) artean kokatuko da Euskal Herriaren historiari buruzko memoriala Ibarrun auzoan. Anai Artearen proiektua maiatzaren 27an inauguratuko dute.
Piarres Larzabalek eta Telesforo Monzonek 1969an sortua, errepresio frankistatik ihesi zihoazen euskal iheslariei laguntzeko asmoz, elkarteak Ipar Euskal Herrian kontzientzia abertzalearen garapenean paper garrantzitsua jokatzen lagundu zuen. Hala, memorialaren ideia une batetik goiti ernatu zen bere kideen gogoan.
«Urrats anitz izan dira. Lehenik, euskal gatazkaren azkenaldiko garaiari buruz zerbait egitea pentsatu genuen. Gero bururatu zitzaigun ea zergatik ez zabaldu hori 1936ko iheslariei edo euskal identitatearen beste aspektu batzuei. Hori guzia landu behar zen, eta historialariekin solasean, Euskal Herriko historiari buruzko memoriala egiteko ideia sortu zen, ez baitzen egina», azaldu du Mixel Mendiboure Anai Arteako kide historikoak.
Euskal historiaren 22 mugarri
Proiektua abian jarri ondoan, Anai Artea historialari ezberdinekin harremanetan jarri zen. «Garai desberdinetarako ezagunenak izan zitezkeenekin harremanetan jarri ginen, bakoitzari bi data garrantzitsu atxikitzeko eskatuz. Gerora, Peio Etcheverry-Ainchiartek sintesi bat landu du eta 22 data edo gai gako hautatu ditugu», segitu du Mixel Mendibourek.
Historiaurretik hasi eta Lizarra-Garaziko akordiotaraino, XI. mendean Antxo Handia erregearengandik pasatuz, euskarazko lehen liburu idatzia (1545) edo XIX. mendeko karlistaldiak, horiek dira hautatuak izan diren une gakoetako batzuk. Xabi Oterok, Xarles Bidegainek, Maitea Urmenetak, Jean-Louis Davantek, Nabarralde fundazioak, Claude Labatek, Aurelia Arkotxak, Peio Etcheverry-Ainchiartek, Jean-Claude Larrondek, Eneko Bidegainek, Battitta Larzabalek eta Iñaki Egañak egindako lanaren emaitza da.
Filmak eskuragarri QR kodean
Data bakoitzarentzat, Euskal Herriko Unibertsitateak sei minutu inguruko film bat egin du (euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez) eta QR kode bidea eskainia izanen da memorialean, Euskal Herriko historiari buruzko hogei bat minutuko film batekin batera, haurrekin egina.
Lekuan berean zuhaitzak landatu dira eta Iñaki Iriarte Sarako artistaren eskultura batekin apainduko dute. Obra maiatzaren 27an ezagutaraziko da, eta inaugurazio ofizialaren ondotik, nahi duen orok une atsegin bat iragaiten ahalko du bertan, Euskal Herriaren atzera begirakoaz jabetzeko.