Hor dago oraindik Astiñene, noiz eroriko den edo noiz zaharberrituko duten zain. Hemengo agintarientzat paregabeko etxe honen balio historiko, antropologiko eta etnografikoa ezereza da… ahuntzaren gauerdiko eztula bezala hartzen dute.
Mundu erdia goseak hiltzen eta hemen, berriz, sukaldari mokofinen eta tripazainen mundua kontsideratzen da «kultura eta ondarea». Horretarako egundainoko eskolak egiten dituzte izen ponposoak ingelesez emanez eta beraien jatetxeei tenplu (jaungoikoaren etxea) deitzen diete, alajaina!
Bitartean, benetazko ondarearentzat hitz onak bai, baina utzikeria da jaun eta jabe.
Badira hogei urte baino gehiago Astiñeneren egoera tamalgarria salatu zela, daukan balioa paregabea izanik, eta hain zuzen ere ondarearen katalogoetan sartu zen, bai Aldundian, baita Donostiako Udalean ere. Babestua gelditu zen, non eta… paperean bakarrik.
Ordutik horrela goaz, beti atzera, eta etxea erortzen. Diru kopuru bat ere ezarri zuen: 60.000 euro, baino ez zuen aurrera egin. Eraberritze-lan batzuk ere egin ziren, baina, jabeekin adostasun faltagatik edo, bertan behera gelditu zen dena. Epaileek ere agindu zuten eraberritzea, baina…
Egiatik Loiola aldera abiatzen bagara, Piñuetako Aldapa jaitsi eta ibaiertzera heltzean, etxe zahar batekin egingo dugu topo: Astiñenea da, ibaiari begira, zurezko eta adreiluzko aurrealdea duen etxe polit hori. Egiako Kostan dago baserria. Baina zertan geratu zaigu Egiako Kosta xarmant hura? Hain desitxuratua dago egun, ezezaguna baita adineko donostiarrentzat! Oroitzapen hura argazki zahar batzuetan besterik ez da ageri. Egia auzoa Urumearen eskuin aldea izan da beti, Loiola berriz, ibaiaren ezker aldea.
Eraikuntza oso zaharra da: 1652. urteko testamentu batean, Maria Miguel de Olaso ageri da, Miguel de Aztinaren alarguna zena. 1719an ere ageri da Berwick dukearen Donostiaren inguratzearekin. 1753. urtean Aztinaenea izenarekin agertzen da. 1811. urtean berriz, Astinene ò Zubimusu edo Astinene ó Zubiburu deitzen da, eta jabea Conde de Torrealta zuen. Gaur ere, delako aristokrata honen ondorengoak dira finka honen jabeak.
Etxea hondatua gelditu zen lehen Karlista gerratean (1833-1840). Eraberritu zen eta ondorengoa da gaur ageri duen aurrekaldea.
Eraikina XVII.mendean hastapenetan egina da. Bere barneko egiturak hiru habealditan banatuak ditu eta habedun-dolare aparta batek osatzen du, garai batean sagardo dolare garrantzitsu izan zenaren seinale. Horretaz gain, altxor horren beste ezaugarria da Urumea ibaiertzeko portu izan zela, edo horrekin lotutako jarduerekin erlazionatua zegoela oso-osorik. Gaur egun ere, bere jatorrizko egitura mantentzen du: txanelak eta gabarrak igotzeko arrapala, zurgindegia eta abar.
Ziurtatu dezakegu Astiñenea dela, ez Urumean bakarrik, baita Gipuzkoa guztian ere, geratzen zaigun mota horretako eraikuntza bakarra eta azkena.
Gaur Donostian eta Urumeako erriberetan, Patxillardegirekin batera, aparteko kultura interesa duen etxea da, bai balore historiko-arkitektonikoaren ikuspegitik eta bai errio bazterrean etnografía eta paisaiaren ikuspuntutik. Altxor hori galtzea donostiarrontzat lotsagarri eta barkaezina litzateke.
https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/astinene/