________________________________________________________________________
E ansi, el dicho rey de Castilla (Alfonso VIII), corrió toda la tierra de Alava, e Guipuzcoa e Navarra; e como el poder de la gente suya, e caballería, fuese con el dicho rey de Navarra; e como quiera que Vitoria tobieron sitiada cerca de un año, e otras villas e castillos, e Fcieron todo su esfuerzo por se defender; pero Finalment, mas non podiendo facer, hobieronse de render por fuerza; e ansi tomaron la tierra de Alava e la de Gupuzcoa injustament.
(“Crónica de los reyes de Navarra”. Carlos, Príncipe de Viana. 1454)
________________________________________________________________________
Gizarte edo nazio baten iraganari buruzko debatea nork gidatu. Horra etorkizuneko giltzetako bat. Izan ere, Nazio horren subjektua, identitatea eta kohesio sozial eta politikoa ditugu mintzagai. Beraz, nazio oinperatu batean halako debatea botere menderatzaile atzerritarrek zedarritutako koordenaden menpean aurkeztuz gero, zertxobait ari gara gaizki egiten.
Berriki, Sabindarren argitalpen digital batean irakurri dugu: “ Nafarroa ez zen inoiz euskaldunen erresuma izan, eta ez haien erregeek ez haien goi-nobleziak ez zuten inoiz borondaterik izan halakoa izan zedin”. Izan al zuten inoiz baskoiek erresumarik? Eta haien “ erregeek” eta “ goi-nobleziak” zer izan nahi zuten, gaztelar, espainol , frantziar?
Interpretazio horrek dioenaren arabera, Euskal Herria arrrazoiaren entitate hutsa da, alegia, gogo-eraikuntza bat, inoiz izan ez dena eta Sabino Aranak asmatua. Haren jarraitzaileen ustez, abandotarra Aberriaren Aita ez ezik Herriaren Sortzaile ere izan genuen.
Etorkizuna idazteke dago, baina aldizkari horren interpretazioaren arabera, menderatzen gaituzten bi estatuek eraikitako kontaketa batean oinarritzen da Arana Goiriren definizioa (baita haren jarraitzaileena ere, dela eskuineko, dela ezkerreko). Tamalez, hutsaldu eta desitxuratu egin nahi dituzte burujabetasunean ardaztutako beste perspektiba batzuk.
Euskal Herriaren historian eta etorkizunean Nafarroaren zentralitatea aldarrikatzen dugunean, tranpa batean ez erortzea dugu xede, ez baita gurea Espainiako eta Frantziako historiaren luzakin hutsa. Bestela esanda, Euskal Herri osoaren subjektu nazionalaren historia propioa defendatzeak ohiko eremu akademikoetatik irtetea dakar.
Iruiñeako erresuma eraiki zuten euskaldunek IX. mendean ( Nafarroako erresuma, XIII. mendetik aurrera) eta hemendik aldarrikatzen dugu, batetik, hura ezagutzea eta, bestetik, erresuma hark gure herriari ekarritako ondorioak ulertzea, bai gizarte-, bai hizkuntza-, bai polititika mailan. Izan ere, Estatu hark bihurtu gintuen nazio. Bestalde, ohituretan oinarritutako Pirinioetako zuzenbidea izan zen estatu haren sustraia eta Nafarroako Forua beraren adierazpen behinena.
Gure herriaren iraute historikoa aldarrikatzen dugu, hau da, Nafarroako Estatuan bizitzeko borondatea, egungo menpekotasun- eta haustura-egoeraren irtenbide gisa. Nolanahi ere, argi gera bedi helburua ez dela garai hartako sistema estamental batera itzultzea, baizik eta estatu historiko hura berreskuratzea, libre eta modernoa, nazioarteko egungo paradigmaren barruan.
Arana Goiriri dagokio XIX. mendeko karlismoaren eta foruzale liberalen foru-errebindikazioa aldarrikapen nazionala bihurtzeko gaitasuna eta meritua. Dena den, esan beharra dago buruzagi hark ontzat eman zuela Espainiaren eta Frantziaren historia kanonikoa, zeinetan zilegitzat jotzen baita gure herriaren zatiketa territoriala.
Sabin Aranak Jatorrizko Euskal lurraldetzat zituenak (Bizkaia, Nafarroa, Araba…) makina bat eraso, inbasio eta bortizkeriaren ondorio dira, alegia, Gaztelak –XVI. mendetik aurrera Espainiak– eta Frantziak Nafarroako erresumari erasandako oldarrraren emaitza. Gure lurralde “historikoak” ez dira bertako biztanle burujabeek hartutako erabakien ondorio, inperioek eragindako zatiketa baizik.
Akatsa da Euskal nazioaren etorkizuna menperakuntza- kontaketa baten iruzurrean oinarritzea, lehenik, horrek ezagutza perbertitzen duelako, eta bigarrenik, subordinazioa etxekotu egiten duelako. Izan ere, Euskal nazioak konplexurik gabe aldarrikatu behar du Estatu historiko eta burujabe izan garela eta, era berean, bere kultura garatu eta mendez mende defendatu duela.
Nafarroa Garaian gaurdaino eutsi diote mendez mendeko erresuma izanaren oroimenari. Bestalde, azken orduko ikerketek berretsi egin dute irakurketa historiko hori. Hartara, oroimen eta irakurketa horren gainean eraiki behar dugu Nazio egiten gaituen kontaketa.
Guk geuk eta geure borondate politikoaren bitartez hezurmamitu behar dugu etorkizun askera hurbilduko gaituen kontaketa hori , jakin badakigulako iragan propioa izan dugula, eta ez dela izan gezur inperialen eranskin huts bat.