Euskal nazioak gure nortasunaren muina ukitzen du. Gure herriaren, Euskal Herriaren izana, existentzia bera interpelatu egiten du, gure izaera indibidual eta kolektiboa baldintzatuz. Julen Zabalo irakasleak artikulu luzea eman du argitara oraintsu hemen bertan, “Naziogintza berriaz” titulupean. Artikuluan dioena, nire ustez, ez da zuzena, ez da justua, ez da bidezkoa. Gure herriaren nazio antolaketa premiari kalte handia egiten dio.
Zabaldu du artikulua Julen Zabalok esanez euskal estatura heltzeko bidea aldatu egin dela, eta ondorioz euskal nazioa ulertzeko modua ere aldatu egin behar dugula. Ikusten denez, logika inbertsoa erabili du hemen, modu okerrean. Elementu substantiboa euskal nazioa bera baita, eta horrek egingo du bideragarri edo ez euskal estatua antolatzearen beharra. Baina Zabaloren argudioen kasuan, ikusiko dugunez, benetan gertatzen dena beste hau da: euskal nazioaren osagarri nagusiak lausotu egiten dituenez, euskal estatua sortzeko beharra eta bidea bera desagertu egiten direla bere proposamen horren garapenean.
Euskal nazioaren osagarriak subjektiboak eta objektiboak dira batera. Euskal nortasuna sentimendua da, jakina, herri baten partaide izatearen sentipen sakona, herri honen historia luze eta latzaren gaurko katebegi izatearen konbentzimendua eta harrotasuna. Maitasuna da, bai, baina zeri maitasuna, modu zehatzean? Euskal Herriak bere berea duen euskarari, lehenengo eta behin. Gure nazioaren ardatz eta bizkarrezur dugun nazio hizkuntza beti zigortu eta beti bizi honi. Eta euskararen lurraldeetan hil eta bizi diren herritarrei, gure moduko euskaldunak mendeetan zehar. Ikusi, bestela, Irulegiko eskuko mezuak hedatu eta azaleratu duen zorion uhin zabala euskal populuan.
Zabaloren artikulu horretan, aldiz, akats analitiko larriak nabarmentzen dira. Larrienetakoa da euskal nazioa ulertzeko modu «berri» horretaz ari denean, «euskarari emandako zentralitatea galtzea ekarriko duela» iradokitzea. Gure nazio osagarri nagusia lausotzea proposatzen duenean, zer jartzen du, orduan, horren lekuan? Euskal estatu zehaztugabea, Euskal Herrian kokatzen duena, bertan bizi diren guztien erabaki demokratikoz sortua. Eta zein da hori sortzeko motibazio nagusia? Zabalok dioenez, «hobeto bizitzea» (sic).
Tamalgarria da baina Julen Zabaloren artikulu hori euskaldunok bizi dugun errealitatetik kanpo eraikitako fabulazio antizientifikoa da. Berak artikuluan aipatu ere egiten ez dituen arren, gaur euskal nazio zigortu eta ezindu honen gainean bi nazio indartsu, menderatzaile gordin eta (hauek bai) esentzialista negazionista ditugu: nazio espainiarra, nazio frantziarra. Horiek biek ez dute beren nazioa ulertzeko modua aldatu, ez eta aldatuko: gu guztiok nazional espainiar edota frantziar egiten gaituzte dekretuz, eta puntu. Beraien hizkuntzak derrigortu, eta puntu. Zabalok aipatu ere egiten ez duen errealitate gordin horretatik ondorioztatzen dira zenbait prozesu, azken hamarkadetan modu zientifikoan oso ondo aztertu ditugunak, eta diagnosi zehatza egiteko balio digutenak: espainiar-frantziar nazio horien eta euskal nazioaren artean gertatzen diren benetako harremanak kulturan, politikan eta eguneroko bizitzan. Horrela dakigu gaur egun zer diren interferentzia, minorizazio prozesua, hizkuntza eta kultura ordezkatzea, hizkuntza nagusitu inposatuen interposizioa, diskurtso publikoen izaera nahaslea (hala nola «elebitasuna» dioenean zer dioen benetan), botereen soziologia eta biolentzia sinbolikoa, eta abar.
Labur esanda, gure errealitatearen azterketa zientifikoak soziolinguistikaren arloan, historiaren lanketan, nazioarteko zuzenbidearen ezagutzan, zientzia politikoen araketan frogatu digutena zera da: nazio-estatu espainiar eta frantziarraren eta gure euskal nazioaren arteko harremana ez da demokraziaren arauetan kokatzen den harreman harmoniatsua; gaztelerak eta frantsesak euskararekin dituzten erlazioak ezin dira «elebitasuna» deitzen den fabulazio horretan kokatu.
Orain pairatzen dugun errealitate horren aurrean, diskurtsoak ez dira neutroak, Julen Zabalorena ere ez. Ezin direlako errealitate horiek aipatu ere egin gabe etorkizun hipotesi berriak eraiki. Era horretako diskurtsoen ondoren jarrera aldaketa esanguratsuak gertatzen ari dira: euskal abertzaletasuna edota naziogintza lausotu egiten direnean, estatuaren jokabidea balizko «gobernu progresisten» jokoen atzean ezabatzen denean eta «aukera leihoak» aipatuz haiekiko aliantza jarraituak osatzen direnean, estatu-nazio espainiarra indartzen da eta euskal nazioa ahuldu. Horra hor diskurtso eta jarrera erratuen ondorio latza. Joxe Azurmendi gure filosofo eta irakasle bikainak modu oso adierazgarrian definitu zuen era diskurtsibo hori: «Hasieran nazionalistak ginen… Gero, nazionalismoa itsusia zela eta, abertzale bihurtu ginen… Orain, abertzaletasuna aski polita ez eta independentista ez-nazionalista eta ez-abertzalea izan behar da… Beti erretiran».
«Baina egin daiteke besterik?», galdetuko digute taktikazale zaharberri horiek. Bai, egin daiteke eta ari gara. Euskal nazioak bere osagarri nagusiak defendatu eta trinkotu behar ditu estatu-nazio bi horien erasoetatik defendatuz. Euskal naziogintza berritua abian da, eta Euskal Herria bere osotasunean egiten du subjektu subjektibo eta objektu objektibatua. Naziogintza berritu horrek eramango gaitu Euskal Herriaren iraupen segurura, eta bide horretan lortuko dugu euskal estatu berria, euskal nazio demokratikoaren antolakunde osatua.
Inork ez digu aginduko gure herria nortzuk garen eta nolakoa nahi dugun. Euskal Herria maite dugun guztiok gaude lan horretara deituta. Nazio demokratikoa antolatuko dugu, eta hasi gara lan horretara batu gaitezkeen guzti-guztiok zerrendatzen eta saretzen. Elkarlanean eta auzolanean. Euskal hizkuntza, euskal hezkuntza eta are gehiago euskal kultura polisistema bere osotasunean abiatu nahi dugu, eta hori izango da euskal nazio berrituaren paradigma eta bizitza-eremua. Euskal naziogintza berritua abian da.
Naiz