Aritz Ibarra: «Gasteizko hura ez zen lehen defentsa izan, ezta azkena ere»

Gasteiz 1200, defentsa amaigabea’ duela hamar mende hiriak jasandako setioaren, erresistentziaren eta konkistaren kontaketa ilustratua da. Aritz Ibarra gasteiztarrak plazaratu du, Fernando Sanchez Aranaz historialariaren, Nabarralde Fundazioaren eta Martin Ttipia Kultur Elkartearen laguntzarekin.

Elkarrizketa: Aritz Ibarra (Komikilaria)

Aritz Ibarra. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Herri konkistatuen historian, okupatzaileen bertsioa gailendu ohi da. Gaztelarenak dira Nafarroako Erresumako mendebaldea konkistatu zueneko agiri gehienak, eta horiexek ematen dute «Gasteizen setioaren iraupenaren,  gasteiztarrek jasan zuten gosete ikaragarriaren eta haren aurrean Nafarroako erregeak egin zuenaren edo egin ez zuenaren berri». Iturri horiek eta beste batzuk baliatuta, gasteiztarrek zazpi eta bederatzi hilabete bitartean eutsi zioten erresistentzia eta Gaztelaren konkista hura ilustratu ditu Aritz Ibarra Agirrezabalek (Gasteiz, 1992) ‘Gasteiz 1200, defentsa amaigabea’ komikian, Fernando Sanchez Aranaz historialariaren, Nabarralde Fundazioaren eta Martin Ttipia Kultur Elkartearen laguntzarekin.

Nola sortu zen historiako pasarte hori argitaratzeko ideia? Hasieratik komikia egiteko asmoa zenuen?

Martin Ttipia elkarteko kidea naiz. Gasteizko elkarte txiki horrek Nafarroako historia bere osotasunean lantzea du xedea, gertakari hori bereziki. Norabide horretan, 2017an Gasteizko alde zaharrean antzerki erraldoia antolatu zuten elkarteko zenbait kidek, eta komikia nolabait gertakari hori ezagutarazteko bigarren urratsa izan da. Formatu aproposa iruditu zitzaigun, datuz jositako ohiko historia liburuak baino erakargarriagoa. Eta ni marrazkilaria izanda, halako erronka bati aurre egiteko gogotsu nenbilen.

Garai hartako gasteiztarrak omendu beharrean ginen. Denok dakigu historiaren kontakizuna garaileek kontrolatzen dutela, horregatik da horren ezezaguna gaur egun gasteiztar haien balentria. Guri zegokigun egoera iraultzea eta haien jarrera eredugarria ezagutaraztea.

Izenburuko «defentsa amaigabe» horrek zer esan nahi du, oraindik ere badirauela defentsa horrek?

Hala da. Garai hartako eta egungo errealitateen arteko ezberdintasunak begi bistakoak badira ere, orduko gasteiztarren erresistentzia euskaldunon biziraupen borroka historikoan kokatzen dugu. Ez zen lehen defentsa izan, ezta azkena ere. Zorionez, burujabe izan eta munduko beste herrien pare bizitzeko borondateak oraindik bizirik dirau euskaldunon artean. Horri erreferentzia egiten dio komikiaren izenburuak.

Diozun moduan, historiako pasarte ezezagun samarra da, baita Gasteizen bertan ere. Gainera, ez dago horren gaineko datu askorik…

Bai, hala da. Gure historiako pasarte askorekin gertatzen den bezala, okupatzaileen bertsioa da iritsi zaigun bakarra. Gaztelarrak dira gertakari horren inguruan argitara atera diren agiri garaikide gehienak. Horiei esker dakigu setioaren gutxi gorabeherako iraupenaren, gasteiztarrek jasan zuten gosete ikaragarriaren eta haren aurrean Nafarroako erregeak egin zuenaren edo egin ez zuenaren berri.

Bestalde, setioaren aurreko azken agiri nafarrei esker dakigu Martin Ttipia izan zela garai hartan Gasteizko tenentea. Hau da, berak kudeatu zuela hiribilduaren defentsa.

Nola dokumentatu zara, edo norekin?

Zorionez, Fernando Sanchez Aranazek eta Iñigo Larramendik bildu dute informazio guztia. Gaiari buruz argitara atera diren agiri guztiak ongi ezagutzen dituzte, eta horrek lasaitasun handia eman dit kontakizuna garatzeko momentuan. Edozein zalantza izan dudanean, beraiei idatzi eta segituan hori argitzeko dokumentu mordoa bidali dizkidate. Normalean, eskatutakoa eta askoz gehiago ere [barrez].

Kontaketa historikoa da, baina fikzioa ere bai. Zer du gehiago, fikziotik edo gertakari historikotik?

Lehen esan bezala, gertakari horren inguruan dugun informazioa ez da asko. Guk kontakizuna osatzeko argitara atera diren datu guztiak baliatu eta hutsuneak modu zentzudunean bete ditugu. Agiri garaikide horietan, adibidez, gutxi hitz egiten da herri xeheaz, eta guk harengan jarri nahi izan dugu fokua, bera izan baitzen historia horretako benetako protagonista. Ez dakigu zehazki nola bizi izan zuten egoera latz hura; argi dagoena da okupatzaileen lehen erasoaldiak eten zituztela eta gosete ikaragarria jasan zutela nafar gisa jarraitzeko.

Komikiak edo kontakizunak badu abesti bat ere, ezta?

Bai. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan kontakizunari soinua jartzea. Komikian kontatzen den gertakaria latza da eta bere gordintasunak irakurlea goibeldu dezake. Gure asmoa kontrakoa da, ordea, gasteiztarren erresistentzia nabarmentzea, irakurlearentzat pizgarria izan dadin, eta abestiaren laguntzarekin ere transmititu nahi izan dugu hori. Kaleko Urdangak taldeari proposamena egin nien eta segituan onartu zuten. Beraiek ere musikaren bidez dihardute euskaldunon historia ezagutarazten, oso txukun gainera. Hekthor folk musikari gasteiztarrak ere abestian parte hartu du. Harrera oso ona izan du abestiak, eta gure mezua zabaltzea lortu duela uste dut.

Zure lehen komikia da. Noiztik marrazten duzu?

Beti gustatu zait marraztea. Umetan marrazki bizidunak ikusi, komikiak irakurri eta marraztu besterik ez nuen egiten. Nerabezaroan, denboraldi luze batez alde batera utzi nuen ohitura hori, umeen kontuak zirelakoan edo. Zorionez, duela urte batzuk berriro ekin nion eta, nire buruari gero eta erronka handiagoak jarriz, trebezia irabazi ahala eta bidean kontziente izan gabe, nire txikitako ametsa bete dut, komiki bat egin dut.

Historiarekiko jakin nahia noiz piztu zitzaizun?

Egiazki, duela bost urtera arte-edo historia niretzat ikastolako irakasgai bat besterik ez zen. Euskal Herriaren gaineko ezagutzan sakondu nahiak eraman nau gure herriaren eta beste guztien historia arakatzera. Gure herriaren eta munduaren egungo egoera ulertzeko ezinbestean iraganera egin behar dugu. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta galdera gehiago sortzen dira. Eta orain amaierarik gabeko ikerketa horretan murgilduta nago.

Komikia egiteko prozesu osoan, zerbait gertatu zaizu bereziki zaila? 

Informazio bilketaz ez naiz ni arduratu, eta gidoia nahiko bideratuta zegoen hasieratik; beraz, zentzu horretan lasai aritu naiz. Marrazkiei dagokienez, pentsa zitekeen Nafarroako irudi garaikideak aurkitzea izan dela lanik gogorrena, baina ez da hala izan. Iruñeko Biblia, 1197koa, ilustrazioz ugaria da eta baliagarria izan da herritarren, soldaduen eta erregeen janzkerak marrazteko. Gasteizko hiribildua marrazteko, ordea, Santa Maria Katedrala Fundazioak egindako maketak baliatu ditut. Gutxi asmatu behar izan dut, beraz.

Zailena, zalantzarik gabe, paisaiak eta kokapenak marraztea izan da. Orain arte marrazki solteak egin ditut, pertsona konkretuena. Komiki bat egiteak egoera, perspektiba eta kokapen ezberdin asko marraztera behartzen zaitu, eta zure konfort gunetik ateratzera, ondorioz.

Eta errazena edo, hobeto esanda, nahiz eta erraza ez izan, gustukoena zer izan da?

Garaiko okupazio militar batek izan zezakeen gordintasuna nire marrazkiekin islatzen ahalegindu naiz. Hori izan da erronka motibagarriena agian. Herri honek jasandako konkistez ari garenean ere, zaila egiten zaigu hauek eragin zuten sufrimendua imajinatzea. Irudi gutxi dago horren inguruan. Eta gertakari hauek era pedagogikoan landu direnean ere, umeengana iristeko asmoz edo, iruditeria asko infantilizatu dela iruditzen zait. Herrien historia, are gehiago herri zapalduona, ez da Walt Disney izan, eta pasarte hau era ezberdin batean kontatu behar zela iruditzen zitzaidan.

Durangon egon da komikia; nolako harrera izan du? Orain Euskal Herri osoan zehar aurkezteko asmoa omen duzue.

Bai. Durangon izan gara, Nabarralderen postuan. Irakurleekiko harremana aurrez aurre bizi nahi nuen eta egunero han egoteko erronka hartu nuen nire gain. Oso pozik nago izandako harrerarekin.

Gure asmoa da gertakari hau ezagutaraztea eta euskaldunon oroimen kolektiboan txertatzea. Aurkezpena eskualde guztietara eraman nahi dugu; proposamen politak jaso ditugu dagoeneko. Espero dut laster Ipar Euskal Herrian ere aurkezteko aukera izatea. Badirudi gertakari honekiko jakin-mina piztu dela, gazte askoren artean ere bai, eta kontakizun ofizialean sortutako arrakala hau baliatuko dugu.

Naiz