Olatz Arrietak barkatuko ahal dit bere artikulu bat hizpide hartu izana (Ukrainaren hautagaitza, BERRIA, 2022-06-28) hizkuntza politikaren baratzean dauden ale batzuk jorratzeko. Horretarako abiapuntu bakarra bururatzen zait: kazetariaren hitzak oinarritzat hartzea ezer jorratzen hasi aurretik.
«Errusiera indar inperialistaren eta okupatzailearen hizkuntza ofiziala da. Ingelesa, frantsesa edo gaztelera izan diren bezala. Albiste pozgarria da, hainbat urtetan zapalduta egon ondoren, ukraineraren erabilera bultzatzea. Hori egiteko beste hiztun batzuen eskubideak murriztea, ez».
Ingelesa, frantsesa eta gaztelera indar inperialisten eta okupatzaileen hizkuntzak izan dira. Eta orain zer dira? Orain errusiera soilik ote da ba inperio eta nazionalismo espantsionistaren hizkuntza? Norbaitek lagunduko al digu korapilo hau askatzen? Alegia, nazio batek noiz uzten dio indar inperialista eta okupatzaile izateari? Denbora ote dugu hemen ere zaurien sendagarri? Alegia, iraganean egindako bidegabekeriak barkagarriak diren bitartean, gaurkoak ez? Badirudi atzoko hizkuntza inperialismoa eta kolonialismoa iragana direla, eta egun ezarria dagoen statu quo soziolinguistikoa ezin dela irauli, era horretan «hiztun batzuen eskubideak murriztu» egiten direlako.
Hori ez ote da, ordea, iraganeko zapalkuntzaren ondorioak gaurko zapalkuntzaren baldintzetan deszifratu nahi ez izatea? Atzoko giza eskubide urraketa soziolinguistikoek barkakizuna hautematea eta gaurkoek ez, alegia. Jakin badakigu zer gertatu den iraganean gehiengo linguistiko izandako jatorrizko herri batzuekin. Orain gutxiengo bihurtu direla nazionalismo espantsionista medio. Eta nazionalismo espantsionistaren ondorioz gehiengo izatetik gutxiengo bihurtu direnen egoera soziolinguistikoa iraultzeko eskubidea ez onartzea ez ote da indar okupatzailearen kontakizuna zuritzea? Hori ez da Ukrainan bakarrik gertatu, euskaldunoi eta jatorrizko beste herri menderatu askoren historia da.
«Errusiera indar inperialistaren eta okupatzailearen hizkuntza ofiziala» baldin bada gaur, denbora kontua besterik ez da izango ingelesa, frantsesa eta gaztelera bezain zilegi bihurtzea luzaro gabe. Krimea bera, horren lekuko. Garaituaren oroimen historikoa erauzi eta ezabatzen denean, garailearen interpretazioak legitimatzen dira nazio eta hizkuntza auzietan. Gaur egun, adibidez, gaztelera hizkuntza legitimoa da Hego Euskal Herrian edo Hego Katalunian. Nazio inperialisten hizkuntzak zilegi bihurtzen ditu espantsionismoaren botere bortitzak ordezkapena eta asimilazioa tarteko. Horrenbestez, Kataluniako eta Euskal Herriko Iparraldean noiz utzi zion Frantziak indar okupatzaile eta inperialista izateari? Eta Espainiak gauza bera izateari gure bi nazio zapalduon Hegoaldean? Oraina ez da iraganaren eraikuntza baizik. Gaurkoa ez da atzokoaren sorkaria besterik. Baina garaituak ez dauka historia horren kontzientziarik, presentismoak bizi du.
Oraingoan barkamena irakurleari eskatu beharko diot, Olatz Arrietaren ondoko aipua luzesteko modukoa baita.
«Ukrainak askotariko hizkuntzak eta kulturak izan ditu mendeetan, eta errusiera izan da hegemonikoa gainontzekoen kalterako. Aniztasuna mantentzea Europako Batasunera sartzeko bidean aurrera egitea da. Ukrainako Gobernua bide okerretik doa. Amnesty Internazionalek edo Europako Kontseiluaren azkeneko txostenek salatu dute gobernuak hezkuntzan, komunikabideetan eta kulturan hartutako erabaki linguistikoak diskriminatzaileak direla; kultura errusiarra, hungariarra, poloniarra edo erromaniarra duten gutxiengoek geroz eta eskubide gutxiago dituztela. Ukrainako Gobernuak ukrainera bultzatzeko hartu dituen neurriak aitzakia bezala erabili ditu Putinek errusiar hiztunen izenean esku-hartze militarra justifikatzeko. Errusiaren menpe dagoen Krimean, bitartean, tartaroen kontrako jazarpenak aurrera jarraitzen du».
Txillardegirengandik ikasi genuen hizkuntza minorizatu bat ezin dela bere onera ekarri lurralde printzipioa aplikatu ezean. Hizkuntza bati lurralde nazional bat zor zaiola bertako hiztunen eskubideak duinak izango badira. Ukraina nazio legitimoa badin bada, ez da hori Putinen iritzia, hizkuntza nazional eta ofizial bat zor zaio. Horrek ez du kentzen noski bertan bizi diren gutxiengo etnikoen eskubideak behar bezala atxiki behar ez direnik. Baina nazio lurralde batean bizi den komunitate etniko baten eskubideak ez dira eskubide nazionalen parekoak. Besterik da delako komunitate etnikoa jatorrizko nazioa izatea (Krimea, adibidez?), horrelakoetan bere eskubideak nazio ororen parekoak baitira.
Harrigarri samarra da Europako Batasunaren jokabidea eredu gisa ikustea afera honetan, haren politikaren zutabe nagusiak diren estatu inperialistek Errusiaren uztarrira biltzeko merituak ondo eginak dituztenean. Bat aipatze aldera, aipa dezagun Frantzia: estatu nazional hau ote dugu aniztasun linguistikoaren eta kulturalaren eredu? Hizkuntzen, kulturen eta herri identitateen hiltegia den Frantzia barne duen Europako Batasuna aniztasunaren eredu, beraz. Ez dago gaizki.
«Hizkuntzen eta kulturaren erabilera politikoaren inguruan gogoeta egin eta gero, ukrainarrek erabaki beharko dute kultur aniztasunaren arloan Europako Batasunaren bidea edo Errusiarena hartu nahi duten».
Errusiako Estatuaren egungo izaera behinolako inperioaren legatuak eta haren osteko sobietar sistemaren lurralde espantsionismoak ezaugarritzen badute, zerk ezaugarritzen du Frantzia eta Espainia barne dituen Europako Batasuna? Bateko totalitarismoa (Errusia) eta besteko demokrazia (Europako Batasuna) funtsean ez dira askorik bereizten arazo honetan. Nazio gatazkak tartean daudenean erregimen politiko guztietan nazionalismoaren izaera espantsionista nagusitzen da.
Berria