Federico Krutwig Sagredoren bizitza, pentsakera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du Nabarralde Fundazioak. 13 idazlek hartu dute parte, artikulu bana idatziz.
‘Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen’ liburuaren aurkezpena (Maialen Andres | FOKU)
Nabarralde Fundazioaren laguntzaz ‘Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen’ liburua argitaratu dute Federico Krutwig Sagredoren lagunek. Astelehen goiz honetan aurkeztu dute Donostiako liburutegian, liburua osatzen ibili diren 13 idazleetako lauk: Jose Manuel Ertzillak, Karlos del Olmok, Oskar Arantzabalek eta Baleren Bakaikoak.
«Krutwigen lagunak» gisa sinatu dute liburua, eta «inoiz jaso gabeko aitortza» ematea izan da beraien helburuetako bat. Baina helbururik behinena «astintzea» dela azaldu dute. Eta erreferentzia egin diote Krutwigek erabiltzen zuen esamolde bati: «Egonkinak mugiarazi nahi ditugu, uste dutenak Euskal Herriaren askapena berez etorriko dela, egonean egonda». Arantzabalek adierazi du liburua «omenaldi xume bat» dela, proiektu handiago baten zati bat, eta generoari dagokionez, «saiakera kolektibo» gisa definitu du.
Getxoko poeta eta politikariaren bizitza, ideia eta lanak jasotzen ditu kaleratutako liburuak. 13 artikuluk osatzen dute, eta horiek sei ataletan bereizita daude: biografikoak; hizkuntza, itzulpengintza eta literatura; Helenismo klasikoa, filosofia eta pentsamendua; jakintza baitha; historia eta politika; eta sozioekonomia.
Aurkezpenean parte hartu duen bakoitzak, bere artikuluan jasotako ideia nagusiak azaldu ditu, baina izan da guztiek aipatutako bat: Krutwigek ez du merezitako aitortzarik jaso. Ertzillak oso gertukoa zuen, eta azken egunera arte ondoan izan zuen, «penaz» kontatzen du euskal gizarteak eta erakundeek emandako tratua: «Bere errautsen gainera lurra bota dute, tapatu, eta hori oso mingarria da».
Gaiaren araberako artikuluak
Ertzillak hizkuntzaren inguruan idatzi du. Hasieran azaldu du pentsalariarekin izandako harreman estuak ordu luzeetako hizketaldiak «oparitu» dizkiola, beti zela atsegina eta edozeren inguruan bi-hiru orduz hizketan egoteko gaitasuna zuela, guztiz koherente. Euskara klasikoaren inguruan idatzi du Ertzillak. Izan ere, Krutwigekin batera, euskara klasikoa lantzeko lan taldean parte hartu zuen 1980ko hamarkada amaieran.
Del Olmo itzulpengintzaz jardun da, eta horren inguruko gogoetak jaso ditu bere artikuluan. Itzulpengintzan «urrezkoak behar luketen premisak» bete dituela adierazi du. Batetik, itzulpengintzaren inguruan teorizatu zuen; bigarrenik, auto-itzultzailea zen; hirugarrenik, zibernetikaren garrantzia azpimarratu izan zuen eta hori itzulpengintzaren mesedetara jartzea; eta azkenik, jatorrizko hizkuntzatik itzulia ez bada, beste bi-hiru hizkuntzetatik itzultzea.
Bakaikoak Euskal Herria ardatz hartuta ekonomiaren inguruan egindako hausnarketak jaso ditu. Nolako eredu ekonomikoa beharko lukeen Euskal Herriak, eta zein erreferentzia hartu beharko liratekeen. Eibar, Bergara, Arrasate eta Oñatiko esperientziak jaso eta berritu behar direla azaldu zuen, eta hori kontatzen duela artikuluan ere.
Azkenik, Arantzabalek Krutwigek idatzitako Vasconia liburua ekonomia politikotik berrirakurri du. Eta herri produktiboak nolakoak diren definitzen duela artikuluak adierazi du. Azpimarratu du etengabe zuela presente «herri zapaldu» izaera, eta ondorioz, Euskal Herriaren ardatza «beti presente» zeukala.
Krutwigen lagunak
Nabarralde Fundazioaren eskutik argitaratu dute liburua, Krutwigen inguruko eta lagunek; bakoitzak bere alorrean izandako hizketagai, ikerketa edo azterketekin. 13 izan dira parte hartzaileak: Agnès Caers, Alejandro Zobaran, Xabier Amuriza, Jose Manuel Ertzilla, Karlos del Olmo, Georgios Karakasis, Xabier Renteria, Inhar Agirrezabal, Joseba Arruabarrena, Aitzol Altuna, Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa eta Vicente Huici.
Naiz