Kultur paisaiak

Dentistarenean izan zen, itxarongelan. Bost urteko iloba urduri zegoen oso, eta urduritasunak uxatzeko jolasen bat asmatu behar. Musika sintoniaren bat jarrita zegoenez, hauxe proposatu nion: «baietz neuk igarri lehenago zein hizkuntzatan ari diren». Eta baflea seinalatu nion. Arreta kantuetara desbideratu zuen ilobak, eta arindu zitzaion pittin bat urduritasuna. Poz txikiak ere hartu zituen, hizkuntza azkar samar igartzen zuelako: «erdara!», «erdara!», «erdara!»… Halaxe ibili ginen dentista-gelara eraman zuten arte. Lasaixeago joan zen.

Dentistarenetik irten, eta trena heldu artean berrogei minutu luze genituenez, eta hotzak jota geundenez, kafetegi batean sartu ginen. Ahobiziek hartu gintuzten barraren beste aldean, eta zerbait beroa hartuta eseri ginen mahaian. Bafleak seinalatu zizkidan ilobak, artean ahoa erdi lokarturik zuela, jolasari ekiteko: «erdara!», «erdara!», «erdara!»… Halako batean, muturra okertu zuen, eta harriduraz begiratu ninduen: «zergatik kantatzen dute guztiek erdaraz? Ze arraroa…». Ilusioa egin zidan ilobaren ezinegonak, ilusioa egin zidan gizarte arau edo joera nagusien aurrean oraindik ere begirada arroztua zuela ikusteak. Eta ezinegon horrek hartu ninduen neu ere, enegarrenez, kultur paisaia erdaldunak eraikitzea naturalizatu izanaren beste erakusle bat baino ez zelako: ahobiziek kudeaturiko gune batean, kultur paisaian ahobiziek eta belarriprestek espaziorik ez.

Erdal kultur paisaiak elikatzearen joera bizia ez da kasualitate huts, hizkuntza politika eta kultura politika jakin batzuen emaitza baizik. Oraintsu arte, duela gutxira arte, ez diete kultur politikei erreparatu hizkuntza politiken inguruko estrategia eta diskurtso gehienek (izan erakunde publikoek hedaturikoek izan herrigintzatik sorturiko erakunde edo jardun ugarik sustaturikoek). Orain arte, gehientsuenetan errail bakarreko bide izan dira, gurutzatu izan ez direnak, eta estrategia komunak eta diskurtso komunak adostu ez dituztenak. Bitxi egiten da hori, zail baita pentsatzea hiztun komunitate bat biziberritu daitekeenik kultur sorkuntzarik gabe, kultur bizitzarik gabe, kultur erritualik gabe, kultur eztabaidarik gabe, kultur tentsiorik gabe… Kultur paisaietan (eta oro har, kultur bizitzan) gorpuzten diren hizkuntza praktikek eta hizkuntza oihartzunek eragin bizia dute geure barne marmar linguistikoan, geure afektuak eraikitzeko moduan, geure mundu sinbolikoak hitzartzean, geure komunitateetako erreferenteak hautatzeko unean… Hau da, kultur paisaiek eta kultur bizitzek egunero zeharkatzen gaituzte, eta eragina dute hiztun komunitatearekiko geure atxikimenduan (edo atxikimendu ezan).

Badugu zer hausnartua eta zer pentsatua elkarrekin, hizkuntza politikaren eta kultura politikaren errailak gurutzatzeko dinamikak eraikitzeko eta adosteko. Epe laburrean akaso ez dugu lortuko kultur paisaiak eta kultur bizitzak nahi bezainbeste eraldatzea, baina, eragin dezagun lehenbailehen heldua egitea ez dadin lotu neure ilobaren arroztasun eta harridura sentimendu hori itotzearekin. Ez dadin lotu erdal kultur paisaiak naturalizatzearekin.

Berria