Aritz Ibarra: “Gertakari epiko hau euskaldunon oroimen kolektibora gehitu nahi dugu”

Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzaile gasteiztarra. / Argazkia: MIKEL BURUAGA

Aritz Ibarra ilustratzaileak Gasteiz 1200, defentsa amaigabea eleberri grafikoa aurkeztuko du ostegun honetan Montehermoso Kulturunean. Urte eta erdiko lanari esker, hiri nafar bat zenaren setioa, erresistentzia eta konkista birsortu ditu komikian.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak programak sustatutako Batera deialdiaren aurtengo edizioa irabazi zuten proiektuetako bat da Gasteiz 1200, defentsa amaigabea. Fernando Sanchez Aranaz historialari eta gidoilariaren, Nabarralde Fundazioaren eta Martin Ttipia Kultur Elkartearen laguntzarekin, Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzaileak (Gasteiz, 1992) buru-belarri marrazten eman ditu azken hilabeteak.

Azkenik, labetik atera berri, azaroaren 17an, ostegunean, bere lanak argia ikusiko du, 19:00etan Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan eta Donostiako Okendo Kultur Etxean egingo dituzten lehen aurkezpenekin.

Gasteiz, 1200. urtea. Zer gertatu zen?

1199 eta 1200 urteen artean, Gaztelako Erresumak Nafarroako mendebaldea okupatu zuen. Garai hartan, Gasteiz eremu horretako gotorleku nagusia zen, eta bertakoek gaztelarren ofentsibari aurre egin zioten, hiribilduaren kontrola mantenduz. Horren ondorioz, erasotzaileek setioari ekin zioten, bertara elikagaiak eta ura sartzea galaraziz. Hala ere, nafarrek ez zuten amorerik eman. Bitartean, Antso Azkarra musulmanen lurraldeetara abiatu zen laguntza bila, baina alferrik. Zortzi edo bederatzi hilabete luzeren ostean, egundoko gosetea jasan ondoren, eta errefortzuak jasotzea ezinezkoa zela ikusirik, gasteiztarrek amore eman behar izan zuten.

“Garai hartako gasteiztarrak omendu eta beren duintasun eta balentria ezagutarazteko beharrean geunden”

Zergatik zen beharrezkoa kontatzea?

Garai hartako gasteiztarrak omendu eta beren duintasun eta balentria ezagutarazteko beharrean geunden. Denok dakigu historia garaileek idazten dutela, eta garaituei beren kontakizuna ezartzen dietela. Guri dagokigu, beraz, inposatutako ahanzturari aurre eginez gasteiztar haien jarrera eredugarria mahaigaineratzea. Munduko nazio guztiek, burujabe direnek batez ere, ahalegin handia egiten dute beren iraganeko heroiak oroitu eta gorentzeko. Historia oso baliagarria baita nazio baten autoestimua hauspotzeko eta komunitatea sendotzeko. Horregatik gehitu nahi izan dugu gure iraganeko gertakari epiko hau euskaldunon oroimen kolektibora.

Historiatik istoriora: nola bihurtu duzue gertakari historikoa kontakizun?

Ez da asko gertakari honen inguruan dugun informazioa. Dakiguna, oro har, gaztelarren agirietatik ateratakoa da. Guk datu historiko horiek baliatu ditugu gure kontakizuna osatzeko. Agiri garaikide horietan, baina, gutxi hitz egiten da herri xeheaz, eta guk berarengan jarri nahi izan dugu fokua; herritar xumeak izan baitziren historia honetako heroiak. Ez dakigu zehazki nola bizi izan zuten egoera latz hura; argi dagoena zera da: okupatzaileen lehen erasoaldiak eten zituztela, eta gosete ikaragarria jasan zutela nafar izaten jarraitzeko. Beraiek dira erresistentzia honen protagonistak, eta halaxe kontatu dugu. Kontakizunari amaiera itxaropentsu bat ematen saiatu gara ere, oroimen ariketa hau irakurlea suspertzeko baliagarria izan dadin. Gasteiztarrek jasan behar izan zutena eta horren ondoriak latzak dira, ordea. Ez dago erraz. Lortu izana espero dugu.

“Gutxi hitz egiten da herri xeheaz, eta guk berarengan jarri nahi izan dugu fokua”

Nolakoa izan da gidoia irudietara eramateko prozesua?

Erronka polita izan da, nire burua probatzeko aproposa. Komiki baten gidoian agertzen diren eszena mordoak, marrazkilari bezala, zure konfort gunetik ateratzera behartzen zaitu, orotariko jarrerak, anguloak, paisaiak eta eraikinak marraztu behar baitituzu. Oro har, eroso sentitu naiz guztiak marrazten, eta esan beharra dut Fernandok askatasun handia eman didala nahi nituen pasarte eta irudiak kontakizunera batzeko. Lan kargaren aldetik batzuetan gogorra izan bada ere, asko gozatu dut prozesuaz, eta orain emaitzaz.

Zer teknika erabili duzu?

Ez dakit zenbat teknika mota dauden halako lan bat egiteko. Nik dakidan bakarra erabili dut. Paperean eskuz marraztu, tintaztatu, eskaneatu eta ordenagailuz koloreztatu.

Non topatu duzu inspirazioa?

Suposatzen dut txikitatik ikusi ditudan marrazki bizidun, komiki, telesail eta pelikula guztiek eragina izan dutela nire marrazteko estiloan. Edozein kasutan, esan beharra dut komiki honek nire “behin betiko” estiloa zehazten lagundu didala.

 

“Garrantzitsua iruditzen zitzaidan narrazioa Kaleko Urdangak taldearen indarrarekin uztartzea”

Zer aurkituko dute aurkezpenetara hurbiltzen direnek?

Proiektuan parte hartu dugun lagunen ekarpenak entzun ahalko dira, baita zalantzak argitu eta komikia zein soinu-banda eskuratu ere. Gasteizko aurkezpenaren kasuan, aurkezpenaren ondoren luntxa egongo da Falerina Tabernan. Giroa bermatuta dago.

Soinu-banda eta guzti, e?

Garrantzitsua iruditzen zitzaidan kontakizunari soinua jartzea, eta, eleberriaren gordintasunak irakurlea goibeltzeko arriskua duenez, hori iraultzeko narrazioa Kaleko Urdangak taldearen indarrarekin uztartzea. Beren ibilbidean zehar euskaldunon historiaren pasarte asko landu dituzte, oso era txukunean gainera. Proposamena luzatu nien, eta segituan beren prestasuna adierazi zuten. Hekthor folk musikari gasteiztarrak ere abestian parte hartu du. Plazer bat izan da beraiekin elkarlanean aritzea, eta oso pozik geratu naiz emaitzarekin. Beren ekarpena ezinbestekoa izan da proiektu hau osatzeko. Ostegunean komikiarekin batera kaleratuko da abestia, eta aurkezpenetan EP formatuan fisikoki eskuratzeko aukera izango da ere.

“Durangoko Azokan egongo gara, eta gure asmoa komikia Euskal Herri osotik mugitzea da”

Nola erosi ahal izango da komikia?

Ostegunetik aurrera, gasteiztarrek Zuloa komiki dendan eskura dezakete, 20 euroko prezioan. Hurrengo egunetan, azaroaren 18an eta 19an, Hernanin egongo gara ere, Hernanikomik komiki azokan; hilaren 25ean, Algortan; abenduaren 1ean, Iruñean; eta 7tik 11ra, nola ez, Durangoko Azokan. Salmenta puntuak zehazteke daude oraindik, baita aurkezpen asko ere. Gure asmoa datozen hilabeteetan komikia Euskal Herri osotik mugitzea da. Bide batez, aurkezpenak antolatzeko proposamenak jasotzen ari gara martinttipiake@gmail.com helbidean.

Eta ondoren zer, atseden bat hartuko duzu?

Hemen ez dago atsedenik, kar-kar! Komiki honen gidoian ekarpen batzuk egiteko aukera izan dut, eta kontatu nahi izan dudan oro marrazteko gai izan naizela ikusteak nire sormena piztu du. Komikien bidez istorioak kontatzera animatu naiz. Gai asko ditut buruan dagoeneko. Gidoi bat ongi garatzen ikasi nahi dut lehenik, eta horrekin jarri naiz dagoeneko. Herri honek estalita dituen gertakari asko kontatu nahi ditut, baita nire irudimenetik ateratako zenbait istorio ere. Lan honen emaitza ikusteak izugarri motibatu nau.

“Kontatu nahi izan dudan oro marrazteko gai izan naizela ikusteak nire sormena piztu du”

Entzun dut Paul Urkijoren zale amorratua zarela, eta Irati ikusteko irrikaz zaudela…

Bai, Paul Urkijo miresten dut, eta bere film berria ikusteko desiatzen nago. Oso gustuko dut istorioak kontatzeko duen era eta horiek hautatzeko duen ausardia. Euskal Herriaren alde lan handia egiten duela iruditzen zait, eredugarria da. Halako asko behar ditugu.

Zure komikian oinarritutako film bat ikusi nahiko zenuke?

Kar-kar-kar! Noski baietz! Gauza handia litzateke hori… Handiegia! Zer gehiago eska nezake?

 

https://alea.eus/gasteiz/1668533367655-aritz-ibarra-gasteiz-1200-defentsa-amaigabea-eleberri-grafikoa