Kirol anitz, kolore bakarrak

Kirol Anitzeko Europako Txapelketan Euskal Herriko elastikoa eramatea debekatu nahi dute

Ezkerretik, Juan Martin Elexpuru, Oihana Azkorbebeitia, Oier Arostegi —zutik— eta Patxi Gaztelumendi. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bihartik aurrera, Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketa egingo dute Bizkaian. Triatloiaren arloko probarik garrantzitsuenetako bat da, eta ia 3.000 kirolarik parte hartuko dute, sei kirol diziplinatan: duatloia, duatloi krosa, akuatloia, triatloi krosa, aquabikea eta distantzia ertaineko triatloia. Europa osoko kirolariak etorriko dira Euskal Herrira txapelketan parte hartzera, baina antolatzaileek iragarri dute nork bere estatuko elastikoa eraman beharko duela, eta hori egin ezean deskalifikatu egingo dituztela.

Gainera, neurriak ez die eragingo eliteko kirolariei bakarrik; proban parte hartu nahi duten euskal kirolari amateurrek ere Espainiako edo Frantziako elastikoa jantzi beharko dute. Horrek ezinegona sortu du zenbait kirolariren artean, eta Gu ere bai! euskal selekzioen aldeko plataformak agerraldia egin du Bilbon, ezinegon horri bidea emateko.

Juan Martin Elexpuru idazle eta itzultzailea Antxintxika triatloi taldeko kidea ere bada, eta izena eman du Europako Txapelketa horretan parte hartzeko, duatloian. Esan duenez, «iraingarria eta umiliagarria da Euskal Herriak antolatzen eta ordaintzen duen txapelketa batean horrelako baldintza bat ezartzea».

Haren iritziz, antolatzaileek baimendu beharko lukete euskal kirolariek «euskal selekzioarekin eta janzkera propioarekin» lehiatzea, edo, besterik ezean, nork bere klubeko elastikoa edo besteren bat janzteko aukera eman.

Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkariak dei egin die txapelketa sustatu eta babestu duten instituzioei, hots, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari, eta «indar egiteko» eskatu die «bidegabekeria hau gauza ez dadin». Alderdi politikoei, triatloi federazioei eta kirol taldeei ere egin die eskaera bera.

Euskal kirolari gutxi

Triatloiaren arloko modalitateek jarraitzaile asko dituzte Euskal Herrian. Asko dira kirol mota hori egiten dutenak eta federazioetan izena emanda dutenak. Hala ere, parte hartzaileen zerrendei erreparatuz gero, euskal kirolari gutxi daudela ikusi dute Gu ere bai! plataformakoek, eta Kataluniatik ere espero baino gutxiagok eman dutela izena. Plataformakoen iritziz, Espainiako elastikoa janztera derrigortzeko erabakia izan daiteke parte hartze urriaren arrazoietako bat.

Gu ere bai! plataformako Patxi Gaztelumendik esan duenez, «zer pentsatua» ematen du horrek: «Asko hitz egiten da horrelako probek ekartzen dituzten onurez, eta ukaezina da onurak ekartzen dituztela, baina oraingoan gure kirolariei inposizioak kalte baino ez die ekarri».

Edonola ere, Gaztelumendik iragarri du euskal kirolari batzuek badutela lehiaketan parte hartzeko asmoa «Euskal Herriko koloreak eramanez», eta plataformak sostengua emango diela: «Gu beti ateratzen gara gure kirolarien alde, kirol proba guztietan. Oraingoan ere, zenbait kirolarik gure koloreekin lehiatzera ateratzeko borondatea agertu dute, eta guk babestu egingo ditugu».

Probak bihar hasiko dira, eta irailaren 24ra arte iraungo dute. lau lekutan egingo dituzte: Bilbon, Balmasedan, Urdaibain eta Getxo eta Portugalete artean. Gu ere bai! plataformak dei egin die herritar guztiei bihar, 09:00etan Bilboko Itsas Museoaren aurreko zabalgunera joateko, handik abiatuko baita duatloi lasterketa, eta elastiko propioa eramango duten euskal kirolariak ere hantxe egongo baitira: «Espero dezagun zentzua nagusituko dela eta parte ahal izango dugula beste guztien baldintza berdinetan». Geroago, 10:00etatik aurrera udaletxetik amaiera arteko tartera joateko deia ere egin dute.

Herenegun, txapelketa aurkezteko ekitaldia egin zuten batzorde antolatzailea osatzen duten Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Triatloi Federazioak. Ekitaldi horretan, Gu ere bai! plataformako kideek pankarta bat zabaldu zuten, euskal selekzioen ofizialtasuna eskatu eta Espainiako edo Frantziako elastikoarekin lehiatzeko «inposizioa» salatzeko.

EH Bildu koalizioak bat egin du aldarriarekin, eta herritarrei dei egin die kalera jo dezaten «euskal selekzioei babesa emateko». Jone Goirizelaia zinegotziak nabarmendu du txapelketa «selekzioen arteko lehiaketa» izan ez arren, antolatzaileek «piperpotoa edo frantsesa» janztera behartu nahi dituztela euskal kirolariak. Horren aurrean Bilboko Udal Gobernuak «ahaleginik ez egitea» deitoratu du.

Berria