Jesús Perez de Viñaspre Txurruka
Overtonen leihoa zientzia politikoaren kontzeptua da, jendeak aintzat hartu eta onartzeko prest dagoen ideia-maila adierazten duena. 1990eko hamarkadaren erdialdean sortu zen Joseph Overton Michiganeko “Mackinac Center for Public Policy” think tank estatubatuarreko ikertzailearen lanetan oinarrituta. Overtonek eremu jakin baten barruan sozialki onargarriak diren politiken “leiho” baten ideia proposatu zuen. Bere ustez, think tank-en lana ez zen zuzenean politika partikularren alde egitea, baizik eta aukeren leihoa aldatzea, aldez aurretik pentsaezinak ziren politiken ideiak, garaiko sentsibilitatearekin talka egiten zutenak, korronte nagusi bihur zitezen.
Kontzeptua
Overtonek argudiatu zuen politika jakin baten aukera-mailak ez zuela zerikusi zuzenik ezein politikariren lehentasun indibidualekin, baizik eta korronte nagusiko boto-emaileek politikoki onar ditzaketen aukeren mailarekin. Overtonek ardatz batean irudikatutako ideien mapa bat deskribatzen du, gutxi edo batere onartzen ez diren ideietatik onartuenetara doana. Leihoa tamaina aldatu edo mugitu ahala, leku jakin bateko ideia bat politikoki onargarria bihur daiteke, gehiago edo gutxiago. Ideia publikoen onarpen-mailak honako hauek dira: Pentsaezina-Erradikala-Onargarria-Arrazoizkoa-Herritarra-Politika publikoa.
Beraz, politikoki onargarriak diren emaitzen maila hori aldatu egiten da denborarekin, eta, ondorioz, Overtonen leihoak eredu gisa balio du gizartean ideiak denborarekin nola aldatzen diren eta politikan nola eragiten duten ulertzeko. Beste era batera esanda, Overtonen leihoa ikuspegi bat da, demokrazia baten barruan balizko gobernu-politiken onargarritasun-eremua definitzen duten ideiak identifikatzeko balio duena. Azken finean, iritzi publikoak onar dezakeenaren azalera erakusten du eta pentsa daitekeenaren mugak ezartzen ditu. Overtonen leihotik kanpo dauden politiken defendatzaileek iritzi publikoa konbentzitu edo hezi nahi dute leihoa mugitzeko edo handitzeko. Leihoaren aldekoek (egungo politikak babesten dituztenak), aldiz, iritzi publikoa konbentzitu nahi dute leihotik kanpo dauden politikak onartezintzat jo behar direla.
Ezaugarriak.
Funtsean, hiru dira:
1-Overtonen leihoak ez du esaten zer den ona edo zer txarra, gizarteak onartuko dituen aukeren tartea baino ez du deskribatzen.
2-Politikariek ez dute erabakitzen Overtonen leihoa non dagoen, baizik eta gizarteak definitzen du, eta agintariek haren barruan baino ez dute jarduten. Hau da, politikariak mugatuta daude babes ditzaketen ideiei dagokienez; oro har, gizartean aukera politiko legitimotzat hartzen diren politikak bilatzen dituzte, Overtonen leihoaren barruan daudenak. Bestalde, badira Overtonen leihotik at dauden beste ideia politiko batzuk ere, baina politikariek, ideia horiek defendatuz gero, herritarren babesa galtzeko arriskua dute.
3-Overtonen leihoa ez da estatikoa, aldatu eta hedatu egin daiteke, politikariek babes dezaketen ideia-kopurua handituz edo murriztuz, beren hauteskunde-babesa bidegabe arriskatu gabe. Batzuetan, politikariek beraiek mugi dezakete Overtonen leihoa, leihotik at dagoen politika ausardiaz babestuz, baina hau arraroa da. Maizago, askoz ere konplexuagoa eta dinamikoagoa den fenomeno baten arabera mugitzen da leihoa, goitik erraz kontrolatzen ez dena: gizarte-balio eta -arauen bilakaera geldoa. Aldaketa horiek, oro har, poliki-poliki gertatzen dira, baina, batzuetan, oso bat-batekoak eta ustekabekoak izaten dira.
Overtonen leihoko gauza harrigarriena da gehienetan gizabanako bat bera ere ez dela konturatzen haren existentziaz. Pentsaezinak diren aukerak ez dira ezinezkotzat jotzen egungo gizarte-arauengatik, baizik eta beren izaeragatik beragatik. Baina leihoa aldatzen denean, gauzak lehen nolakoak ziren gogoratzea ere zaila da. Overtonen leihoa beti aldatzen ari da. Baina, eskuarki, aldaketak apurka-apurka gertatzen dira, eta oharkabean igarotzeko bezain motel gertatzen dira. Baina krisi batean, bereziki pertsona askori eragiten dien eta luzaroan irauten duen krisi garrantzitsu batean, Overtonen leihoa oso azkar mugi daiteke.
Aldaketen dinamika
Overtonen leihoa aldatu edo zabaldu egin daiteke, politikariek babes ditzaketen politiken kopurua handituz edo murriztuz. Beste era batera esanda, politiken ospea eta babesa denborarekin alda daitezke. Atzoko politika erradikalak eta pentsaezinak zirenak, gaurko politika nagusiak izan daitezke.
Joseph Overtonek argudiatu zuen politikariek eta boterean zeudenek “leihoa” mugiarazteko modurik errazena jendea leihoaren mutur urrunenetan kokatutako ideiak kontuan hartzera behartzea zela. Izan ere, gizabanakoak pentsaezina den ideia bat kontsideratzera behartzeak, ideia hori arbuiatuko balute ere, hain muturrekoak ez diren ideia guztiak konparazioz onargarriak irudituko litzaizkieke, hau da, “leihoa” poliki-poliki “norabide horretan” mugituko luke. Beraz, “leihoa” alda daiteke. Ideiak pentsaezinak izatetik ohiko politika izatera pasa daitezke. Pentsaezinak lekua hartzen duen heinean, erradikal bihurtzen da. Erradikalek zarata egiten duten heinean, denborarekin onargarri bihurtzen da. Behin onargarritasunaren oztopoa zeharkatuz gero, lehen pentsaezina izan zen ideia zentzudun bihurtzen da. Eta zentzuduna dirudiena herrikoi bihurtzen da, eta horrela iritsi da, azkenean, politika izatera.
Overtonen leihoan gertatzen diren aldaketen dinamika irudikatzeko, Nikita Mihalkov zine-zuzendari errusiarrak modu probokatzailean proposatu zuen gizartean orain arte pentsaezina eta onartezina zen fenomeno baten adibidea, kanibalismoarena hain zuzen ere.
1-Pentsaezina izatetik erradikala izatera. Lehen etapa honetan, kanibalismoaren praktika moralgabetzat eta gaitzesgarritzat hartzen da gizartean. Une honetan, kanibalismoa Overtonen leihoko tolerantzia maila baxuenean dago: pentsaezina. Iritzi publikoaren jarrera aldatzeko, gaia galdera zientifiko bihurtzen da. Ordutik aurrera, aditu ezagunek kanibalismoari buruz hitz egiten dute hitzaldiak antolatuz. Gaia, beraz, ez da tabu absolutua. Jada ez da pentsaezina, eta muturrekoen talde txiki bat, kanibalismoaren aldekoa, komunikabideetan azaleratzen eta sartzen ari da. Iritzi hori erradikaltzat hartzen da, besterik gabe.
2-Erradikala izatetik onargarria izatera. Etapa honetan onarpena lortu nahi da. Azken aldian izandako aurrerapen zientifikoak kontuan hartuta, gaia irekitzearen eta berraztertzearen aurka daudenak zientziaren aurka dauden fanatikotzat hartuak izaten dira. Jargoi sasizientifiko bat sor daiteke, eta horrela, kanibalismoaren kasuan, nahiago izango da antropofagiaz (edo antropofiliaz) hitz egin. Aldi berean, kanibalismo hitzari lotutako konnotazio negatibo guztiak leunduko dira. Beraz, nahiz eta ideia oraindik ez den oso onartua, pixkanaka sartzen ari da eztabaida publikoan.
3-Onargarria izatetik arrazoizkoa izatera. Orain kanibalismoari buruz egindako judizioa eraldatu behar da. Hasiera batean onartezina den zerbait izatetik arrazoizko praktika izatera igarotzen da. Giza haragiaren kontsumoak justifikazio bat aurkitzen du; adibidez, gosete baten kasuan, portaera hori kontserbazioaren funtsezko printzipioaren bidez legitimatzen da. Gizakiak bere kontserbazioa bilatzen du, eta, muturreko kasuan, guztiaz elikatzeko gai izan behar du. Komunitate zientifikoak, komunikabideekin batera, historia antropofagia adibideez beteta dagoela erakusten duten frogak eman ditzake.
4-Arrazoizkoa izatetik herrikoia izatera. Helburua da debekatutako praktika herri-pentsamoldean txertatzea. Hori kultura zabaltzeko bideetatik pasatzen da, hala nola pelikuletatik, eleberrietatik, egunkarietatik edo baita musikatik ere. Antropofagiaren kasuan, zonbien filmek esanahi guztiz berria har dezakete, adibidez.
5-Herrikoia izatetik politika publikoa izatera. Behin gizarte zibilean errotuta, presio-taldeek ordezkaritza politikoa bilatzen dute alderdien bitartez, eta, ondorioz, legezko ordezkaritza eskatzen dute. Kanibalismoaren kasuan, beraz, legeztatze bat izango litzateke. Beraz, fase honetan leihoa errotik aldatu da, iritzi publikoaren jarrera batetik bere erabateko aurkakora pasatuz.
Overtonen eskema “igel egosiaren sindromea”-ren ildoan dago, erabilgarria baita manipulazio mentalaren itsasoan abian dagoena ulertarazteko: “gradualitasunaren estrategia”. Izan ere, neurri onartezin bat onartzeko, Overtonen eskemari jarraitzeaz gain, beharrezkoa da mailaz mailako aplikazioa bermatzea ondoz ondoko urteetan. “Igel egosiaren sindromea” analogia bat da, igel bat, bizirik egonda, astiro-astiro egosia izan daitekeela deskribatzen duena. Premisa da igela bat-batean ur irakinetan jartzen bada, berehala jauzi egingo duela, baina igela ur hotzetan jartzen bada, eta ur hori poliki-poliki berotzen bada irakiten jarri arte, ez du arriskurik hautemango, eta hil arte egosia izango da. Istorio hau, askotan, pertsonek pixkanaka sortzen diren mehatxuen aurrean erreakzionatzeko duten ezintasunaren edo borondaterik ezaren metafora gisa erabiltzen da.
Nikita Mihalkovek deskribatutako kanibalismoaren kasuan, kontzeptu horren izena aldatzea da trikimailuetako bat, digerigarriagoa izan dadin. Kanibalismo izatetik antropofagia izatera igaro zen, eta gero antropofilia. Helburua hitzaren forma kontzientzia kolektiboan duen edukitik bereiztea da. Hedaduraz, gaur egungo gerra asko bakea mantentzeko misio bihurtu dira, hau da, kanibalak orain antropofilo deitzen dira, hots, gizateriaren maitale.
Bestalde, gure garaikide gehienek uste dute gertatzen ari diren gizarte-aldaketak geldiaraz ezin daitekeen “aurrerabidearen” ondorio natural eta saihestezina direla. Argi dago azken urteetan izandako aldaketa sozial sakonak (pribatizazioak, prekarietatea, malgutzea, langabezia masiboa, errenta duinak bermatzen ez dituzten soldatak, bizirauteko gutxieneko errenta, klase ertainak desegitea, herri xehearen pobretzea, eliteen aberaste arranditsua, eta abar bezalako kontzeptuak), hainbeste aldaketa, guztiak behingoz aplikatu izan balira iraultza eragingo zuketen, eta, pixkanaka ezarria, ordea, gizarteak inolako ondoriorik gabe onartu egin zituen. Beraz, krisi deiturikoak, biztanleriak asimilatu eta gero legeztatzeko aukera ematen duten “leiho irekiak” besterik ez dira. Beste “ideia” asko tarteko fasean daude oraindik, baina egun batean “legeztatuta” aurkituko dira.
Overtonen leihoaren aldaketa garaikideak Espainiako Erresuman
Gaur egun, Overtonen leihoa funtsezko kontzeptu bihurtu da Donald Trumpen, BREXIT-aren aldekoen eta, oro har, eskuin muturreko alderdien gorakada azaltzeko. Baina gure errealitate hurbileneko egoerak azaltzeko ere balio du. Euskal Herria eta Katalunia Espainiakoaz besteko gizarteak dira, dagozkien Overton leihoen arteko ezberdintasun handiak erakusten duen bezala: leiho espainiarrean pentsaezina dena nagusi eta erdiko bihurtu da euskal eta katalan leihoetan. Ikus dezagun.
Azken frankismoan eta lehen trantsizioan, espainiar ezkertiarrek beren doktrinan Euskal Herriko eta Kataluniako herrien autodeterminazio eskubidea txertatuta zuten. Baina PSOEren onarpen ofizialekoa izatetik, hau da, Overton leihoaren erdian egotetik, kanporatu eta aipatu ere ezin diren ideien kategoriara baztertua izatera igaro zen. Euskal Herrian, autodeterminazio-eskubidea ukatzeaz gain, lurralde-auziarekin ere ukazio bera gertatu zen. Franco hil ondoren, inork ez zuen zalantzan jartzen euskal batasuna, bi mende baino gehiagoko eskaera. Alderdi guztiek, PSOEtik hasi eta ezker iraultzaileraino, baita sindikatu guztiek ere, Euskadi izena eta ikurrina zeramatzaten beren anagrametan. Euskal Herriko lurralde batasuna alderdi horien guztien “leihoaren” erdian zegoen. 1978ko lehenengo hauteskundeetan gehiengoa izan ziren Euskal Herri batu baten alde bozkatu zutenak. Nafarroak 1932an bizi izan zuen giro bera bizi zuen, udalen % 90ek euskal estatutu bateratuaren alde bozkatu zutenean. Baina Madrilek kornetina jo eta ordena ezarri zuen bere lerroetan. PSOEk obeditu egin zuen, eta euskal lurralde-batasuna Overtongo leihotik bortizki kanporatu zuten.
1981eko otsailean, Tejeroren estatu-kolpea apustu autoritario goiztiarra izan zen, baina gaur arte iristen den prozesu inboluzionista abiarazi zuen. Estatu-kolpea eman eta berehala, Espainiako alderdiek prozesu birzentralizatzaile bati ekin zioten (LOAPA), euskal eta kataluniar autonomia-estatutuen aurka egiten zuena. Ondoren, Felipe Gonzalezen gobernu sozialistak GALen gerra zikina ekarri zuen. Ondoren, Aznarren FAESek “leihoa” aldatzeko estrategia bat programatu zuen, estatu espainiarreko baliabide guztiak erabiliz, komunikabideak barne. Proiektua ez zen soilik Espainiako gizarteak lehen onartu zituen nozioak diskurtsoaren eremutik kanporatzea, baizik eta bertan urte gutxi batzuk lehenago onartezinak ziren jarrerak eta ideiak sartzea eta onargarriagoak egitea. Azkenean, hain urrun ez zegoen garai batean pentsaezina zena, estatu-politika bihurtu zen.
1998ko uztailaren 14an Auzitegi Nazionalak Egin eta Egin Irratia ixtea erabaki zuen. Urte batzuk geroago, 2003ko otsailaren 19an, eszena errepikatu zen, hartzaile desberdinekin, Euskaldunon Egunkaria ixtea erabaki baitzen. 2002an Alderdi Politikoen Legea aldarrikatu zen, eta horrek Batasuna legez kanpo uztea ekarri zuen 2003an. Harrezkero, legez kanpo utzi dira legea aplikatuz, 2003an Autodeterminaziorako Bilgunea, 2004an Herritarren Zerrenda, 2005ean Aukera Guztiak, 2007an Abertzale Sozialisten Batasuna, 2008an Eusko Abertzale Ekintza eta Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista, eta 2009an Demokrazia Hiru Milioi eta Askatasuna.
2017ko urriaren 1ean autodeterminazio-erreferenduma egin zen Katalunian, eta herritarren aurkako polizia-eraso larriak izan ziren. Jarraian, Kataluniako populazio gehienarentzat onartezinak diren hainbat gertakari jazotzen dira: ‘A por ellos’ jasanezina, Erregeak urriaren 3an emandako hitzaldi bortitza, Kataluniako gizartearen erdia baino gehiago kriminalizatzea, 155. artikuluaren legez kanpo aplikatzea, indarkeria neofrankista baimentzea, espetxeratzeak, Europako jurisprudentzia behartzeko saiakerak, altxamendu militarrerako deiak… Nola gerta liteke hori? Bada, bai jauna. Hori guztia posible izan zen, zeren eta orain Espainiako gizarteak onartu eta txalotu egiten baitu, trantsizioan eta laurogeiko hamarkada osoan zehar onartezina zena birzentralizatzeko estrategia kalkulatu baten ondorioz. Aldaketa pixkanakakoa izan zen, baina emaitza ikusgarria. World Values Survey (Baloreen Munduko Inkesta )-ren arabera, espainiarren % 40k nahiago luke erregimen autoritario bat sistema demokratiko bat baino. Nazioarteko erakunde ospetsu horrek egindako inkestaren arabera, joera hori gora egiten ari da azken urteetan Espainian, Europako herrialde gehienetan ez bezala. Espainiak “Parlamentuarekin eta hauteskundeekin kezkatu beharko ez lukeen lider indartsu bat” izatea nola baloratuko lukeen galdetu ziotenean, % 7,6k aukera “oso ona” izango litzatekeela ziurtatu zuten, eta % 31,9k “nahiko ona” zela iritzi zioten.
Kasu kopurua | % Guztira | |
Oso ona | 91 | %7,6 |
Nahiko ona | 379 | %31,9 |
Txarra | 311 | %26,1 |
Oso txarra | 233 | %19,6 |
Erantzunik ez | 12 | %13,7 |
Ez daki | 163 | %13,7 |
(Z) | 1189 | %100 |
Hautatutako lagina: España 2011 (1189)
Horrela, espainiarren % 39,5 erregimen autoritario baten alde egongo litzateke, Pakistan ( % 42) edo Nigeria ( % 48) bezalako herrialdeen antzeko datua. Inkesta 2010etik 2014ra bitarteko aldian egin zen; beraz, oso litekeena da ehunekoak gora egin izana erreferendumaren eta independentismoaren erresistentziaren ondorioz.
Gaur egun, 2022. urte betean, EAEko Autonomia Estatutua bete gabe dago oraindik, euskal herriak nazio gisa onartua izan gabe jarraitzen du. Euskal Herria zatikatua, nazio gisa ez aitortua, autodeterminazio eskubidea ukatua. Erabakitzeko eskubidea, Euskal Herriko eta Kataluniako biztanleriaren gehiengo zabal batek babestua, atzeratu eta baztertu egiten da. Estatuak gogor baztertzen du autodeterminazioa bere diskurtsotik. Espainiarentzat erabakitzeko eskubidea ez da erradikala soilik, pentsaezina eta arbuiagarria da, beraz, hitz egin ere ezin daitekeen zerbait. Ezezko borobil horrek erakusten du zein desplazamenduri egin zaion aurre Espainiako “leihoa”. Gogoratu behar da ETA aktibo zegoen garaian, estatu berak ziurtatzen zuela, indarkeriarik ezean, edozertaz hitz egin zitekeela. “España es castellanista y Madrid es España”, aldarrikatzen du harro Diaz Ayusok, gorritu gabe. Eta arrazoi izango du. Espainiako leihoaren desplazamendu hori berretsi egin da duela egun gutxi batzuk, Espainiak Saharako herriari egindako engainu eta utzikeriarekin. Euskal Herrian eta Katalunian bezala, Espainiako ezkerra saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea defendatzetik Marokoren barruan autonomia bat izatera igaro da. Eta hori gertatzen zen Espainiak bat egiten zuenean Errusiak Ukraina legez kanpo inbaditzearen aurka nazioarteko komunitateak jarritako salaketekin. Horrela, bada, Espainiak onartu eta ontzat ematen zuen beste inbasio bat, Marokok Mendebaldeko Saharara 1975ean egindako “Ibilaldi Berde”-arena.
Ondorio gisa
Nolanahi ere, Covid-19ak (eta Ukrainako egungo gerrak) Overtonen leihoa ireki dute parez pare. Aste gutxi batzuetan, aldez aurretik bitxitzat edo guztiz onartezintzat baztertuak izan ziren ideia politiko eta ekonomikoak serioski eztabaidatu dira: oinarrizko diru-sarrera unibertsala, gobernuaren esku-hartzea babesgabeei ostatu emateko eta jarduera indibidualaren zaintza estatala, batzuk bakarrik aipatzearren. Baina hau etorkizun hurbilean esponentzialki hedatuko den prozesu baten hasiera besterik ez da. Egungoa bezelako krisi batek (Covid-19 eta Ukrainako gerra) nabarmen areagotzen eta bizkortzen ditu jada martxan zeuden aldaketak; beraz, hainbat hamarkadatan gauzatu beharko liratekeen aldaketak, hemendik gutxira asteetan gerta daitezke. Beste era batera esanda, krisi honek arragoa bezala funtzionatzen duela esan daiteke, gaur egun dauden egitura estatalak eta sozioekonomikoak urtu eta erreformatu ditzakeelarik. Gaurko zeruertza estaltzen duten hodei beltzak gorabehera, epe ertainera mundu berri bat begiztatzen da, komunitarioagoa, gizatiarragoa (?). Izan gaitezen baikor, itxuraz bederen.
Overtonen leihoa. Pentsaezina pentsagarri bihurtzea, onartezina onargarri.