Arrazismoa, matxismoa edota edozein zapalkuntza mota bezala, euskarak espainolen eta frantsesen aldetik nozitzen duen bazterketa eta menderakuntza lokarturik egoten da bolara batzuetan. Ez da ikusten, ez da ageri, ezti dago gure hizkuntza bere esparruetan, bere hiztunen gogoan. Baina zuk badakizu gerta daitekeela, mikro-eraso bat jasango duela euskara erabiltzeko zure eskubideak, edo makro-eraso bat, zure bake linguistikoa hankaz gora jarriko duena, sumindura guztia irazekiko dizuna, eta botere publikoen eskutik bezala euskalgintza instituzionalaren partetik babesgabe sentiaraziko zaituena. Beti da berdin, eta ez du konponbiderik.
Ez naiz epaitegien ebazpenez ari, euren herra harri bat bezala aurpegira botatzen dizuten norbanakoez baizik. Eraso bortitzagoa da inongo begiramenik gabe eta aurrez aurre euskara ukatzen dizun horren zartada, ttu eginez borondate oneko teoria guztiak lurrera jaurtitzen dizkizun horrena.
Usurbildik Hernanirantz zoazela Txillida Leku parean dagoen gasolindegian geratu nintzen egun hartan, kontent eta alegera. Denbora neraman eraso linguistikorik jasan gabe. Autotik jaitsi eta neska bat hurbildu zitzaidan. «Egun on!». «¿Cuánto?». Bi hogeiko atera nituen irribarretsu, gasolina mota seinalatuz. «Berrogei euro, mesedez!». «¡Que cuánto, te digo!». Nik guztiz adeitsu erantzun nion, dirua seinalatuz: «Berrogei euro, mesedez!». Gogoan nituen elkarbizitzaren aldeko proklamak, Euskaraldiaren asmo onak. Orduan kolpatu zuen berak nire euskaltasuna: «¡Yo no estoy aquí para aprender euskera, si no para echar gasolina!». Eta mangera sartu zuen depositoaren ahoan: «¡Supongo que dices cuarenta!», eta automatikoari emanda, joan zen.
Aho bete hortz utzi ninduen, irribarrea izoztuta. Zer egiten du euskal hiztun aldarte onekoak gasolindegi baten erdian erasotzen dutenean? Zein protokolo dago guretzat? Zein Arartekok babestuko gaitu? Non daude larrialdi telefonoak, non bortxakeria linguistikoan trebatutako epaile eta fiskal zorrotzak? Erreklamazio orriak bete behar ditut, nire istorioa berriro errepikatu, jakinik legeak gasolindegiko neska defendatuko duela, balizko epaile batek errua niri botako lidakeela, espainola ederki dakidala aurpegiratu ondoren?
Feminismoak hain ondo mahairatu dituen kontzeptuak etorri zitzaizkidan gogora: Nik ez zaitut probokatu, zu zara eraso nauena, zu zara bortxatzailea; ni edonora joan ninteke euskararekin, egunez edo gauez; leku ilunak argitu beharra dago, euskara esparru guztietan ikusia izan dadin; ni ez naiz bigarren mailako biztanlea euskara eramateagatik; zu hizkuntza hegemonikoan babesten zara, mendeetako zapalkuntzaren kultura errepikatzen duzu zure jarrerarekin…
Kontagailua berrogeira iritsi zenean, neronek jaso nuen hodia, eta zalantza egin nuen, ordaintzera joan edo ez. Baina eraso linguistikoa ez bada delitua, eta ordaindu gabe joatea bai, neuretzat zen kaltea, bi aldiz kalte. Arazoa politikoa da, azken batean, pribatua politikoa baita, eta politikoa konponbide eraginkor bakarra: zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresa eta erakunde guzti-guztiak euskara erabiltzera derrigortzen dituen lege bat, eta legea betetzen dela baieztatzen duen ikuskatzaileen bidezko kontrol bat, tabernetan sanidadekoak ibiltzen diren bezala. Hori ez dagoen bitartean euskaldun gisa eduki dezakegun gure bizitza publikoak egin du.
Erasoak etengabeak dira esparru guztietan, eta bakoitzak egin ahalko luke zerrenda luzea. Hedabide digitalak halakoz beterik daude, neska bati euskaraz eskatzeagatik edaria ukatu zion barmanarena, esaterako. Eta berdin erasotua sentitzen naiz ETB1eko albistegia jarri eta minutu bat baino lehenago ordezkariren bat edo kalean doan edonor espainolez hitz egiten erakusten didatenean, ETB2an gertatzen ez dena: alegia, ez da inor euskaraz agertzen egun osoan. Ematen duten mezua alienazio linguistikoaren propaganda hutsa da: gure esparru komunikatibo elebakarra ere ez da salbatzen espainolaren presentziatik. Birus bat da.
Matxismoarekin bezala gertatzen da: denok detektatzen dugu, baina mikro-matxismoak zailagoak dira. Euskararen aurkako mikro-erasoak ere zailagoak dira ikusten, eguneroko paisaiaren zati direlako: koadrila euskaldunera sartzen den espainol hiztuna, etxepeko bilera erdaraz eskatzen duen auzokoarena, ospitaleko biltegiko giro euskalduna espainoltzen duen langilearena, B2 profila eduki arren, dendan «Egun on» esanez sartu eta «Buenos días» entzun beharra, tabernako betiko bezeroa, «Ebaki bat» inoiz euskaraz esango ez duena…
Ez pentsa berrogei urte «Buenos días» esaten daramatzana inozoa denik; badaki «Egun on» esaten, baina ez esatea erabaki du: gizartean kokatzeko modu bat da, xume-xume baina tinko, eta egoskor, espainolaren alde, Espainiaren ideia baten alde, eta horri enbarazu egiten dion euskararen aurka, euskara ezartzera ere irits litekeen Euskal Herri burujabe baten aurka, funtsean. Bera hegemoniarekin dago, eta hegemoniak araua ezartzen du, eta arauaren barruan dagoen guztia normal bilakatzen. Beraz, euskaldunok ginateke edukazio txarreko kargu hartuko bagenio, eta ez berrogei urte «Un cortado» esanez daraman elebakarra.
Leioako Udalak esku orri bat atera du: «Indarkeria ez da beti ikusten», eta bertan indarkeriaren biktimentzako telefono bat. Iceberg baten argazkia, eta urazpian ikusten ez dena: «Desautorización, anulación, humillación…». Emakumeekikoaz ari da, baina izan zitekeen euskararekikoaz ere. Prentsan dator Ertzaintzak ikastaroak eskaintzen dituela eskoletan: «Tratu txarren seinaleak ezagutu behar dituzue, aurre egiteko». Informazioak dio egunero ikusten dituztela bortxakeria adibideak, eta hauek hedatzen direla hezkuntza edo gizarte maila guztietara, adin guztietara. Genero bortxaz ari da, baina izan zitekeen euskararen aurkakoaz.
Matxismoaren indarkeria ikusarazi diguten bezala, eraso linguistikoa ere beste bortxakeria mota bat da, gizartearen erdiak, edo gehiagok beste erdiaren aurka burutzen duena, euskaldunon osasuna egunero-egunero hondatzen ari dena. Eta badugu sendatzen hasteko garaia; ezinbestekoa deritzot Euskararen Aurkako Eraso Linguistikoen Bulego bat sortzea. Lehenbailehen, mesedez!
Berria