Santxo IV Noblearen plaza bat Bilbaon

Pamplona-Iruñea edo/eta Nafarroa izenetako euskaldunen erresumaren baitan sortu eta eraiki zen Bizkaiko jaurerria. Izan ere, jaurerrien izaera eta nomenklatura euskal senekoak dira; aldiz, kideak edo ahaideak diren konte edo konterria eta antzekoak iturri erromatarretatik datoz.

Andres Mañarikuak zehazki aztertu zuen bezala, 1043 urteaz geroztik Bizkaiko jaurerriaren eta jaunen leinua eta zerrenda zehazturik dago, nahiz eta pilaka eta pilaka aipamen, dokumentu eta faltsifikazio zahar eta berri arakatu eta aztertuta iritsi eta ezartzen duen ondorio hori. 1043an Gartzia II Santxitz, Naiarakoa deitua zen Pamplona-Nafarroako errege; eta Bizkaiko lehen jaun bere alboko Eneko Lopitz izendatu zuen; hain zuzen ere, bere bigarrentzat bezalatsu zeukana, zeren hiriburutzat zuen Naiarako giltzari edo kantziler baitzen.

Ez Gartzia Naiarakoak eta ezta Eneko Lopitzek ere ez daukate oraindik Bizkaian oroitarri edo aitortzarik apalena ere. Aldiz, asmaketa hutsak diren Jaun Zuriaren elezaharrak edo Momo kontearen mitoak eta holakoak sekulako oihartzuna izan ohi dute. Baina asmaketa izateak ez du esan nahi inozoak direnik, ezta askoz gutxiagorik ere; aitzitik, kasu honetan, xede zehatz batekin asmatuak eta mendez mende hornituak eta nahasiak izan dira kondaira horiek; zera, Bizkaiko jaurerriaren jatorri eta sen nafarra ezkutatzea. Zoritxarrez historietan eta  istorioetan maiz gertatu ohi den jokaera da hori.

1054an  Gartzia II Santxitz hilik gertatu zen Atapuerkako  gudaldian eta Santxo IV Gartzes semeak jaso zuen oinordekotza, oraindik mutil gaztea zelarik. Noblea deitura jarri zioten eta bizitu zen bitartean mantendu zuen. Baina 1076an Peñalengo amidegian bere bi senidek botata hil ondoren, “Peñalengoa” izengoitia jarri zioten sarkasmo mingarriz; eta hil ondoreko izengoiti horrekin ezagutu ohi da. Santxo VI Noblea izan zen, Jose Antonio Agirreren terminologia erabiliz, dinastia edo leinu piriniarreko azken erregea Bizkaiko jaurerrian. Horregatik eta jaurerriaren egiazko jatorri eta sen nafarra berreskuratzeagatik beharko luke plaza bat Bilbaon. Zein? Adibidez, Jesusen Bihotzaren Plaza, aldaz aurretik bertako biztanleei inkesta lotesle bat eginda. Zergatik? Biszera jainkotiar hori gorestea ere ez delako jokabide inozoa, baizik sakontasun maltzurrean  espainolismoaren ikur eta amu bat. Poloniako edo Kanadako katolikoek Jesusen bihotza eta birikak edo hesteak maila berean gurtzen dituzte.

Betiere, Santxo IV Gartzes Noblea -eta erail ondoretik, Peñalengoa bezala ezagutua- pertsona eta pertsonai madarikatutzat jotzen da; eta baztertua izan da ez bakarrik Bizkaian, baizik baita ere Nafarroan bertan.  Esate baterako, ez dauka kalerik, plazarik edo oroitarririk Iruñean edo Nafarroako beste inon, eta Santxo Ramirezek bai. Mintzoa argitaletxeak egindako Nafarroako erregeen biografietan jauzi bat egiten da berari legokiokeen tokian…  Are gehiago; hil zuten tokian bertan, Funes herriko Peñalen izeneko alderdian alegia, ez zen inoiz oroitarririk edo monumenturik eraiki, historiako leku garrantzitsua ez balitza bezala, nahiz hantxe aldatu zen sakonki euskal erresumaren historia. Bitxikerien mailan aipatu beharko, 2020ko pandemiaren erdian “Nafarroa Euskal Epikan” izeneko nire liburuaren aurkezpen xume-xumea Peñalenen ospatu ondoren, Funesko udalak oroitarri ttipi bat jarri zuela, baina hogeitalau ordu baino lehen birrindu zuten eta ez omen dute konponduko edo berriro jarriko.

Peñalengo erailketaren ondoren baskoien erresumak inplosioa edo barne-eztanda jasan zuen. Konplotaren eragileak zatitu eta banatu egin zituzten beren lurraldeak. Gaztelak Errioxa, Bureba eta Bizkaiko Jaurerria bereganatu zituen eta Aragoik, berriz, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Durangaldea. Gaur egungo Bizkaiaren barruan gatazka hark muga, marka edo markina bat sortu zuen eta muga haren aztarnak oraindik aurkigarriak dira.

Iruñea-Nafarroako erresumaren barne-eztandak edo inplosioak ez zituen soilik lurraldeak zatitu, baizik baita ere sendiak, familiak eta gizartea bera; adibidez,  Eneko Lopitz lehen Bizkaiko jaunaren seme-alabak banandu egin ziren bere leialtasunetan; seme zaharrena, Lope Enekoitz edo Iñiguez, bigarren Bizkaiko Jaunak Gaztelako Alfontso VIren aldeko hautua egin zuen, baina ez beste seme batzuek. Gainera, badirudi Bizkaiko lehen jaunak Durangon ere bazeukala agintea, baina ez bigarrenak, nahiz gora-behera batzuk ere agertzen diren hainbat dokumentutan.

Peñalengo konplotaren ondoren Gaztelako Alfontso VIak Ermesinda babestu zuen eta Zaragozako taifako Al Muktaquir emirrak, berriz, Erramiro anai hiltzailea. Aragoiko Santxo I-k, Iruñeko Santxo Va deitura hartuta Aita Santuak errege aitortza eman ziezaion saiatu zen, horretarako elizaren aldeko errenta astun bat ordaindu beharra onartuz. Aipatutako hiru errege kristauak lehengusuak ziren; hain zuzen ere, Santxo III Handiaren bilobak eta leinu hartan lehentasuna Nafarroari zegokion, maiorazgoa bailitzan. Urte batzuk lehenago hiru Santxoen arteko gudua gertatu berria zen, Gaztelako Santxo I.a garbitua izan baino lehen.

Izan ere, euskal jatorriko Santxo izena orain guztiz zabaldua eta hedatua baldin badago ere, Euskal Herriko erabilera oinarrikoan eta arruntean iraun egin du. Gaur egun arte Santxo eta Antso bikoiztasunak iraun du. Ugari baino ugariagoak izan dira eta dira etxe, baserri eta pertsonen Santxo eta Antso izenak. Ezberdinak eta argi eta garbi bereiziak. Sustrai, erro eta esanahiz ezberdinak diren bi hitz horien nahasketa nire uste apalean Mitxelenaren hutsegite batean hasten da. “Apellidos Vascos” izeneko bere liburuko bi ataletan –(58)-(537)- esaten du “asimilazioz” lehenik San(t)so bihurtu zela eta ondoren “disimilazioz” Antso. Interpretazio hori kontraesankorra izateaz gainera, errealitatearen aurkakoa da. Gainera, mende eta mendeetako erabilera ugaria eta anitza mesprezatzen du eta ondorio barregarritara darama, besteak beste, patronimikoak kontuan hartuta; adibidez, Antso Santxitz bezalako astakeriak eraginez… Euskal Erresumako erregeen izendegiak errespetua zor dio mende eta mendeetako erabilerari eta koherentziari, hainbeste samin eragin gabe.

Bilbao, euskal hiriak kulturaren ildoan areagotu nahi baldin badu, askatu eta aldatu egin beharko luke bere iruditeria. Eneko Lopitz Jaurerriko egiazko lehen jaunak eta Santxo IV Nobleak eta Funesko Peñalen alderdi zoragarri bezain madarikagarriak gogoan hartu beharko lirateke. Euskaldunok izan dezakegun munduko museorik hoberena benetako Euskal Museoa da, baina hori soilik egiazko historiatik eraiki liteke.

*Euskaltzaina eta Nabarraldeko kidea.