Salvador Illak ez du zalantzarik: azken hamar urteak azken hiru mendeetako urterik txarrenak izan dira Katalunian. Horixe adierazi zuen Kataluniako Parlamentuko oposizioaren buruak abuztuaren 29an Diari de Girona egunkarian argitaratutako elkarrizketan. 1710etik honako historian azken hamarkada izan da latzena, antza. Politikari sozialistak independentisten eskakizunak kritikatu zituen. Ez da autodeterminaziorik izango; amnistiarik ere ez: batetik, Katalunia ez da Espainiaren kolonia; bestetik, legeak amnistia galarazten du.
Independentistek segituan erantzun zioten Illari. Haien aburuz, espainiartasun itsuenetik hitz egin zuen Espainiako ministro ohiak. Nolaz esan daiteke 2010 eta 2020 bitarteko urteak azken 300 urteetan txarrenak izan direla Katalunian? 1714n Borboikoek inposatu zuten erregimenean baino kinka larriagoan izan da herrialdea azken hamarkadan? Primo de Riveraren diktaduran baino okerrago egon dira katalanak? Gerra Zibila baino are krudelagoa izan da egoera? Francoren diktadurak berrogei urtean ezarritako errepresio politiko, sozial, kultural eta linguistikoak baino kalte handiagoak eragin ditu azken urteotan izaniko mugimenduak?
Kataluniako urterik okerrenak aipatu zituen Illak, baina hori esateko unean Espainia izango zuen gogoan. Izan ere, XVIII. mendearen hasieratik hona inoiz baino eskurago izan dute katalanek independentzia azken hamarkadan. 2017an inoiz baino aukera handiagoa izan zen Espainia penintsularraren batasuna apurtzeko. Beraz, urterik txarrenak Espainiarentzat izan ziren.
Gaur, irailak 11, egun tragikoa gogoratzen dute Katalunian: egun horretan, 1714an, Bartzelona hartu zuten Filipe V.aren tropek. Borboikoek katalanen askatasun eta eskubide nazionalak txikitu zituzten. Hala ere, Illaren iritziz, hori baino latzagoa, larriagoa izan da 2010etik independentismoa piztu izana. Ez da harritzekoa hala pentsatzea: lehen gertakariak Katalunia espainiartu, uniformatzeko saioa ekarri zuen; bigarrenak herri hori Espainiatik askatu nahi zuen. Illa jauna, bihotz-barrunbeetan, espainiar sentitzen da: haren ustez, krimen askoz handiagoa da hautetsontziak ipintzea tropa borboitarrek Katalunia mende hartu eta sarraskitzea baino.
Beste sozialista espainiar bat argi mintzatu zen asteazkenean. BBC hedabide britainiarrak Nadia Calviño elkarrizketatu zuen HARDtalk saioan. Espainiako presidenteordeak aho bilorik gabe jardun zuen Stephen Sackur kazetariak Kataluniaren etorkizunari buruz galdetu zionean: katalanak etengabe ari dira euren borondatea agertzen hauteskundeetan —ezagun gertatzen zaizue erretolika?—. Sackurrek Calviño moztu zuen: azkenean Espainiak ez du erreferendumik onartuko? Presidenteordeak zirkinik egin gabe erantzun zion: «Ez gara legezko esparrutik harago joango. Eta esparru hori Konstituzioa da». Horixe da PSOEren iritzia, horixe jarrera. Ezkerrerago daudenek ere erreferenduma baztertu dute. «Ez da txorakerietan ibiltzeko garaia», azaldu du Ada Colauk.
Gaur Diada dute Katalunian. Festa nazionala. Aldarrikapen eguna. Hala ere, jendea ez dago duela bost urte bezain gogotsu mobilizatzeko. Politikariek traizionatu egin dituztela uste dute zenbait independentistak. Horietako bat dugu Toni. Bartzelona ondoko herri batean bizi da. «Senyera ipiniko dut balkoian, baina ez naiz Bartzelonako manifestaziora joango», esan dit asteon. Haren ustez, 2017an ametsa betetzear izan zuten katalanek, baina politikariek txepel jokatu zuten. «Aukera galdu genuen; adin honekin ez dugu beste aukerarik izango. Agian, gure seme-alabek edo bilobek bai, baina guk ez. Tristea da, baina Españistan-en hilko gara».
Aukera galdua. Españistan-en hil. Hori entzunda, zer pentsatuko genuke 50 urtez gorako euskaldunok? Erantzuna ez litzateke oso baikorra izango. Españistan-en hiltzera kondenaturik gaude? Ez da izango Españistan-ek eraikitako kartzela autonomiko epelean hiltzeak jadanik ez digula hainbeste ardura? Non gaude? Nora goaz?
Berria