Eusko ikaskuntza: bizikidetza ala asimilazioa?

Uztailaren 1ean, BERRIAren iritzi sailean, Eusko Ikaskuntzako Mikel Aranburuk Bizikidetza Nafarroan: konfiantza-kontua iritzi artikulua plazaratu zuen. Gaia mamitsua da. Zalantzarik ez daukagu. Hori dela eta, bizikidetzaren inguruko hausnarketa txiki batzuk konpartitzen ausartuko gara.

-Aranburuk dio: «Askotan, kulturalki paraleloak diren munduetan bizi gara, elkarrengana benetan hurbildu edo elkarrekin benetan komunikatu gabe, gure deliberazio-esparrua gure munduetara edo antzekoak direnetara soilik mugatuta». Interesgarria. Ematen du euskaldunok gure sena edo izaera erabat libre daukagula espainiar zein frantziar eragin eremuetatik. Biba gu, hala balitz! Zoritxarrez, hori ez da egia. Are gehiago, horrela planteatzea iruzurrean aritzea da. Gaur egun, Nafarroan bi identitate nazional daude, zapaltzaileena (kolonizatzaile espainolena eta kolaborazionistena) eta zapalduena (nafarrena). Hortaz, ezin da esan Aranbururen mundu paraleloak maila berean daudenik.

-Bizikidetzaren inguruan hitz egiten hasteko abiapuntu egokia jarri behar da, eta hori gure Historia da. 1200. eta 1512. urteetan bortizki gauzatutako konkistek eragin dituzte banaketa, zapalketa eta bizikidetza falta gaur egungo Nafarroan. 1521. urtean nafarrek askatasuna berreskuratzen saiatu baziren ere, ez zuten lortu (aurten gogoratzen dugu Noaingo batailaren bosgarren mendeurrena). Ordutik, nafarrok asimilazio prozesu luzea jasan dugu, eta jarraitzen dugu pairatzen. Estatuaren boterea baliatuz, hegoaldeko mundu paraleloaren kultura, hizkuntza, historia eta lurraldetasuna inposatzen dizkigute aniztasunaren izenean. Hego Nafarroan, egunero bonbardatzen digute Puerto Urrakoz, Lakartujaz, Pakirrinez, Larrojaz eta inperioaren handitasunaz, nekatu arte. Hegoaldeko mundu paralelokoekiko bizikidetza harmoniatsua omen da hori, eta ez dago besterik. Izan ere, kolonizatzaile espainolei eta beraien kolaborazionistei ez zaie interesatzen gure mundu paraleloa. Gu asimilatzea besterik ez dute nahi.

-Aranburuk ere dio: «Badirudi bi gai gatazkatsu nabarmentzen direla, txosten horretan: euskararen kudeaketa eta nortasun nazional(ar)en polarizazioa. Begien bistako loturak eta elkarreraginak daude bien artean, baina, haien azpitik, funtsezko balio bat dago jokoan: desberdinen arteko elkarrekiko konfiantzan oinarritutako bizikidetza». Ezin da hobeto adierazi. Nazio nortasunaren kontzientzia indartsua izatea da gakoa (Aranbururentzat arazoa). Antza, oroimen historikoaren bitartez nafar identitatea sustatzea ez omen da Eusko Ikaskuntzaren gustukoa. Hobe, nafar identitatea desagertuko balitz, Espainian guztiz asimilatuta bukatzeko. Orduan, bizikidetza perfektua!

-Mendeetako asimilazio prozesuaren eraginez, euskara aseptikoa bezain amnesikoa bihurtzen ari da, lurralde eta iraganik gabe. Gure historiak duen garrantziaz jabetzeko oinarrizko galderak planteatu daitezke. Zergatik iraun du euskarak bizirik? Zergatik dago gaur egungo euskara hain zatituta eta bananduta (euskalkiak)? Zergatik daude euskalkien artean horrenbeste diferentzia? Azalpen erraza daukate galderok. Erromako inperioaren batasun politikoaren gainbeherarekin batera erromantzeak sortu ziren bezala, Nafarroaren kontrako konkistek eragin dituzte hizkuntzaren banaketa, galera eta gutxiespena. Euskararen azken mendeetako patua hitz bitan laburbildu daiteke, kolonizazioa eta asimilazioa. Eusko Ikaskuntzak proposatzen duen bizikidetzak euskararen erabileraren jaitsiera etengabea ekarri digu. Hegoaldeko mundu paralelokoak oso pozik daude, beraien helburua euskara desagerraraztea delako, edo gehienez museo batean murgiltzea. Laster barru elkarri barra-barra euskaraz mintzatuko zaizkio hildakoak berezko arnasgunean. Biba kanposantua!

-Gure ustez, nafar identitateak eta euskararen erabilerak ez dute zertan apaldu. Hain zuzen, kontrakoa egin behar dela uste dugu. Nafar identitatea zein euskara ezinbestez erdigunera ekarri behar dira bizirauteko. Ez dago besterik. Izatez, herri menperatua garela ohartzean, gu «emozionalki erakartzerik ez» dute lortuko, inolaz ere. Izan ere, menperakuntzak berak mesfidantza ekidinezina eragiten du. Hortaz, espainiar menperatzaileen identitatekoekin bizikidetza posible bakarra gure askatasuna onartzetik etorriko da.

-Hegoaldeko identitatearekiko enpatia lortze aldera, Aranbururen ustez, eskolak eta familiak heziketa sentimentala sustatu behar dute. Hala ere, menperatzaileen eta menperatuen arteko balizko berdintasun harremanik ezin da eraiki, inolaz ere. Ezinezkoa da. Izan ere, Hegoaldeko mundu paralelokoek ez dute euskara eta komunitate euskaldun horren berririk eduki nahi. Urte luzeetan oso garbi erakutsi dute. Are gehiago, eskoletan gure mundu paraleloarekin lotutako guztia ez irakasteko ahalegin betean ari dira betidanik.

-II. mundu gerran, Alemaniaren pean zeudela, frantziar erresistentziak frantses hizkuntza euren herritarren artean ez irakastea iraingarritzat hartuko zuen. Gurera ekarrita, mundu paraleloen elkarbizitzaren aldekoak non kokatzen dira? Frantziako Vichyren kolaboratzaileen alboan? Ala, memoria historiko lagun, nafar identitatea eta euskararen erabilera indartu nahi duen kontzientziadun ekintzaileen alboan? Erantzuna begi bistakoa da.

Laburbilduz, gaur egungo parametroetan, Espainia eta Frantziako indar okupatzaileekiko bizikidetzarik ez da posible. Nafarroak askatasuna berreskuratzen duenean, berdinen arteko bizikidetzaz hitz egin ahal izango da. Ordura arte, nafarrak zapaltzen gaituztenentzako maitasun keinuak eskatzea ez da zilegi. Hala ere, Eusko Ikaskuntzaren jarrera kolaborazionista honek ez gaitu harritzen. Izan ere, Eusko Ikaskuntza ez da inolaz ere arduratzen gure herriaren benetako arazoez: euskarak jasotzen duen zapalkuntza eta gainbehera, nazio ikuspegiaren galera, Nafarroak jasotzen dituen zapalketa eta arpilaketa… Antza denez, batzuek Espainian eta Frantzian eroso bizitzen jarraitu nahi dute beraien poltronatxoetan, asimilazioa guztiz gauzatu arte.

Berria