Euskararen bide bakarra, batasuna

Kontseiluak eta euskalgintzako ehun eragilek batera izenpetu berri duten Batuz aldatu izeneko proposamenari nire atxikimendu osoa emateaz gainera, nire aitortzarik adoretsuena eskaintzen diot gutun honen bitartez. Aipatutako dokumentuaren edukiarengatik baino gehiago batasunaren bideari egiten zaion aitortzarengatik.

Euskaltzaindiaren azken osoko bilkuran —hain zuzen ere, aurtengo ekainaren 25ean Baionan—, Batuz aldatu dokumentu eta ekimenari atxikimendua ematea proposatu nuen. Zoritxarrez ez zen onartu. Euskaltzainburuak, bozketa zuzena ekidite arren, Akademiak «bide propioa» lehenetsi behar duen ala ez galdetu zigun banaka-banaka bertan bildutako euskaltzain oso guztiei eta ustezko «bide propioaren» lehenespena nagusitu zen demokratikoki gehiengo bulgariarrez… Eta ondorioz bozketarik ez egitea erabaki zuen.

Baina jakina, «bide propioa» omen delako hori asmakeria hutsa da. Izan ere, Euskaltzaindiaren egun eta bilkura ber-berean, ordu erdi eskas lehenago, zuzendaritzak berak egindako proposamen bati bidea eman zitzaion kontrako botorik gabe. Zehazki barne araudia deitu beharko lukeen «Barne Erregelak» eguneratzeko proposamenaren lehen artikuluko 1.5. Atalean, honako hau jartzen da hitzez-hitz Euskaltzaindiaren ustezko egitekoen artean: «1.5.- Euskararen erabilera aitzinatzen eta sustatzen, honetarako dagozkion gizarte eragileekin batera behar diren mota guztietako harremanak ugalduz». Nola liteke egitasmo hori ustez abian jartzen den egun eta saio berean ehun euskalgintzako aldarrikapen eta ekimenari ukoa ematea? Nola azaldu jokabide hain kontraesankor hori?

Etsipenez oroitzen gara batzuen batzuk Euskaltzaindiak euskararen aldeko ekimenei bere atxikimendua, elkarlana —eta auzolana— eskaintzen zien garai haietaz. Nolatan ez gogoratu bost euskal hiriburuetako kirol areto nagusietan egindako Bai Euskarari ekintza eta ospakizunaz? Ez da hainbeste denbora eta orduan Euskaltzaindiak ez zuen bustitzeko eta konpromisoak hartzeko gupidarik eduki. Nolatan ez gogoratu Euskaltzaindiak esku hartutako Bertsolari txapelketak, ikastolen antolaketa, euskalduntze eta alfabetatze ekimenak eta beste hainbeste ahalegin? Ustezko maila eta kategoria akademikoan gotortu nahi izatea kastaren tentazioan erortzea da.

Euskararen aldeko batasuna da estrategia eraginkor bakarra; eta akademiakeriak irrigarri gelditzen dira gogoratuz gero, adibidez, batasunaren aldeko bultzadarik erabakigarrienak Txillardegi, Aresti, Monzon, Davant eta abarrek euskaltzain izan gabe edo izan aurretik eman zituztela. Bidea batasunarena da; eta ustezko beste «bide propio» direlakoak harropuzkeriaren fruituak ez-ezik, jokabide antzuak eta antzutzaileak dira. Bitxiena izan zen euskaltzain jaun ospetsu batek «bide propioaren» defentsan Korrikako lekukoa eraman izan zuela aipatu zuela eta galdetu zitzaionean ea ze bidetik eraman zuen entzungorrarena egin zuen… ala behar bada ez zuen entzun.

Gakoa da euskararen aldeko estrategien eraberritzeko premia larria bihurtu gure gizartean. Hizkuntzak daukan premiarik larriena hori da orain; eta erronka horri ezin zaio batasunaren ikuspegitik baizik heldu. Euskararen batasuna bera gizarte mailan borrokatu eta irabazi zen Akademiaren eta bestelako ustezko jakintza egituren bedeinkapenak jaso aurretik.

Euskal Herrian Euskaraz, Euskaraz Bizi, Hiztunen Jardun Erosoa Bermatu eta antzeko xede edo lelo guzti horien esanahia eta helburuak oso ongi daude. Baina gizarte elebidun batean herritarren hizkuntza aukera bermatzeko ofizialtasunaren berdintasuna bihurtu zaigu bermatu beharrekoa. Hizkuntza eskubidea herritarren giza eskubidea da eta ez bakarrik hiztunena; Tuterako gurasoek, Alkizako edo Sarako gurasoek bezalako eskubideak dituztela defendatuko duen estrategia da eraiki beharrekoa. Eta horretarako ezinbestekoa da batasunaren borroka ideologikoetan gertatu zen bezala ahal den eragile eta herritar gehienen elkarlana. Iparraldean euskararen bideak berezitasunak dauzka, baina baita ere eredugarriak diren jarrerak. Nafarroan euskararen bideak garraztasun mingarriak ditu, zonaldeen barregarrikeria saminetik hasita, baina tinkotasunari eusten zaio; EAEn ere itxura arranditsuagoen azpitik benetako miseriak daude eta sortu diren zerbitzu publiko askotan, Ertzaintzatik hasita, elebidunak ez izatea autokritika sakona eta ez lausenguak beharko lukeen jokabidea da. Adierazle komuna Batuz Aldatu ekimenean dago.

Euskaltzaindiak berrikusi eta zuzendu egin beharko luke Batuz Aldatu adierazpen eta ekimenari atxikimendua ematea; eta horretarako ez da aski dagoeneko zaharkituta dagoen jokabidearen «bide propioa» delakoaren asmakeria.

Berria