Nafarroako erresumaren inbasioaz idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriagak

Nabarralde elkarteak antolatutako ekitaldian aurkeztu du larunbat eguerdian Nafarroako erresumaren inbasioa (1199-1200) liburua.  Labur eta modu irakurterrazean osatzen ahalegindu da lana. Edukiari buruzko nondik-norakoen berri eman die Mercero aretora joandako herritarrei. Wikipedian 1200. urteko konkistari buruz berak idatzitako sarrera batean du abiapuntua proiektu honek.

1512ko konkista bera eta haren ondorioak ezagunak dira: Nafarroako erresuma bitan zatitu zuten, Nafarroa Garaia konkistatua izan zen eta Nafarroa Beherea independente mantendu zen; 1200. urtekoa, aldiz, “ez da batere ezaguna”, nahiz eta haren ondorioz basko eta nafarren arteko bereizketa gertatu. “Gerra baten ondorio izan zen muga hori”, zehaztu du Nabarraldeko Angel Rekaldek. Gertakari horren garrantziaz mintzatu ziren eta testu motz hura garatzeko ardura hartu zuen Lopez de Luzuriagak. Liburuxka elkarteak argitaratu du, gai zehatzak ezagutarazteko duen bildumaren barruan. 

Historiografiak jaso izan du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa independenteak zirela, eta une jakin batean egungo EAE osatzen duten hiruek erabaki zutela Nafarroari lotuta egon ziren bezala Gaztelara lotzea. “Orain arte esan izan da 1199-1200 urteko momentuan paktu bat egon zela”, Lopez de Luzuriagak argitu duenez, ordea, gertatutakoa bestelako da: “Alfontso VIII. Gaztelakoa Pancorbotik abiatu zen eta alde izan zuen Lopitz Harokoa, Bizkaiko Jauna. Honek interes feudalak zituen, Nafarroako erresumak aitortzen ez zizkionak, baina Gaztelak, bai”. Araba eta Durangaldearen ondoren, Gipuzkoako lurrak hartu zituzten.

Higaduraren kontaketa

Uneaz gain testuinguru historikoa ere azaltzen du lanak, aurretik baitzetorren Nafarroaren higadura. “Euskal erresuma izatea zen proiektua, baina harrezkero zatitua eta oso murriztua geratu zen alde guztietatik, aurrera egiteko aukerarik gabe”. 1076an ere Nafarroa inbaditua izan zen, bertako errege Antso Gartzes Peñalengoa erail ondoren. “Horrela deitu zaio Peñalenen bota zutelako eta berehala Gaztelako indarrak sartu egin ziren”.

Halako gertakari historikoek egun garrantzirik ez dutela pentsatzen dutenei kontrakoa erakutsi nahi izan die Rekaldek gertakari bat azalduta. Duela aste gutxi toki horretan bertan errege horren omenez harrizko tronu bat jarri zuten, eta egun berean mailuarekin apurtu zuten. “24 ordu ere ez zituen iraun. Horren kontrako gorrotoa eta grina badaude”, zehaztu du Nabarraldeko kideak.

1076tik 1200 bitarteko zenbait gertakarik eta faktorek ardazten dute kontakizuna. Besteak beste, erlijio borrokak edota erregeen zilegitasunaren jatorria. 1199-1200 urteko inbasioarekin itsasaldea galdu zuen Nafarroako Erresumak. Izan ere, garai horretan merkataritza eta arrantza asko garatzen ari ziren eta nafarrek bazuten indarra, Alexandrian (Egipton) nafar itsasontziak aipatzen dira; Gaztelak burdinolak eta kostaldeko azpiegiturak bereganatu zituen. 

Analogikotik digitalera

Liburuak “ertz eta faktore asko” dituela azaldu du egileak. Wikipediako artikulutik abiatuta, bestelako materialak gehitu baitizkio, nolabait “analogikotik digitalera zubi lana egiten du”. Gainera, QR kodeen bitartez, Wikimedian dauden mapa eta argazkiak ikus ditzake irakurleak. Gainera, nabarmendu du edukia lizentzia askean argitaratu dutela.

Lopez de Luzuriaga filologoa eta Historian aditua da, ogibidez itzultzailea, eta wikilaria. Ez da lasarteoriatarrak gertakari historiko baten inguruan idatzi duen lehen liburua; aurretik, esaterako, Euskaldunak eta karolingiar iraultza ikerlana argitaratu baitzuen.