«Europako Batasuna sekulako espantukeria da»
Joan Ramon Resina
Pandemiak eragindako larrialdia bete-betean sartu da, harri baten antzera, harat-honat eramaten gintuen gure bizimoduaren barne makinerian. Harri horrek hondatu egin du sistema, eta, ondorioz, agerian utzi ditu haren ezkutuko mekanismo zenbait. Larritasuna eta izua sortu direlarik, ohartu gara nola jokatzen duten gobernuek, multinazionalek, hedabideek, korporazio handiek, kontinente mailako erakundeek eta abarrek. Larritasun eta izu horiek duten eraginari erreparatuz, konturatu gara gure burbuilan eguneroko agenda baldintzatzen duten argudioetako anitz faltsuak direla. Amarru hutsa. Iruzurra. Eta iruzur hori onartarazi digute xedetzat hartu beharko genituzkeen gauzetatik urrundu gaitezen.
Hala, erran ziguten nazio estatua galbidean zegoela, bereziki oraingo globalizazio prozesu azkar, masibo eta unibertsalen eraginez. Nazio estatuaren ereduak jada ez zuen balio; zaharkiturik zegoen.
Horregatik, kontatu ziguten estaturik gabeko nazioen arazoak —hobeki erranda, estatuek areriotzat dauzkaten nazioenak— konpondu eginen zirela Europako Batasunean sartzen zirenean. Arrazoibide horri zegokion premisa baten arabera, logikoki, zenbat eta Europa gehiago, orduan eta Espainia gutxiago izanen zen (baita Frantzia gutxiago ere, antza denez).
Baina ez goi mailan bakarrik. Zera ere erran ziguten, behe mailan, estatuaz azpiko erakundeen boterea handitu izanak —autonomiena, estaturik gabeko nazioena, eskualdeena, konurbazioena…— murriztu eta ahuldu egiten zituela nazio estatuen eskuduntzak eta eskumenak.
Sinetsarazi nahi izan digute subiranotasunaren kontu hori, azken batean, baso bat uretan sartzen den azukre koxkorraren parekoa zela; hau da, bizi-bizi urtzen ari zela prozesu horien guzien ondorioz. Estatuak jada ez ziren subiranotasunaren gordetzaile nagusiak.
Laburbilduz, hainbat urtez saldu digute estatua desagertzeko arriskuan zegoela, 1648an Westfalia sortuz geroztik Europan funtzionatu izan duen moduan bederen. Ederki dakigu argudio sail horren helburua gure erabakitzeko askatasunaren aldarrikapenak neutralizatzea zela. Hau da, zertarako nahi duzue estatu independente bat baldintza horietan?
Pandemiak eragindako krisiak, baina, erakusten du —argi erakutsi ere— hori falazia bat dela; hots, erraten zigutena, sinetsarazi edo saldu nahi zigutena, gezurra zela.
Europako Batasuna zalantzati ikusi dugu, ezgai, eta sinesgarritasunik, ekiteko gaitasunik eta helburu argirik gabe. Are, larrialdien eta ezbeharren erdian, mirabeen gisan makurtzen ikusi dugu enpresa handien, korporazioen eta zeresana zeukaten presio taldeen aitzinean.
Ikusi dugu Europako Batasuneko kide diren estatuen azerikeria ere; izan ere, estatu horiek izkin egiten diete jokoaren arauei; beren interesak begiratzen dituzte, eta, Joan Ramon Resinak dioen gisan, «Batasuneko legediaren lerro nagusiak urratzen dituzte». Polonia, Hungaria eta Espainia dira horren erakusgarri nabarmenak. Eta Europako Batasunak ez du bitartekorik herrialde horiei arauak bete ditzatela agintzeko, ezta jokabide komun bat ezartzeko ere. Horri dagokionez, paradigmatikoa izan da Europak bertze auzi esanguratsu bati, hots, Espainiak Kataluniako procés-aren aurka erakutsitako jarrerari emandako erantzuna. Agintzen duenak agintzen du.
Eskandalagarria izan da ikustea nolako mespretxuz eta matxismoz tratatu zuen Erdoganek Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen; izan ere, Turkiako presidenteak badaki ez dela errepresaliarik izanen. Badaki Europak ez duela erantzuteko gaitasunik; ez da estatu bat; ez du nazioarteko politikarik, ez barne kohesiorik, ezta egiazko aginte ardatzik ere. Ez da gai zilegitasuna lortzeko edo Europako herritarrak mobilizatzeko ere. Hauxe dio Juan Ramon Resinak Europako Batasunaz La deslegitimación de la Unión Europea (Europako Batasunaren deslegitimazioa) artikuluan: «Ez dauzka eskura estatuek beren burua legitimatzeko darabiltzaten ohiko indarrak: nazionalismoa eta, zenbaitetan, erlijioa».
Europa ez da botere egituratzat hartzen ahal, interes eta negozio kluba baita. Bilerak egiten dituzte, negoziatzen ibiltzen dira, lagunak egiten dituzte helburu ez hagitz zuzenekin… Baina, oraindik ere, estatua da zinezko protagonista, hots, subiranotasunaren subjektua, eta hark dauka gauzak egin eta desegiteko ahalmena, baita etorkizun kolektibo bat eraiki eta defendatzekoa ere.
Estatuaz azpiko erakundeei dagokienez, lotsagarria izan da jakitea erakundeok erabakiguneetatik desagertu direla eta estatuek protagonismoa berreskuratu dutela inongo disimulu, kexa edo zalantza izpirik gabe, gainera. Espainiako Estatuak, adibidez, denak arrastoan sartu ditu, horretarako behar diren autoritatea eta eskumenak zituelako. Autonomien estatua adar jotze hutsa da.
Laburbilduz, Europak ez gaitu salbatuko. Ez dugu erreferentziatzat hartzen ahal, iruzurgilez osaturiko klub bat baizik ez baita; klub horretan, nork bere dadoekin jokatzen du, eta, jokoan parte hartu eta eserleku bat eduki ahal izateko, maila behar da. Hau da, nazio estatua izan behar duzu, betiko zentzuan: Alemania, Irlanda, Malta…
Euskal Herritarrok, nafarrok, ekimen politikoa berreskuratu behar dugu, jomuga argi batekin: estatu propioa lortzea. Eta hori lortutakoan sartuko gara kideen arteko jokoetan eta negozio klubetan. Komeni baldin bazaigu, betiere.
Berria