Begira seme, edo alaba: badakit egunkarietan ikusi nauzula kontzientzia-eragozle edo objektore egin naizela esanez, eta esplikatuko dizut, gutxi gorabehera, hori zer den. Urrian edo Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko gutun bat jaso nuen, esanez zinpeko hiritar edo jurado popular deritzana osatzeko hautatua izan nintzela. Horrek esan nahi du aurten hasi eta bi urtez haien zerbitzura egon behar dudala, deitzen nautenean epaiketa batean parte hartzeko. Epaiketaren amaieran akusatua errudun ala errugabe den esan beharko dut, eta errudun ateratzen bada epaileak zigorra jarriko dio, igual 15 edo 20 urte kartzelan igaro beharra.
Hori irakurrita, bat-batean atera zitzaidan erreakzioa EZ esatea izan zen, barru-barrutik. Nik ez nuela hori egin nahi, ez nuela horretan parte hartu nahi; eta ez bakarrik ez nuela nahi, ezin nuela baizik. Kontzientziak ez dit uzten. Horretarako, noski, lehenengo kontzientzia eduki behar da, eta kontzientzia horren baitan ideia batzuk. Eta gero ideia horiekiko errespetua; zureak dira eta ezin dituzu edozein moduz baztertu.
Kontzientzia zer da? Galdetuko duzu. Bada, kontzientzia da zuk bizitza ikusteko daukazun modu bat, zer den justizia eta zer ez den zeure kabuz interpretatzeko ahalmena. Badakizu nik asko idazten dudala, asko irakurtzen, eta denbora horretan joan naiz gizarteko hipokresia eta ustelkeria asko ikusten, sistema hau nola antolatua dagoen ikertzen. Boterea dago, eta botere horrek tentakulu ugari dauzka gu, hiritarrok, bere menpe jartzeko, berak nahi duena egin dezagun. Mila tranpa eta mila presio-bide dauzka horretarako. Boterea daukan erakundeari estatua deitzen zaio, bai, kaleko estatuei bezala, baina haiek ez bezala oso bizirik dago, eta oso krudela da. Gure lurrean, gainera, bi estatu arrotz ditugu agintean, Espainia eta Frantzia, hori badakizu, nahi duenak badaki, eta guri bizitza inposible egiteko baliatzen dute haien indar guztia. Sistema judiziala gure herria menderatzeko beste tresna bat gehiago da.
Izan ere, legedia da estatuaren funtsezko oinarri bat, bere gorputz-atal guztietara iristen den dominazioa ponpatzen duen bihotz bat bezalakoa. Lege sorta infinitu bat erabiltzen du Justiziak bere borondatea gure gain ezartzeko. Estatua babesten du beti, hori du helburu, eta horrekin batera klase sozial gorenak, aberatsenak, ustelduenak. Era guztietako espekulatzaileak babesten ditu, gure soldatekin, gure pisuekin, gure eskubideekin negozioak egiten dituztenak. Hargatik, ulertuko duzu epaitzen dituzten delinkuente gehienak baliabide gutxiko jendea izatea, marjinatuak, heziketarik izan ez zutenak, edo sinpleago esanda, kariño sozial eta pertsonal gutxi jasotakoak. Delituak deigarriak izaten dira, batek beste bat hil duelako, edo bortxatu, edo bahitu edo ez dakit zer, baina delitu hori posible egin duten sustraiak aztertu beharko genituzke, nola izan den posible horretara iristea, zerk huts egin duen delinkuentea gaizkitik babestu behar zutenengan. Justizia gaizkileak zigortzera dedikatzen da soilik, baina delinkuentziaren sustraiak ez ditu konpontzen.
Gero, badakigu kartzela ez dela pertsona bat zuzentzeko edo lekurik egokiena, kontrakoa baizik, pertsona gehiago suntsitzeko eginak daude, hori ondo dakigu Euskal Herrian: zenbat jende sartu duten inongo oinarri juridikorik gabe, motibo erabat politikoengatik, ikara hedatzeko helburuarekin, modu guztiz partzialean, bermerik gabe… zenbat prebarikazio ez ote duten burutu epaileek Euskal Herrian! Ez dakizula zer den prebarikazioa? Oso sinplea da: errugabea dela jakin arren norbait kondenatzea, estatuari hala komeni zaiolako.
Oso sinplea da dena, begira: estatuak esan dit bere zerbitzura egon behar dudala datozen bi urtetan, eta berak nahi duenean egiten ari naizen guztia utzi eta epaiketa batera joan behar dudala. Bera dela nire gorputzaren jabea, nire kontzientziaren jabea. Eta nik esan diot ezetz, ni naizela nire gorputzaren jabe, nire kontzientziaren zaindari bakarra, ez diodala utziko ez berari, ez beste inori, hor eskua sartzen. Eta zer egingo dut? Bada, desobedientzia pasiboa. Modu baketsuan, errespetu guztiarekin, ez dut joko horretan parte hartuko. Ni ez nau estatuak bere jopu otzan bilakatuko. Ez diot inori kalterik egiten horrekin. Ez dut nire kontzientzia egin nahi ez duen zerbait egitera behartuko.
Errazagoa dela behin edo bitan egin eta kito? Bi urte laster joango direla? Ulertzen dut erosotasun hori, baina badira une batzuk, norberaren bizitzan bezala herrien historian, EZ esan beharra dagoena; bestela, behin suntsiketaren lehen harria biraka hasten denean erabateko degradazioraino iristen delako egoera, norberaren bizitzan bezala herrien historian.
Beldurra ere hor dago, herri honen hezur-muineraino sartua. Hor dago soldaduskaren oroimena, bere bizitzako urte bat alferrik ez galtzearren intsumisioa deitu zen desobedientzia pasiboa praktikatzeagatik milaka gazte kartzelan sartu zituztenekoa. Ez dakizula zer den soldaduska? Irabazi genuen azken erronketako bat, baina tamalez desobedientzia kolektiboaren kultura hura lurperatu egin zuten, alderdi politikoek bereziki, haiek ere jende otzana nahi dutelako, bere kabuz pentsatuko ez duena. Jende askok esan dit «Martutenen bukatuko duk». Badakit broma bat dela, baina sintoma bat ere bai. Pavloven txakurrak bezalakoak gara, eta «objektore» hitza entzunda, «desobedientzia», «intsumisioa», kartzela datorkigu gogora. Baina objektore izatea ez da krimen bat, eskubide bat baizik, eta eskubideen alde pauso bat aurrera eman behar da, ez atzera.
Ausarta naizela ere esan dute, baina ez da hala. Barruak ez dit uzten nahi ez dudan zerbait egiten. Niri oso biolentoa gertatu zait estatuak ni erreklutatzea jendea epaitzeko, eta ezin dut nire parte hartzearekin biolentzia hori hedatzen lagundu.
«Non dago biolentzia?», esango duzu. Herri hau hiru zatitan banatzen duen sistema politikoa bera da biolentoa gurekiko. Menderakuntza biolentzia da berez. Herri honen zati handi batek, tamalez, onartu egin du sistema horretan normaltasunez bizitzea, eta onartzen dena ez da ikusten. Baina hor dago. Itxura demokratiko baten azpian biolentziaren mehatxua aski da, eta funtzionatu egiten du. Horregatik diot, hemen bakerik ez dela izango menderatuak gauden bitartean. Nire kontzientziaren bakea da, oraingoz, daukadan bake bakarra, eta nahi dut hori mantendu, babestu eta horrekin bizitzen jarraitu, inori ezer txarrik egin eta opa gabe.
Berria