Gauza jakina denez, estatuen nazionalismoak eskola eta hezkuntza sistema erabili izan ditu bere nazio identitatea sozializatzeko eta ezartzeko. Munduan nazionalismoaren aroa indarrean dagoenetik ba ote dago eskola eta hezkuntza sistema baino erakunde nazionalistagorik? Berdintsu dio Frantzia edo Turkia izatea, berdintsu estatu liberal demokratikoa edo erregimenik gogorrena izatea. Estatu nazionalaren bertsio guztiak baliatu dira eskolaren bidez beren nazio identitatearen osagaiak inposatzeko: hala nola hizkuntza, kultura, historia, lurraldea eta identitate sistema nazionalaren gainerako ezaugarriak.
Logikoa da mundu osoan gertatu dena gertatzea estatuaren ezaugarrietan nazionalismoa gailendu zenetik. Eskola mota guztiak dira nazionalak geroztik, estatu nazionalak ez baititu enpresak eta oinarrizko erakunde estrategikoak bakarrik nazionalizatzen. Hizkuntzak eta kulturak nazionalizatu ditu, eskolak eta identitateak, lurraldeak eta historiak… Estatu nazionalaren asmakizunak ez dauka parerik auzi honetan: gerra askoren zentzua eta esanahia ezin da ulertu nazionalismoaren historia ezagutu gabe, eta eguneroko bizitzaren gauzarik xume eta hutsalena ere ezin da hauteman nazionalismorik gabe, mundua nazio-sistemaren arabera antolatua dagoenetik. Muturreko nazionalismoa bezain nazionalista baita demokrazia sistemarik eredugarriena ere.
Eskola publikoa nazionalismoaren habian hazitako eta hezitako erakunde estatal bat da. Baina eskola pribatu guztiak ere nazionalistak dira ezinbestez. Hortaz, estatuaren izaera nazionalak ez dauka parerik estatuen historian, bere enborreko adar bihurtu baititu bere lurralde nazionalean sortu eta garatu diren zer militar, ekonomiko, sozial, kultural, ideologiko… guztiak. Hortaz, eskola publikoak publikotasunetik daukan guztia dauka naziotasunetik. Gainerako eskola eta hezkuntza sistemek ere bai, noski. Eskola frankistak nazionalismoaren muturreko adierazpen esplizituak ziren, baina arestian esan dugun bezala, Frantzia errepublikanoan ere eskola publikoak nazionalismoz gainezka zeuden eta daude. Iparraldeko euskaltzaleek badute horren berri.
Horrenbestez, eskolaren izaera eta funtzio nazionala saihetsezina al da nazio sisteman oinarritzen eta antolatzen den egungo munduan? Hala uste dut nik. Ikastolen mugimendua ere nazionalismoaren parametroetan ulertu behar dugu, hizkuntza eta kultura nazionalen (bateko, Euskal Herria, besteko, Espainia eta Frantzia) arteko gatazkaren ondorioz sortuak izan zirelako. Hegoaldeko erregimen frankista eta Iparraldeko Estatu errepublikanoa logika nazionalistaren terminoetan gauzatutako proiektuak dira, eta proiektu horietan hizkuntzak, kulturak eta herriak espainola edo frantsesa izan behar dute. Aldeak alde, gaur ere nazionalismo estruktural horren barne logika berbera dago indarrean: nazio identitatearen osagai hegemonikoak (hizkuntza, kultura, historia, lurraldea…) derrigorrez espainola eta frantsesa dira herri honetan.
Hortaz, eskola publikoa bezain nazionalistak dira gainerako eskola ereduak, denak direlako aldez edo moldez estatu nazionalaren sorkariak. Euskal Herrian daukagun arazo larrienetako bat zera dela esango nuke: globalizazioak globalizazio, estatu nazionalaren arabera egituratua dagoen egungo munduan ez daukagula eskola nazionalik. Eta nazio bat, Euskal Herria nazio bat baldin bada, nola atera daiteke aurrera herri/nazio gisa hezkuntza sistema nazionalik ez baldin badauka? Ezinezkoa da nazioen munduan zure naziorik gabe zure oinarrizko giza eskubideak bermatzea. Nazionalismoaren aroan estatu nazionalak baldin badira botere hegemonikoaren makila eskutik dutenak, zure hizkuntzak, kulturak eta identitateak ezin dute arnasarik hartu. Zuk ere ezin duzu zure nazioaren araberako identitate linguistiko eta kulturalik garatu. Ito egiten zara. Eta ez itotzeko, euskaldun izateko baliabide etniko/erregional batzuk asmatzen dituzu besterik ezean. Itomen horren ondorioz, D ereduak ere ez du aspalditik gako nazionaletan funtzionatzen, eta euskararen erabilerak daukan arazo nagusia hortxe egon daiteke. Eta zuk, ondo dakizunez, nazioaren eskalan bizi diren mundutarren artean zure nortasun nazionalaren jarrerak zuritu behar izaten dituzu zure nortasun nazionalari dagokion herrialdea mapan agertzen ez delako.
Eskola publikoa behar dugu euskaldunok. Euskal naziotasunari dagokion eskola publikoa. Honezkero, ordea, ez dago gehiago zehaztu beharrik eskola eredu horren ezaugarri publiko eta nazionalen gainean. Esandakoa: nazionalismoaren mundua ez zuten estaturik gabeko nazioek asmatu, estatu nazionalen ideologiak sozializatu eta ezarri zuen munduan barrena. Bestalde, nazionalista izateak bere alde onak eta txarrak ditu, bere balioak eta makurkeriak. Baina ez daukagu ez-nazionalista izateko aukerarik. Hori estatu nazionalaren habian goxo-goxo bizi diren hiritarren estatus pribilegiatua da. Pribilegiatua bezain gezurrezkoa, jakina.
Berria