Noli me tangere, Elkano Pizkundeko humanista utopikoa?

Filipinetako heroi nazional eta ekintzaile antikolonialista Jose Rizalek lagun margolari bati horrela azaldu zion Noli me tangere nobelaren izenburuaren zergatia: “Gaur arte inork esan gabeko mezuak jasotzeko eta mende luzez gugan metatu diren gezurrei erantzuteko idatzi nuen”. Badirudi hori dela Ekai Txapartegiren helburua Elkanotar Juan Sebastian, Pizkundeko humanista utopikoa? artikuluarekin. Bestelako ikuspegi bat eskaintzen saiatuko gara ondorengo artikuluan.

Urrian Gogoa aldizkarian argitaratutako artikuluaren egileak kritikatzen du Elkanori buruzko diskurtso nagusia; Espainiako historiografiak XIX. mendean asmatu eta egun espainiar nazionalismoaren akademiko eta politikoek haien intereserako errepikatutakoa. Horientzat, Juan Sebastian Del Cano edo Elcano marinel getariarra, Espainiako Koroaren zerbitzura eta mesedetan aritutako nabigatzaile ausarta izan zen. Kontakizun horri tiraka, Europar Batasunetik ekarriko duten diruarekin negozio ekonomiko eta politiko bikainak egingo dituzte, eta Mundu Biraren V. mendeurrena baliatuko dute Espainiaren batasuna aldarrikatzeko, “espainiar itsasgizonaren balentriaren” izenean.

Txapartegik Elkanori bira herri ekimena ere bereziki kritikatzen du. Kontakizun faltsuan harrapatuta daudela dio eta, “Elkano inperial” hori aintzat hartuta, Elkano goraipatzea ez dutelako gogoko.

Egileak beste kontakizun edo errelato bat proposatzen du, historiografia espainiarraren distortsioak gainditzeko eta Euskal Herritik Historia egiteko, bere hitzetan, ikuspegi “emankorragoa eta egiazkoagoa” eskainiz. Horretarako, “Elkano ezezagunaren” izaera eta pentsamendua Pizkunde garaiko humanista utopikoen mailara igo du.

Elkano definitzeko, ondorengo adjektibo eta laudorioak erabiltzen ditu: ez konkistatzaile, ez ebanjelizatzaile, ez koroaren zerbitzari leial, deserosoa inperioarentzat, desobedientea, fidagarria, konfiantza muturreraino eramaten zuena, errebeldea, garbia, bete-betea, goitik beherakoa, tolesdura politikorik gabea, zentzu komunez mintzo dena, iritzi irmokoa inorekiko erra pertsonalik batere erakutsi gabe, kapitain demokrata, praktikoa, gizatasunez jokatzen duena, apala, gardena, humanoa, talde liderra… Eta aldiz, espedizio horretan Elkanoren aurretik kapitain izandako Carvalho eta Magallaes lukurreriak eta anbizioak itsututako gizonak ziren, egilearen ustez.

“Interpretazio hegemonikoetatik ihes egin” eta Euskal Herriko heroia asmatzea eta gorazarre egitea proposatzen du Txapartegik. Beste mito bat eraiki du. Santu eredugarri baten hagiografia bat egin du, panegiriko bat.  Elkano goresten jarraitzeko beste kontakizun bat, Mundu Biraren V. mendeurreneko ospakizun eta ekitaldi ofizialetako ildoari jarraituz.

Egileak sortu nahi duen mito hori sostengatzeko dokumentazioa aurkeztea beharrekoa da, ordea. Eta horren falta agerikoa izateaz gain, badira Elkanoz oso bestelako kontuak aditzera ematen dituzten agiriak ere.

Oinarririk gabe, paradigma ezin aldatu
Ez dakigu asko Joan Sebastian Elkanoren gazte garaiaz. Badakiguna da, mundu bira ezagunaren aurretik, Afrika eta Mediterraneoan Espainiako kanpaina militarretan hartu zuela parte. Horrela dio Karlos I.ak, 1523ko otsailaren 13an Valladoliden idatzitako Errege Zedulak: “vos siendo maestre de una nao de dozientos toneles nos servysteis en lebante y africa” (berrehun tonako itsasontzi baten jabe izanik sortaldean eta Afrikan gure zerbitzura aritu zinen). Mediterraneoko kanpaina horiek prestatzeko Alacanten denbora pasako zuela ondoriozta dezakegu, eta horrek azal dezake zergatik Elkanok testamentuan hiri horretako Santa Veronica elizarentzat 24 dukateko dohaintza –egungo 12.000/15.000 euro– egitea agindu zuen. Garai hartan, portu hori oso ezaguna zen “pirata berbere eta turkiarren kontrako armadak antolatzeagatik” (Salvador Bernabeu, CESICeko ikerlaria, 2018).

Elkanoren hurrengo pauso esanguratsua Magallaesen espedizioan itsasoratzea izan zen. Argi ikusten dira haren helburua eta izaera kapitulazioetan, erregearen eta espedizio-buruen arteko kontratu modukoetan. Bidaia inperioaren helburu estrategikoa zen, “estatu arrazoia”. Enpresa koloniala zen. Kapitulazioek hala diote: “para descubrir lo que hasta agora no se ha hallado, que en los límites de nuestra demarcación que hasta ahora no se ha descubierto, é lo poner só nuestro. Señorío é sujeción” (gure mugen barruan oraindik aurkitu ez dena deskubritu eta gure menpe eta agindupean jartzeko). Lurralde berriak deskubritzeko eta aukera ekonomikoak ustiatzeko agindua zuten. Muga kolonial berriak ezarri behar zituzten Monarkia Unibertsalaren eta fedearen izenean.

Edozein ikuspegitatik aztertuta ikus daiteke orduko espedizioek ez zutela merkataritza izaera hutsa. Kolonialismoa, intimidazioz gizarte oso bati ezartzen zaion menpekotasuneko harremana da. Kanpotik eragiten zaio eta herriaren garapena mozten da kolonizatzaileen beharren eta interesen arabera.

“Nire ondasun guztiak zerbitzu militarrean eta erregearen zerbitzura irabazitakoak dira”
Joan Sebastian Elkano

Mundu biratik urte gutxira, 1525ean, Moluka uharteak kolonizatzeko Gaztelako koroak antolatutako Loaisa almirantearen espedizio militarrean parte hartzea erabaki zuen aztergai dugun Elkanok. Espedizio hartan hil zen, baina egun batzuk lehenago  hilburukoa idatzi zuen. Hitz hauekin deskribatu zuen Elkanok berak bere ondasunen jatorria: “E quanto todos los bienes mios son vienes castresnses e ganados en servicio de su Magestad” (Nire ondasun guztiak zerbitzu militarrean eta Erregearen zerbitzura irabazitakoak dira).

Honakoak Elkanoren hitzak direnez ezin da zalantza egin. Getariarra Espainiako erregearen zerbitzura itsas-espedizio militarretan aberastu zen. Munduari bira emandako espedizioan 600.000 marabedi kobratu zituen, gaurko 800.000 bat euro. Diru sarrera horrekin bere bizitza aldatu zen eta aberatsen ohiturak hartu zituen. Horren erakusle dira bere testamentuan agertzen diren arropak: belusezkoak, satinezkoak, zilarreztatuak eta kapela frantses bat. Azkeneko espedizioan berriz, bidaiaren arrakastaren arabera 2.480 dukat edo gaur egungo 1.250.000 euro inguru irabaztea espero zuen.

Elkanoren formazioaz dagoen informazioa oso urria da, baina argi dago bere bizibideak ez duela zerikusirik humanismoari dagokion oinarri estetiko, literario, zientifiko edo espiritualarekin. Elkanok itsas-epopeia gauzatu zuen, baina Tomas Moro eta Erasmorekin parekatzea ezinezkoa da aldagaiak ez direlako konparagarriak, izaera ezberdina baitute.

XVI. Mende hasieran Amerikako bidaien inguruan idatzitakoengatik ezagun da Pedro Martir de Angleria italiarra. Berak Elkano elkarrizketatzeko aukera izan zuen eta oso bestelako iritzia azaldu  zuen. Angleriak Aita Santuari idatzi zion esanez mundu biratik bizirik heldu ziren 18 gizonak “ezagutzarik gabekoak zirela eta denak era berean espresatzen zirela” (“Los 18 supervivientes son gente iletrada, y todos se expresarían de igual modo”).

Maximiliano Transilvanok, Karlos V. Espainiako erregearen idazkari flandriarrak, marinelen testigantzekin idatzia osatu zuen latinez. Transilvanoren kontakizuna Elkanoren testu idatzian oinarrituta dagoela esaten duenik badago. Txapartegik berak dio Transilvanok azkar batean idatzitako kronikaren bigarren zatia, Elkanoren idatzi galduaren berehalako itzulpena dela, baina nik esango nuke bidaiariei entzutean, haien artean Elkanori, Transilvanori arreta piztu zitzaiola. Itsasgizonen esanek onetsi egiten zituztelako erregearen asmoak: Molukak ustiatzea eta Txinara iristea.

Txapartegiren ustez, Elkanok Borneon irudikatzen ditu bere herrirako nahi lituzkeen askatasun eta giza harremanak. Deskribapen hori Elkanorena izango balitz ere –eta hori baieztatu aurretik agiriak aurkeztu behar dira– gauzak ez lirateke aldatuko. Konkistatutako lurraldeetako deskribapenak gehienetan eta garai guztietan, baita erredukzio sistemetan ere –kolonizazio “baketsuak” deiturikoak, jesuiten misioak kasu–, informazio ugari eskaintzen dute giza-antolakuntzen, bizimoduen, jantzien, janarien, ondasunen, armen eta abarren inguruan. Oso zehatzak eta ederrak izaten dira. Europarrek ahalik eta albiste gehien eduki behar zuten jakin-mina asetzeko, baina batez ere zer topatuko zuten jakiteko. Kolonizatuengandik gauza bakarra espero zuten:  akulturizazioa eta Europako baloreetara egokitzea. XVI. mendeko hedapen koloniala misio unibertsal gisara aurkeztu zuten, basatiak zibilizatu behar ziren. Abiapuntua europarren nagusitasun kulturala zen eta, nik dakidala, kolonizatzaileen aldean inork ez zuen hartu zapalduen aldeko jarrera irmorik.

Ahanztura eta mitoak: memoriaren eta egiaren etsai nagusiak
Historiografia mota jakin baten helburua, gure herriko ekarpenak historia unibertsalaren eremuan kokatzea da. Eta horretarako askotan pertsona zehatzak goratzen dituzte marinel, merkatari edo abenturazale gisa aurkezturik. Dudarik gabe, munduari bira ematea XVI. mendeko gertakari garrantzitsua izan zen eta euskaldun batzuk horren parte izan ziren. Ildo horri jarraituz, egileak eraiki dituen biografia eta edukia egungo euskal politika eta giza bibrazio ofizialarekin sinkronizatu ditu. Euskal herritarren historian ordea, estaturik gabeko herri batean bizi garenez, beti izan dira agintearen edo “besteen” kultura besarkatu dituenik. Nire ustez, horietako bat da Elkano.

Elkanoren espedizio horietan, konkista gerrak, heriotzak, bortxaketak, zauriak… daude. Drama eta bortxa dago. Garaileek herri askoren kultura eta memoria desagerrarazi dituzte. Ez ditugu ezagutzen hildakoen izenak.

Denok uler dezakegu historia, baina non dago gure protesta? Non gure aldarrikapena? Eurozentrismoaren ikuspegi hegemonikoa baztertu eta Modernitatean Euskal Herriak jokatu zuen papera da aztertu behar genukeena, historiaren, zientziaren, ideologiaren eta emozioen deskolonizazio ariketa eginez. Herri baten erretratua iritziekin, historiarekin, ipuinekin eta narrazioekin eraikitzen da eta etengabe ikusi behar dugu bertan gure burua islatuta.

Historialariak testuinguruan kokatu behar du gertatutakoa eta, distantzia hartu gabe, gure perspektibak aldi berekoa izan behar du; hau da, kasu honetan, kolonizatzaileak eta kolonizatuak kontuan hartuz. Beraz, galdera da, orduan egindakoa gizon eta emakume gehienen onurarako izan al zen? Historialarien eta gertaeren arteko elkarrizketa bideratu beharko genuke, kultura guztiek, gureak barne, elkarrizketa horretan tokia edukitzeko.

Erresistentzia gure historiaren esperientzia bat da. Inperialismoari aurre egin dioten herri guztiek leku bat okupatu behar dute gure ezagutzan. Paradigma ez da aldatzen oinarririk gabe.

Argia