“Zumalakarregi eta bere garaia” izena du eskuetan dudan liburuak, eta Jexux Agirresarobek hitzaurrean ene pentsamendua bahitu dit, izugarri atsegin dudan esaldi hau dakar: «Askotan, kanpoko pertsonaien erreferenteak izaten ditugu ahotan. Baina uste dut badela garaia behingoz begirunez eta konplexurik gabe gure pertsonaia historikoei memorian lekua emateko: Martin Ttipia, Jaime Velez de Medrano, Elvira Zipitria, Pedro Mariskala…». Gure “Braveheart” kutunak, ohoratu eta mundura hedatzeko filmak falta dituztenak. Eta hor heldu zait kezka, norbait etorriko baita beltzuneak ere bazituztela aipatzera, testuingurua ere aztertu behar dela erratera bestela. Ez dakit anitz Elkanori buruz, ez eta Lope de Agirreri buruz ere, batzuentzat deabru, besteentzat heroi, nondik behatzen den beti. Eta hizketagai dira orain, haien balizko balentriak ez zirela hala izan, ez dutela plazarik nahiz aipamen handirik merezi.
Euskaldunok ez omen ginen hain zintzoak izan, hori ere aipatzen dute askok. Gutxik aipatzen dituzte, ordea, beste euskaldunak, galeretara kondenatutako ezezagunak, itsasora derrigortuta eramandakoak, besteek piztutako gerretan desagertu eta hildako jende txiroa. Baina klaseak eta diruak lepoa gorago agertzen dute. Frantzian debatea ireki da, tokien izenetatik esklabismoa sustatu edo baliatu zutenak kendu behar ote diren, baina kenduz gero ezingo dela kontatu zer egin zuten diote besteek. Guk ere testuinguruan kokatu beharko ditugu etorkizunean Kortaturen kantuak adibidez, edo manifetan elkartzen ginenean egiten genituenak.
Naiz