Etxean nago. Berrogeialdiaren enegarren astean. Leihoa parez pare zabalik. Eguraldi ederra kanpoan. Elurra ere egin du berrogeialdi honetan. Eguzki zein euri, bero ala hotz, edozein eguraldi zoragarri bihurtu zaigu. Kanpotik datorren edozein zaratak leihora eroaten nau orain. Hor doa udal “brigadillako” langile bat, maskara eta eskularruz babestuta barandetan desinfektatzeko likidoa botatzen. “Zelako ondo eguraldi honetan” pasatu zait burutik. Baina segidan: “mila esker”. Batzuk etxe barruan zintzo, beste batzuk kanpoan zintzo.
Aurreko batean errelatoaren garrantziaz zerbait idatzi nuen. Pandemia honen kontakizunak ere sekulako garrantzia izango du aurrerantzean. Krisi honetatik ezer onik ateratzekotan, lehenengo eta behin zer gertatu den eta norbanako zein gizataldeen jokabidea taxuz kontatu beharko da. Ez da berdina izango Confebasken eta bere aliatu politikoen errelatoa edo sindikatuena, Ibex-35ko enpresariena edo osasun langileena. Eta monarkiaren eta indar armatuen jokabide “eredugarri, eskuzabal eta patriotikoa” goraipatzen duenik ez da faltako.
Nire kontakizunean baina, supermerkatu eta denda txikietako langileekin, garraiolariekin, lau pareta artean agureak zaintzen geratu direnekin, paper bareko emigranteekin, mantentze beharginekin, ospitale, botika, laborategi eta larrialdietako langile guztiekin akordatuko naiz. Gelatik on-line lanean dabiltzan semeekin ere bai. Eta akordatuko naiz emaztea, beste asko bezala, aldi baterako langabezian geratu dela. Aldi baterako ote?
Ez zait ahaztuko Zaldibarko erreskatea ez dela amaitu, eta errefuxiatuen tragedia ere ez. Ez zaizkit ahaztuko presoen bizi baldintzak samurtu beharrean, sufrimendua luzatzen tematu diren juez oro-ahaldun horiek. Ez zait, halaber, ahaztuko jauntxoek eta uste handiko estatu gizon emakume patriota horiek testak berehala izan dituztela eskura eta klinika pribatuetara jo dutela. Gogoan izango dut euskalnafarron burujabetasunak zein bide motz duen, eta Europako instituzioetatik ezer gutxi espero dezakegula.
Aldiz, nire kontakizunean esker onez ohorezko toki berezia izango dute gehiegitan handi-mandien gutxiespena jaso izan duten “ipurdi garbitzaileek”: “bai, baina erizaina da, edo maixu soila … kale garbitzailea besterik ez, edo cashero baserritarra… edo…”. Bada, kontakizunean jasota gera dadila garai latzetan, handikien eta espekulatzaileen aseezintasunak baino, langile xumeen nekeak erreskatatu gaituela.
Larrialdiaren kontakizunean gogoan izango dut ongizate sistema publikoak atera gaituela ataka latz honetatik. Osasungintza, hezkuntza, nekazaritza, errekurtsu energetikoak, etxebizitza… eta ongizatearen kudeaketa publiko sendo batean datzala gakoa. Zergen bidez bildutako ondasuna, azpikontrata pribatuei baino, langile publiko sare indartsu bati bideratu behar zaiola izan dadila honen eskarmentua. Merezitako esker ona, miresmen eta txalo elkartasun zaparradarekin batera “ipurdi garbitzaileei” zor zaizkien lan baldintza eta ordainsari duinak ez zaizkit atzenduko. Gorriak ikusitakoekin, ospitaleko langileekin, udal langileekin, egoitzetan agureak zaintzen geratu diren langileekin, zientzialari eta kudeatzaile publikoekin zein elkartasuna musu-truk eskaini duten guztiekin akordatuko naiz. Errelatoan emakumeen lan eskerga geratuko da goien. Etxeko andreek betidanik egin duten lan eskerga; ordainik eta esker onik gabekoa sarriegi, eta kontakizunean tokirik gabe beti ere.
Laburrean, errelatoan ondo jasota gera bedi, inori ez dakion ahantzi, larrialdiaren kontakizunak gogora beza “ipurdi garbitzaileek” ipurdia salbatu digutela. Eskerrak zuei!!