Euskal Herriko historia eta nortasuna izenburupean, otsailean eta martxoan zehar Bergaran erakusketa bat, hiru hitzaldi eta ikastaro saioak biltzen dituen egitaraua antolatu dute Nabarralde Fundazioak eta Bergarako Udalak. Helburua, antolatzaileek azaldu moduan, “bere iragana ahaztu duen euskal lurraldearen eta historiaren kontaketa berreskuratzea” izango da. Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin antolatu da egitaraua.
Nazioak desagerrarazteko egiten den lehenengo gauza haien memoria ezabatzea dela esaten zuen Milan Kunderak. Horretarako, nazio horren kultura eta historia suntsitu eta beste kultura eta historia bat inposatzen dira. Historia berridazten da, jatorrizko nazioak zer eta nor den ahaztu arte.
Hurbilekoa dugu errealitate hau Euskal Herrian eta barneratu ditugun berridatzitako gertakariak ugariak dira: Nafarroa Gaztelari libreki batu zitzaiola uste izan dugu, baita itsasaldeko lurraldea erresumatik banatu zela bertako erregea ez zuelako onartzen. edota euskararen atzerakada utzikeriagatik izan dela eta ez galarazi zigutelako. Bitartean, gure historiaren eta identitatearen mugarriak ezagutzea galarazi digute, hain zuzen herri bezala eraikitzen gaituzten oinarriak kenduz.
Gure lurraldearen eta historiaren kontaketa berreskuratzeko eta ahanzturari aurre egiteko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak eta Bergarako Udalak egitarau zabala antolatu dugu: Nafarroa, euskal Estatua erakusketa; otsailean zehar eskainiko den hitzaldi sorta; eta martxoan emango den Euskal Herriko historia ikastaroa.
Ikastaroaren helburua, Euskal Herriko historian erabakigarriak izan diren gertakariak berreskuratzea izanen da. Izen-ematea irekita mantenduko da otsailaren amaiera arte, eta martxoan zehar eskainiko dira lau saioak, asteartetan.
Hitzaldiei dagokienez, gertakari historiko eta memoria leku garrantzitsuak izango dira mintzagai, Iñigo Larramendi, Angel Rekalde eta Juan Martin Elexpururen eskutik.
EGITARAUA
ERAKUSKETA
“Nafarroa, Euskal Estatua”
Otsailak 2tik 16ra
Udaletxeko Pleno Aretoan
Euskal Herriko historiaren gakoak eskaintzen dituen erakusketa: lurraldetasuna, oinarrizko datak, pertsonaiak, gertaera garrantzitsuak, e.a. Nabarraldek mendeetako euskal historia laburtu du, azken mila edo mila eta bostehun urteetan nafar Estatuaren inguruan aritu baita; funtsezko elementuak aurkeztea da helburua, erakusketa argiaz, esanguratsuaz, eta batik bat, pedagogikoaz.
HITZALDIAK
Otsailak 4, (asteartea) : “Nafarroa, Euskal Estatua” erakusketaren aurkezpena
19:00, Udaletxeko Pleno Aretoa. Iñigo Larramendi
Otsailak 11 (asteartea) : “Arantzazu, harriz herri“, dokumentalaren aurkezpena
19.00, Olaso dorretxea. Angel Rekalde
Otsailak 18 (asteartea): “Euskararen historia” hitzaldia
19:00, Olaso dorretxea. Juan Martín Elexpuru
IKASTAROA
“Euskal herriko historia”
Datak: Martxoaren 3tik 24ra, asteartero, 19.00etik 21.00etara
Lekua: Olaso dorretxea // Irakaslea: Beñi Agirre
20,00 EUR.
IZEN-EMATEA, BETETA!
- ATALA (martxoak 3): Sarrera eta historiaurrea
- ATALA (martxoak 10): Orreagako guduak eta Iruñea-Nafarroako erresuma
- ATALA (martxoak 17): 1200 eta 1512 konkistak. Nafarroa Behera eta Iparraldea. Foruak
- ATALA (martxoak 24): Karlistaldiak eta XX. mendea