Zer da “errelatoa”?

Bat-batean, “errelato” hitza itzulipurdika sartu zaigu. Hitz hori, ordea, ez dugu aurkituko ez Euskaltzaindiaren Hiztegian, ez Orotariko Euskal Hiztegian. Hitz hori ez da euskaraz, espainolezko “relato”-ren euskaratze trakets bat baizik ez da. Frantsesez “récit” edo “histoire”, ingelesez “story” eta euskaraz “kontakizun” edo “narrazio” da “relato”. Zergatik, beraz, etengabe erabiltzen dugu “errelato” hitza? Espainolak dabiltzalako aho beteka “relato” eta “relato” erabiltzen, berek nahi dutelako Biblian bezala idatzia geldi dadin azken 40 urteetan gertatutakoaren beren bertsioa. Auzi honetan, euskaldunok espainolen hitza bera onartzea adierazgarria da.

Espainolek beren narrazio nazionala osatu nahi dute, frankismotik hona Euskal Herrian gertatu dena helburu horien arabera kontatuz. Alde horretatik, euskaldunen eta espainolen bertsioak ezin dira bateragarriak izan; ezin da adostasunik lortu, salbu euskaldunek amore eman eta onartzen badute ez direla herri zapaldu bat edo espainolek aitortzen badute zapaltzaileak direla.

Herri guztiek kontatzen dute beren historia nazionala; herri kontzientzia sortzeko eta barnatzeko eta herria batzeko tresna da. Historia nazionala kontatzeko aukerarik ez duten herriak izaten dira beste estatu batek bahituta dauzkan herriak, askatasunik ez dutenak. Narrazioa kontatzen da historiako klaseetan, historiako liburuetan, literaturan, zineman, artean, oroitarrietan, karriken izenetan…

Historia kontatzea ezinbestekoa da oraina ulertzeko. Zorionez, badira Euskal Herriko historia euskal ikuspegitik ikertu zuten eta ikertzen duten autore asko, Espainiaren eta Frantziaren historia ofiziala zalantzan jartzen dutenak. Zorigaitzez, ez daukagu botererik gure historia kontatzeko. Ikastetxeetan, euskal historia, sartzekotan, sartuko da gibeleko atetik, irakasleak horretarako borondatea baldin badu. Derrigorrean ikasi beharrekoa Frantziako edota Espainiako historia da. Mundu akademikoan ere, badira erresistentziak; euskal ikuspegitik kontatzen bada historia, beti bada nor edo nor hori erlatibizatu behar dela dioenik eta frantses edo espainol bertsioa ere aintzat hartzeko eskatuko duenik… Komunikabideen munduan toki gutxi dauka historiak, eta daukanean ere, euskal ikuspegitik nahiko urrun.

Ezin dugu ulertu gure egoera, ez eta ere berriki gertatu zaiguna eta orain gertatzen zaiguna, kontakizuna 1979an hasten bada, ezta ere 1936an hasten bada… Historia kontatzeko boterea Frantziak eta Espainiak baldin badute, kontra-botereari indarra eman behar diogu, gure historia ikertzen jarraitzeko eta, bereziki, kontatzeko eta sozializatzeko.

Home