“Nafarroako ondarearen guneak”, urrian Iruñean eta Tuteran

“Nafarroako ondarearen guneak” izenburupean, Nabarralde Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak Ondarea, Paisaia eta Globalizazioa sinposioaren edizio berri bat antolatu dute, urrian zehar Iruñean eta Tuteran ospatuko dena. Oraingo honetan, Nafarroako ondarearen espazio eta gune desberdinen inguruko hausnarketa sustatu nahi dute antolatzaileek, bere ezagutza eta ulermena zabalduz. 

Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak ekitaldiaren aurkezpenean azaldu moduan, 1992an Pierre Norak Les lieus de mémoire (memoriaren lekuak) izeneko proiektu historiografikoa sortu zuen. “Bere ikerketaren baitan ezarri zuen memoriaren gunea kontzeptua:  «Izakiaren gogoz edo eta denboraren poderioz komunitate baten oroimenezko ondarearen baitako elementu sinboliko bihurtu den zernahi izate esanguratsu, material ala ez». Gizarteen memoria kolektiboa lantzeko baliabide bat da, ondarearen zentzua berritzen duena eta bere ezagutza eta transmisioa errazten dituena”.


Amaia Nausia Eusko Ikaskuntzako proiektuen arduradunak gaineratu bezala, jardunaldi nagusia Juan José Ibarretxeren hitzaldi batekin abiaraziko da, urriaren 18an, Iruñeko Civican aretoan. Ekitaldi berean, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Amaia Apraiz jardunaldiko zuzendariak eta Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak parte hartuko dute. Larunbatean ospatuko den egun osoko jardunaldian, bestalde, Peio Monteano, Josu Chueca, Amaia Kowasch, Ainara Martinez Matia, Patxi Zabaleta eta Oskia Ugarte bezalako adituen hitzaldiak entzuteko parada eskainiko da, besteak beste. Amaiur, Done Jakue bidea, euskara, emakumeak, Errozabal… Askotarikoak izanen dira goizeko 9:00etan abiatu eta 19:00ak arte luzatuko den jardunaldiko gaiak. 

Ondarea, Paisaia eta Globalizazioaren Sinposioaren bosgarren edizio honetan, Nafarroako ondarearen espazio eta gune desberdinen inguruko hausnarketa sustatu nahi da, honen ezagutza eta ulermena zabalduz. “Ingelesek Grezia eta Egiptoko ondare arkeologikoak ebatsi zituzten, eta balioa eman zieten euren museoetan. Mutur horietara iritsi gabe, Nafarroako ondarearen espazioen inguruan pentsatzea beharrezkoa zaigu, bere ezagutza eta transmisioa bermatzeko”, argitu zuen Rekaldek.  

EGITARAU KULTURALA, JARDUNALDIA OSATZEKO Jardunaldi nagusiaz gain, doakoa eta librea izango den programa kulturala ere prestatu da. Nafarroako gazteluen inguruko erakusketa batek, Iruñean zehar eginen diren bi bisita gidatuk, Maria Zugarramurdikoa komikiaren  aurkezpenak, Tuteran eginen den mahai-inguru batek, Dantza filmaren emanaldiak (Juan Antonio Urbeltzen parte-hartzearekin), Artetako Iruñeko Erresuma Museo Etnografikora bisitak eta Auritzeko bunkerren ibilbidea egiteko irteera gidatu batek osatuko dute programazio hau. Xehetasun guztiak eta aktibitate desberdinetarako izen-emateak, halaber, Nabarralde Fundazioaren atariak aurkitu daitezke. 

IZEN-EMATEAK:

JARDUNALDI NAGUSIRAKO IZEN-EMATEA (URRIAK 19)

IRUÑEKO BISITA GIDATURAKO IZEN-EMATEA (URRIAREN 10EAN ETA 17AN)

‘BUNKERREN IBILBIDEA’ IRTEERA GIDATURAKO IZEN-EMATEA (URRIAK 27)