José Luis Orella Unzuék (Iruñea, 1935), Deustuko Unibertsitateko Erdi Aroko Historian katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidearen Historian irakaslea izandakoa, ibilbide luzea dauka historiaren ikerketaren arloan eta lan andana plazaratu izan ditu, zehazki, euskaldunon historiaren inguruan. Nabarralderen hurbileko laguna, maiz parte hartu izan du bertan antolatutako proiektu eta ekitaldietan, eta bere aholkularitza ezinbestekoa suertatu zaigu argitaratu ditugun hainbat lan eta dokumentaletan. Nabarkideetako aunitzek aski ongi jakinen duzue nortaz ari garen.
Berriki, bere ibilbide oparoko ekarpenetako asko biltzen dituen lana plazaratu dugu: Historia del pueblo vasco (Euskaldunen herriaren historia). Dudarik gabe, euskaldunon historia sakonki ezagutzeko lana da, ezinbesteko ekarpena gure herriaren errelatoaren berreraikuntzan (edo eraikuntzan). Bost liburukietan antolatuta, Orellak gure herriaren historiako gertakari nagusiak errepasatzen ditu, garaiez garai. Lehenengo atalean, Antzinaroan eta Erdi Aroan murgiltzen da, Neolitikotik hasi eta Nafarroako Erresumaren konkistaren garaira iritsi arte. Bigarren liburukian, Errenazimendu garaia eta orduko arte mugimendu nagusiak ditu hizpide historialariak, baita hizkuntza ere. Behe Nafarroa, Inkisizioaren ondorio latzak eta Trentoko Kontzilioa lantzen dira hirugarren alean, Kontrarreformaren testuinguruan. Ondoren, Ilustrazioaren garai oparoan murgiltzen da egilea, orduko eredu desberdinak agertuz: Ondorengotza Gerra, XVIII mendeko arazo politiko eta sozialak, europar Ilustrazioa, euskal Ilustrazio ereduak, euskaldunak ilustrazioan, Jesuiten bazterketa… Bosgarren eta azken liburukian, Frantziako Iraultzak Lapurdin izan zuen eragina eta kontzertu ekonomikoen gaia lantzen du Orellak, baita Karlistaldiak eta Nafarroan izandako ondorioak ere.
Gure herriaren historia ezagutzeko lan aberasgarri zein ezinbesteko hau dagoeneko salgai aurkituko duzue Nabarralderen online dendan. Bilduma osorik erosi daiteke, 100 eurotan; eta baita liburuki solteak ere, 20 eurotan bakoitza.