Donostia Sutan 1813-2013 elkarteko lehendakaria hil zen 2018-8-27an 89 urterekin, azken urtetan osasun arazoengatik ezin izan genion goratzarre egin nahi genuen bezala, berandu bada ere hemen hitz batzuk.
Errenterian jaioa, bere herriko zinegotzia eta alkate ordea izatera heldu zen, Koldo Mitxelena auzokide izan zuen, Xenpelar bertsolaria maite zuen, bertan egin zioten hileta eta beti goraipatzen zuen bere bihotzeko Orereta zaharra.
Adinagatik, 1929an jaioa, gerrako umea izan zen, bere begiekin ikusi zituen hegazkinak Donostia bonbardatzen, nahiz eta guda garaian Beizamara eraman zuten, aitaren jaioterrira, kontatzen zuen bezala.
Guda ostean Jaizkibelgo errepidea egiten ari ziren Francoren esklabuak ikusten zituen igandero Errenteriko elizara eramaten zituztelako meza entzutera, inoiz ez zuela ahaztuko sortzen zuten errespetua, beldurra eta errukia.
Aita kontratista eta langileak ordaintzera bidaltzen omen zuen gaztetan, jornaleko dirua sobreetan sartuta, Txirrita harginak jasotzen zuen moduan Errenteriko elizako eskailerak egin zituenean urte batzuk lehenago.
Ikasketak Gasteizko seminarioan, grekera, latina, teologia, klasikoak, famatzen zuen bertako maila intelektuala, Telletxea Idigoras eta beste asko ezagutu zituen, nahiz eta ez zituen ikasketak bukatu, psikiatrian lizentziatu zelako Madrilen urte batzuk beranduago.
Donostian hasieran ez omen zegoen garai bateko “erorik”, konturatu zen arte, orduko “eroak” gaurko “droga menperatuak” zirela eta eguneroko dosia lortu nahian, lapurreta ugari eta inseguritate handia sortzen zutela hirietan batez ere denda eta jendearen artean.
Arazo soziala konpondu nahian, lehenetariko izan zen “Metadona” ematen hasi zena drogaren ordezko eta horrela behar zutenek “legalki” lortzeko bidea zabalduz, delinkuentzia tasa jaitsiz Donostiako kaleetatik. Eztabaida eta iskanbila handiak izan ziren urtetan (Aldabalde, Txus Congil, “Proyecto hombre”…), gero Osakidetzak zerbitzua onartu eta antolatu zuen arte. Urte batzuetara, fiskalaren arabera, psikiatra izan zen garrantzitsua (veste batuekin batera jakina) droga menpekotasunak sortzen zuen delinkuentzia desagertarazteko Donostiako kaleetatik.
40 urtetan psikiatria bulegoa zabalik izan zuen Donostian eta zazpi mila bezero baino gehiago artatu omen zituen, mota guztietakoak; garai batean hedabidetan ere presentzia izan zuen, irrati saioetan eta telebistako mahai inguruetan, pertsonaia ezaguna izanik hirian.
Arkitektura eta urbanismoa sakonki interesatzen zitzaizkion, 2003an “José Goikoa arquitecto, autor de Donostia” liburu mardula argitaratu zuen, aurkezpenean Telletxea Idigorasek, esan zuen “ezinbesteko liburua zela Donostiako historia ezagutzeko”. XIX. mendea urtez urte analizatzen du Donostian gertatutakoa.
Artikulu idazlea, 2.000. urtean abuztuaren 31n, Donostia 1813 izenburuko lana argitaratu zuen Egunkarian (itxi aurretik), non salatzen zuen armada espainiarren ardura Donostiako suntsiketan, aurreikusitako mendekua besterik ez zela izan, 104 beranduago Gernikako bonbardaketa bezala.
Hizlari trebea eta oparoa, urtero hitzaldiak ematen zituen entzuleak harrituta eta liluratuta utzirik, hitz egiteko eta ideiak transmititzeko zuen sinesmena eta jartzen zuen pasioagatik, ausarta, ez zen kikiltzen eta erantzuten zien gai polemikoei beldurrik gabe, salaketak eginez.
2013an azken liburua argitaratu zuen “Lo basko. Euskaldunak”, 80 bat urterekin bizitzaren eskarmentuarekin idatzitako lana, euskal kulturaren unibertsaltasuna erakutsi nahian, konplexurik gabe, apologia eginez, goi mailan jarriz euskal baloreak, memoria, historia, demokrazia, kultura, musika, euskara, margolariak, artea, industria, arrantza… Balore unibertsalen oinarriak eta hastapenak bilatzen eta aurkitzen zituen Pininioan, Nfarroan, euskal kulturan, hemendik garatu zirelarik Madrilen, Parisen eta Londonen maila goreneraino. Euskal kulturaren apologista nabarmena.
Donostia Sutan kultur elkarteko lehendakaria, azken urtetako ondoezak ez digu aukerarik eman nahi bezala harremantzeko, sakontzeko jakindurian, urte guztiek kolpatzen dute, bizitzaren legea, azkenean uste gabeko heriotzak erakustsi digu zurekin genuen zorra, baina jarraituko dugu lanean erakutsitako bidea jarraitu nahian. Goratzarre hau urte guzti hauetan zugandik ikasitako guztiaren zerbait eskertzeko, zure harrera, konpainia, lan egiteko gaitasuna, indarra eta unibertsaltasuna, ez dugulako inoiz ahaztuko.
Agur eta ohore, doluminak Rosi, Beñat, Andoni eta gainontzeko senideei.