1512ko Konkista hizpide, Nafartarrak taldekoen hitzaldi sortari ekiteko
[2012-04-13]
Nafarroa konkistatu zuteneko bosgarren mendeurrena betetzen den honetan, hitzaldi zikloa antolatu du Nafartarrak taldeak apirilaren 17tik 26ra. Konkista bera hizpide duen hitzaldiak emango dio hasiera hain zuzen, apirila amaierara arte antolatu dituzten ekitaldiei. “1512. Nafarroaren konkista” izenburupean Beñi Agirrek hitzaldia eskainiko du Sutegin, datorren asteartean, apirilaren 17an. Ordu eta leku berean burutuko dira baita, hezkuntza, ikurrak, euskara edota independentzia gaiak jorratuko dituzten gainerako saioak ere. Hona hemen, egitarau osoa:
Apirilak 17, asteartea: “1512. Nafarroaren konkista”
Hizlaria: Beñi Agirre.
Ordua: 19.00etan
Edukia: 1512an Albako Dukeak (armada gaztelar eta aragoarren buru) aske zirauen nafar lurraldea inbaditu zuen. Erresistentzia luzea izan zen, baina tragikoa ere bai, gertaera gogoangarriak eman baitzituen: Amaiur, Noain, Hondarribia, Nabarrako Pedro… ezkutuan gorde den historia baten gako garrantzitsuak dira.
Apirilak 18, asteazkena: “Hezkuntza transmisioa bakarrik al da?”
Hizlaria: Mirari Bereziartua.
Ordua: 19.00etan
Edukia: Hezkuntza zertarako den geure buruari galdetzea, euskaldunontzat herri bezala bizi-irauteko estrategikoa da. Edozein herrirentzat, zer da eta zertarako da hezkuntza? Zer zentzu eman diote herrien ibilbide luzean hezkuntzari eta nola bermatu dute? Gure herriaren ibilbide luzean zer zentzu eman diogu eta nolako bermeak topatu ditugu? Nola proiektatzen dute euskal eragile desberdinek beraien mezu eta eginkizunetan hezkuntzaren zentzua eta bermea? Nahikoa al da edozein hezkuntza sisteman euskara sartzea, herri baten biziraupena bermatzeko? Euskal Herria eta ikaslea ardatz dituen hezkuntza proiektu bati irtenbide inteligenteak topatzearen erantzukizuna dugu. Akatsak ere ikasgai dira, elkar epaitu beharrean hobetzeko aukera bihurtzen ditugunean.
Apirilak 20, ostirala: “Ikurriña-nafar bandera: mahai ingurua”
Hizlaria: Luis Mari Martinez Garate.
Ordua: 19.00etan
Edukia: gure herrian historikoki hainbat sinbolo garatu dira; batzuk oso berriak dira, berriki asmatuak, gure errealitatea kontutan hartu gabe. Baina sinboloak ez dira neutroak; badaukate beren esanahia; eta esanahi horrek lotura handia du identitatearekin; beraz, ondarea dira… Gai honek ikuspegi asko ditu; eta azken urteetan ikusi dugu ikurrina agertzen zen tokian, bandera nafarra agertzen hasi dela; ze eztabaida dago bandera hauen artean?
Apirilak 24, asteartea: “Independentziaren bideragarritasun ekonomikoa”
Hizlaria: Oscar Arantzabal.
Ordua: 19.00etan
Edukia: 2008an hasi zen sistema kapitalistaren finantza krisiak kolokan utzi du orain arteko ekonomia eredua. Nazioarteko egoera berri honetan, paradigma ekonomiko berriak estatu txikien alde jokatzen du. Krisiak subjektu sozioekonomiko bakoitzaren indar-guneak eta ahulguneak azaleratu ditu. Irtenbiderako ardatz diren nazioartekotzean eta berrikuntzan, Euskal Herria beste batzuk baino hobeto dago. Burujabetza praktikorako urratsak aztergai.
Apirilak 26, osteguna: “Euskera, Hizkuntza bat bere bakardadean”.
Hizlaria: Pako Aristi.
Ordua: 19.00etan
Edukia: Bi hizkuntza hegemonikoen erdian, menpeko hizkuntza baten egoera petrala bizi du egun euskarak. “Normalizazioa”ren etiketaz mozorroturiko anti-politika baten ondorioz, piramide sozialean desagertzen ari da, eta laster kaletik ere bai. Botere politiko propiorik gabe euskara “ad eternam” izango da mendeko hizkuntza, hizkuntza morroitua, sinbolikoa bere hutsean, fosil bihurtzeko bidean.
Apirilak 27, ostirala: “Gartxot” filma
Zuzendariak: Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi.
Edukia: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegi.
Sarrerak: 5 euro.