Independentismoaren formulazio berri baterantz

Abertzaletasuna herri mugimendu soziopolitiko eta kulturala izan da, itotzen ari zen euskaldun herriaren erreakzio modu bat. Mugimendu horrek forma desberdinak hartu izan ditu, XVIII. mendetik hona naziotasuna definitzeko, eta definizio desberdin horietatik abiatuz, estrategia politiko bat ehundu eta garatzeko. Abertzaletasun horrek ezaugarri nagusi izan du, hastapenetatik gaur egunera arte, erreaktiboa eta esentzialista izatea; hau da, faktore objektiboak (arraza, tradizioa, historia…) azpimarratu izan ditu, irizpide subjektiboen (borondatea, kontzientzia) gainetik. Espainiar/frantziar nazionalismo zanpatzaileen kontra eta herriaren biziraupenaren alde borrokatu behar zuen abertzaletasunak, eta, beraz, baliteke testuinguru horretan irizpide esentzialen defentsan aritzea logikoa izatea.

Bide horretan, Manuel Larramendi (1690-1766) apologistari euskararen eta abertzaletasunaren aldarrikapenak existentziaren zati handi bat jan zion. Ilustrazio berdintzailearen (eta Azkoitiko Jauntxoen) kontra, nolabait, eta Foruak pixkanaka eta mingarriro galtzen ari zen herri baten testuinguruan ulertu behar da bere obra. Defentsa bat da, esaterako, hark egin zuen euskararen apologia nabarmena (aurreneko 72 hizkuntzen jatorrizko hizkuntza izendatu zuen euskara) eta euskal endaren aldarrikapena. Larramendiren (aurre)nazionalismoa ere, foruen defentsan errotu zela esan daiteke. Modu berean ulertzen ditugu Arturo Campionen (1854-1937) eta Sabino Aranaren (1863-1903) ekarpenak. Aitortu behar da, orain Aranaren hainbat ideia arbuiatzen ditugun arren, esentzialistak eta arrazistak direlako -arrazistak, hala ere, garai hartan Ortega y Gasset, Unamuno, Jünger (EHUk Honoris Causa doktore izendatua) eta abar ere izan ziren-, Aranak ederki birmoldatu zuela abertzaletasunaren planteamendua, foru arazotik nazio arazora pasatu zuenean. Bestela ere, libre izatea justifikatzeko, historiaz baliatuko da Arana (arraza, ohiturak, tradizioak, aiurria, hizkuntza… ere azpimarratuz, historikoki Espainiatik objektiboki bananduak leudekeenak), baita Campion ere (Nafarroako erreinuaren historia berreskuratuz eta abar; azken horrek, batere arrazismorik gabe eta herria bere osotasunean hartuz egin zuen -Nafarroa edo Euskal Herria-, Aranak ez bezala).

Testuinguru berean uler daiteke Jon Miranderen (1925-1972) pentsamendua ere. Kristautasunaren (demokraziaren, bakezaletasunaren… hitz bitan: Nietzschek salatutako dekadentziaren) sitsak jandako herri batean, indarkeria eta supergizaki nietzschearraren karakterea, euskal etnia zaharraren gogo-basa, predikatu zituen. Gero, 60ko urteetan, Jorge Oteiza (1908-2003) euskal arimaren edo estiloaren bila abiatu zen estetikatik, nolabaiteko esentzia (estropada, dantzari, txistulari eta bertsolariengan ikus daitekeena, bere aburuz) bat aldarrikatzeko. Joseba Gabilondok azken horri «esentzialismo estrategikoa» deitu izan dio.

Laburtuz: abertzaletasunak faktore objektiboetatik abiatuz gorpuztu izan ditu bere planteamendu politikoak berrehun urtean. XX. mendeko abertzaletasuna honelaxe garatu da: 1930era arte, irizpide objektiboa arraza eta lurraldea izan dira; 1960tik aurrera, hizkuntzan oinarritu da nazio diskurtsoa. ETAren sorrerarekin, irizpide horri elementu iraultzailea gehitu zaio: Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena da naziokidea eta abar. 1990etik aurrera, elementu demokratikoa sartu da aldarrikapen nazionalean: autodeterminazio eskubidea. Handik aurrera, diskurtso demokratikoa indartuz joan den arren, hizkuntzaren irizpidea eta historia nabarristarena indartu dira berriz ere. Abertzaletasunak, hortaz, diskurtso kontrajarriak izan ditu, eta dauzka, hainbat faktore objektibotatik (ohiturak, historia, hizkuntza, lurraldea…) definitzen baitu naziokidea, bai eta askapenerako estrategia eta subjektu politikoa ere.

Nazioa faktore objektiboekin mugatzeak, hortaz, erresistentzia estrategia bat erakusten du, abertzaletasunak azken bi-hiru mendeetan jarraitu izan duena. Aitzitik, erresistentziatik eraikuntza fasera igarota gaudela dirudienez, badirudi estrategia berean tematzea akats larria egitea dela. Akats bera errepikatzea baita, adibidez, Nekane Juradok «Independencia: de reivindicación histórica a necesidad económica» liburuan (Txalaparta. 2010) socialismo identitario vasco erredundantea proposatzea. PSOEk socialismo identitario español izendatzen al du berea? Zergatik ez sozialismo independentista?

Abertzaletasunetik independentismora igarotzeak esan nahi du, hortaz, nazioa eta subjektu politikoa tradizio, historia edo folklorearekin erabakitzetik, borondatearekin erabakitzera igarotzea (kontuz, honekin ez da ukatzen nazioak historia bat duenik!): hau da, antagonismo esentzialistatik antagonismo politikora pasatzea. Aurrekoarekin uztartuz, «Argia»-k egindako elkarrizketa batean Imanol Galfarsorok zioen bezala: «Independentziaren prozesuak berak eratu eta gauzatzen du independentziaren subjektua» (2009-09-27). Horregatik, independentziaren prozesuak berak erakusten du antagonismoa kontrajarriak diren bi proiektu politiko hauetan funtsatzen dela: alde batetik, Euskal Herriaren burujabetza espainiar/frantziar estatuaren subiranotasunaren mende ulertzen dutenen, eta, bestetik, espainiar/frantziar estatutik aske ulertzen dugunon artean. (Parentesi bat: hasieran aipatu dudan borondate hori zer faktore sozial, historiko edota linguistikok egituratzen duten -edo egituratu behar duten- aztertu eta erabaki behar da, borondatea ezerezetik ez baita sortzen. Zentzu horretan, Euskal Herri euskalduna erdiesteko, adibidez, ezinbestekoa da borondate hori euskararen zentraltasuna kontuan hartuz egituratzea: hala ere, teorizazio gutxiagoz, eta praktika gehiagoz.)

Independentzia eta sozialismoaren aldarrikapen herritarrak, hainbat aldarrikapen demokratikoren (aldarrikapen ekologikoak, linguistikoak, internazionalistak, historikoak, soziopolitikoak, kulturalak…) isla dira. Izan ere, aldarrikapen demokratikoak anitzak dira, J. M. Castells eta EHUko beste hiru irakaslek independentismo errepublikanoa errebindikatuz erakutsi duten bezala. Independentismoak mila motibazio izan ditzake helburu hori nahi izateko: motibazio horiek bata bestearen kontra planteatu ordez, inteligenteagoa da estrategikoki guztiak independentziarako prozesuan bidaia lagun izatea.

Ondorioz, faktore objektiboak, esan daiteke barrura begira-edo, subjektu independentista indartzeko erabiltzen ditugula, ez independentziara bidean estrategia politikoa artikulatzeko. Bestelakoa da, aldiz, kanpora begira dauden arau objektiboak kontuan hartu behar izatea. Baina arau horiek ez ditugu guk jartzen, paradigma sozioekonomiko-politikoak eta Europak baizik. Legeria internazionalak esaten digu, esaterako, zer faktore objektibo behar diren izan estatu aske bat izateko (1933ko Montevideoko konbentzioaren arabera, lurralde mugatu bat eta beste estatuekin harremanak izateko gaitasuna, besteak beste). Faktore objektiboak, hortaz, independentziara bidean legeria internazionalek markatutako baldintzak lortzeko dira baliagarriak, inolaz ez independentismoa artikulatzeko.

Bukatzeko, beraz, ez ditugu behar gure identitatearen faktore objektiboak (diferentzialak) azpimarratuko dituzten pentsalariak (Oppenheimer genetista, kasu), baizik eta independentzia lortzeko nazioarteko jurisprudentziaren zirrikitu guztiak arakatuko dituzten abokatu gehiago. Independentismoa diferentzia azpimarratzen zuen erresistentzia fasetik berdintasun politikoa (beste nazioen eskubide berberak) azpimarratuko duen fasera igaro behar da: irabazteko garaira.

 

 

Gara-k argitaratua