Digresioak: idaztea, eskribitzea, gizarte zientziak, poesia eta abar

Sandinistek erabateko porrota ezagutu dute, beste zenbait arrazoiren artean paradisura (lehengo Sobietar Batasunera) «fedearen bila» joaten zirelako

Barkatuko didazu, irakurle, baina azken hilabeteotan zurrunbilo batean erabat murgilduta egon naizenez, digresio edo excursus modura, zilegi bekit ondokoa aipatzea.

Margaret Atwood kanadar idazleak dioenez, «Idazle izan nahi baldin baduzu, topa dezakezun liburutegirik handienera sartu behar duzu, eta idatzi diren liburuei hor so eginez egon. Orduan zeure buruari galdetu behar diozu, `Badaukat ezer gehitzeko?’ Baietz esateko harrokeria edo umiltasuna badaukazu, ezagutuko duzu bokazioa duzula.» Aski ote?

Graham Greem-ek honela laburbiltzen du idazlearen jarrera: «The important thing is to write about things that matter», hots, gauza mamitsuez idaztea da garrantzitsua.

Zeintzuk ote dira garrantzizko gauza horiek?

Natur zientzietan ez dago eztabaida handirik, badagoelako metodo zientifikoa zientzia eta sasi-zientzia bereizteko, hots zientzia eta zaborra argi bereizteko. Baina gizarte zientzietan?

Gazteago nintzela, 1960ko hamarkadan, ekonomiari buruz hamaika lan irakurri nituen, Marxen «Alokairua, Prezio eta Irabazia» liburuxka ederrarekin hasita.

1970eko hamarkadaren lehen urteetan, kapitalismo industriala zen nagusi, edo behintzat hala uste genuen. Gutxienez, Estatu espainolean kapitalismo industrial basatian bizi ginen. 1972an, «Anaitasuna» aldizkarian ohiko kapitalismo industrialari buruz hasi nintzen zertxobait plazaratzen.

Argi dagoenez, egungo kapitala, batez ere eta bereziki, finantzarioa da. Kapitalismo industriala, eta berari loturik zeuden Marxen plusbalioaren analisiak, balio-teoriari buruzko aspaldiko eztabaidak labur samarrak geratu dira. Izan ere, dena, edo ia dena zeharkatu du kapital finantzarioak. Bera da nagusi, bera da agintzen duena, bera da ikertu behar dena. Berari aurre egin behar zaio. Are gehiago, finantza-sistemak bereganatu egin du ekonomia erreala. Dena den, Marxek, beste era batera noski, zutik irauten du.

Gizarte zientzien izenean, ia denetarik ikusi dugu, baita pairatu ere. Kasurako, 2002ko uztailean «New York Review of Books» delakoan S. Kinzer-ek artikulu interesgarri bat argitaratu zuen Nikaraguaz, «Country without Heroes» izenekoa. Bertan Nikaragua osoaren porrota agertzen du autoreak, hasi fronte sandinistarekin eta azken ilusio izpirik gabeko jendearekin bukatu. Tartean, odola, hilak, zaurituak, elbarrituak, gosea, miseria… zertarako eta, azken hauteskundeetan, Ortega jaunak enpresa erraldoien eta banku handien laguntza eskatzeko. Sandinistek erabateko porrota ezagutu dute, beste zenbait arrazoiren artean paradisura (lehengo Sobietar Batasunera) «fedearen bila» joaten zirelako: «…hicimos peregrinajes a Moscú como si fueramos musulmanes yendo a la Meca» dio sandinista ohi batek (ikus ere G. Belli-ren «El país bajo mi piel» izeneko liburu eder eta mamitsua). Erromes mota asko dago, oraindik ere, gure artean.

Beste aldetik, ekonomia-zientzia ideologia hutsa bilakatu dute neoliberalek. Fede berria da nagusi hala unibertsitatetan nola komunikabideetan zein «adituen» artean. Zaborra barreiatu egin dute.

Idaztea eta eskribitzea (edo izkiribatzea) bereizi zituen gure Gabriel Arestik.

Idatzi, bai, baina zertaz? Literaturaz? Poesiaz? Ongi. Eta bitartean, zer?

Bitartean gauza askotxo gertatzen dira munduan, baita gure Euskal Herrian ere. Literatura, poesia, kultura, politika, konpromisoa, elkartasuna… eta euskal gazteria.

 

Gara-k argitaratua