Azken asteotan ikusi dudanez, gure herriko leiho askotan Realaren bandera txuri-urdina zintzilikatu dute. Ni ez naiz batere futbol zalea baina badakit, nola ez, aipatu futbol taldea mailaz igotzear dagoela. Eta primeran iruditzen zait taldearen ikurra den oihal pusketa ixigitzea etxeko erakusleihoan. Orion ere bandera horiz agertzen dira etxeetako hormak estropada garaian. Eta badira, beste gai baten harira, presoak euskalerriratzearen aldeko kanpaina egiten dutenak jada guztiontzat ezaguna den bandera jarriz. Nahi duenak libre dauka babestu nahi duen horren aldeko jarrera azaltzea. Edo ez?
Txikia nintzenean gogoan daukat urtean behin Ikurrina zintzilikatzen genuela leihoan. Amak ateratzen zuen oihal handi hura, ondo lisatu eta ahizpak eta biok laguntzen genion zintzilikatzen. Harro geunden gure euskalduntasuna azpimarratzen duten koloreak erakusteaz […].
Gaur egun ez da apenas Ikurrinarik ikusten leihoetan. Soilik Realaren aldeko banderak. Euskara ez da batzen gaituena, futbol-taldea baizik. Beldurrik gabe aitortzen dugu zein kirol taldekoak garen, seme-alabei kamisetak, erlojuak eta puzzleak erosten dizkiegu; eta errezeloz begiratzen ditugu Ikurrinak eta presoen aldeko oihalak leihoetatik zintzilik. Zerbait gaizki egin dugu.