«Everestek xarma galdu du»
30 urte dira gaur Pasang Temba sherparekin Everest igo zuela. Urrun du egun hura Martin Zabaletak, egungo himalayismoa urrun duen gisa berean. Ordukoak berritu eta egungoak jorratu ditu lerrootan.
Amerikako Estatu Batuetako Montanan bizi da azken hamar urteetan, Bozeman izeneko herrixkan. Inguru lasaia, baketsua. Etxetik ordubete eskasera du Yellowstone parke nazionala, «Yogi hartza bizi den lekua». Mendia bertatik bertara, gertu, mendiak bizi baitu Martin Zabaleta (Hernani, 1949). Mendi gidari lanetan 1974an hasi zen, Felipe Uriarte eta Julio Villarrekin, eta zeregin horretan dihardu AEBetan. «Urte bukaeran Aconcaguara joango naiz, baina azken aldian gutxiago irteten naiz. Familia eta gidari lanak uztartzea zaila da». Susan emaztea eta Lorea alaba ditu egunerokoan bidelagun, eta alaba (10 urte) hasia da katu oinak jantzi eta aitaren bidetik.
Euskal Herrian Everesti lotuta jarraitzen du Martin Zabaletaren izenak. Gaur dira 30 urte Pasang Temba sherparekin munduko gailurra jo zuela. Hernanira ekainarekin batera etorriko da, eta maiatzaren 14 urrun hartan Everest igo izana ospatuko du, gertukoekin: «Badakit Joxean Goikoetxea eta beste hainbat zerbait prestatzen ari direla. Ospatuko dugu, ziur; izango da zerbait».
1980ko maiatzaren 14a. 30 urteren ondoren, zer datorkizu burura?
Urrutiko eguna dut. Momentu hartan ilusio handia egin zidan, baina gaur egun buruhausterik ez dit ematen. Mendira joaten jarraitzen dut, baina beste era batera; gustuko jarduerak egitera noa mendira, alpinismoa egitera.
Mendizale izan edo ez, garai hura bizi izan zutenak oroitzen dira egun hartaz. Martin Zabaleta eta Everest lotuta zaudete ezinbestean.
Euskal Herriak garai zailak bizi zituen, eta guk ilusioa ekarri genuela uste dut. Everest igo izana sinbolo bat bezalakoa izan zen, gure nortasunaren eta gu geu izatearen aldarri moduko bat. Inoiz sentitu dut danborrada handi samarra, eta pasarte hura pasatzeko nolabaiteko gogoa. Baina jendeak oso barruan darama Everest hura, eta ulertzen dut.
Ordutik mendian ibilbide luzea egindakoa zara: Ama Dablam mendian bidea ireki zenuen 1985ean, Patagoniako eskaladak… Everestek itzalpean utzi al du zure ibilia?
Akaso, bai; baina ez nau kezkatzen. Mendia niretzat egiten dut, ez dut propaganda iturri. Inon ez dela nire eskaladen berri ematen, ba ez dit axola; lagunekin eskalatzeak gogobetetzen nau, niretzat eskalatzen dut, ez hedabideentzat.
Zer eman eta zer kendu dizu Everestek?
Kendu ez dit ezer kendu; lagundu, aldiz, bai. Gidari lanetan ibili naizenez, Everest igo izana lagungarria izan dut, bide asko irekitzen lagundu dit. Pena bat badut, ordea, lagundu didan jende askori nahi bezala eskertu ez izana.
Denboran jauzi eginda, Himalayara joateko beste garai bat zen ordukoa. Espedizioa nola prestatu zenuten?
Azpiegitura oso handia izan zela dut gogoan: 500 zama eramaile, 25 sherpa mendian guri laguntzeko eta hiru hilabeteko espedizioa. Baina beheko kanpalekura iristeko, altuerara egokitzeko, bidea prestatzeko eta tontorrera igo ahal izateko, denbora asko behar zen orduan.
Nolakoa izan zen tontorreko eguna?
Pasang Tembak eta biok ireki genuen bidea goraino. Hego tontorreraino elur asko zegoen, eta oso nekagarria egin zitzaigun. Azken ertzean, Hillaryren Pasabidea gainditzea izan zen igoerako gauzarik ederrena. Hori gainditu eta tontorrean zegoen txinatarren tripodea ikusi nuenean nire barruak buelta eman zidan. Tontorrerako azken metroak laino tartean egin genituen eta iritsi ginenean besarkadak, poza, behean zeudenekin partekatzeko beharra…
Zurearen aurretik, gailurrerako beste bi ahalegin izan ziren 1980ko espedizio hartan. 1974ko Tximist espedizioak ere ezin izan zuen tontorra jo. Zerk bultzatzen zintuen zu gora?
Tontorrera iristeak. Denbora oso astiro doa altuera horietan, mundu honetatik kanpo zauden sentipena erabatekoa da, eta garbi eduki behar duzu berriro errealitatera itzuli behar duzula eta beheranzko bidea hartu. Presiorik ez nuen izan, lasai joan nintzen gora. Hori bai, tontorrerako bidean pentsatzen nuen gusturago igoko nintzela taldekideren batekin edo beste sherpa batekin; Pasang ez zen indartsuena eta aproposena. Zalantzak horrek eragin zizkidan, batez ere.
Hego lepotik gora Juan Ignacio Lorente espedizioburuarekin hasi zenuen saioa.
Lorente eta beste bi sherparekin, baina 8.150 metrora Lorente ez zen ondo sentitu eta behera egin zuen, hego lepora. Gure zain han geratu ziren, 8.000 metrotan jarritako kanpalekuan.
Igoera gogorra izan zen, baina jaitsiera, are latzagoa.
Tontorrean 45 minutu egin genituen. Argazki batzuk atera, bideoarekin irudi batzuk hartu… Jaisten hasita irrist egin zuen Pasangek, eta iparraldera erortzen hasi zen. Elkartu ginenean konturatu nintzen ez zihoala ondo, eta bioi oxigenoa bukatu zitzaigula. ‘Pasatu aurrera’, esan nion Pasangi, eta sokarekin lotu nuen. Hillaryren Pasabidea igarota beste tiraldi bat sumatu nuen sokan; irrist egin zuen berriro, eta zintzilik geratu zen. Leher eginda zegoen, baina gutxienez hego tontorrera iritsi behar genuela esaten nion, artesi bat ikusi bainuen gorakoan. Han pasatu genuen gaua, 8.700 metrotan. Deitu nien beheko kanpalekura, eta haiek jaisteko esaten zidaten.
Aukerarik ez zenuen ikusten, ordea.
Gaur egoera horretan egongo banintz behera jaitsiaraziko nuen, nola edo hala. Pasangek, ordea, ezin zuen. Dar-dar batean egon ginen orduetan, motxilaren gainean. Gaua oso gogorra izan zen; ez urik, ez oxigenorik, ez lo zakurik, ez dendarik, ez janaririk eta sekulako hotza. Bibak gogorra izan zen. Hurrengo egunean Lorentek bi sherpak bidali zituen guregana, tearekin eta oxigenoarekin. Hunkigarria eta eskertzekoa izan zen haiekin elkartzea.
Hego lepora jaistea nolabaiteko salbazioa izan zenuten, ezta?
Lorente besarkatu nuen. Hego lepoa, berez, oso leku basa da, haizetsua eta gogorra, baina egun hartan, etxearen parekoa izan zen. Dendan sartu, tea, janaria… Denetik neukan. Lorentek eta sherpek izugarri ondo kontu egin zidaten. Ez nuen beste gau bat iraungo kanpoan. Jota nengoen, erabat deshidratatuta; hiru egunean ez nuen litro bakar bat edango. Hurrengo egunean, hirugarren kanpalekutik gora zetozen Xabier Erro eta Felipe Uriarte, eta haiek ere sekulako harrera egin zidaten.
Pasang Tembak eta zuk jo zenuten gailurra. Lorpena, ordea, talde osoarena izan zela, herri osoarena, azpimarratu izan duzue beti.
Bai, bai. Tontorrera ni iritsi nintzen, baina ez nuen nik bakarrik igo. Prestaketak eta mendiko lanak taldean egin genituen. Niri tokatu zitzaidan une hartan prest egon eta eguraldi tarte ona agertzea. Ez zuten uste igoko ginela, arratsaldero elurra egiten zuelako eta nekatuta geundelako.
Tontorreko argazkia ezaguna da oso: Pasang Temba ageri da, ikurrina eskuan duela. Irudiko ikurrina non dagoen ba al dakizu?
Poloniako mendiko museo batean dagoela uste dut. Ikurrina tontorrean iltzatu genuen eta Kukuckza eta Czok poloniarrak egun gutxiren buruan iritsi ziren Everesteko tontorrera, Poloniarren bide ezaguna irekita. Haiek jaitsi zuten ikurrina, eta museo hartan utzi zutela uste dut.
Zuk ere hartu zenuen tontorretik oparia, ezta?
Garai hartan ohitura zen; espedizio bakoitzak zerbait uzten zuen tontorrean. Negu hartan poloniarrek igo zuten, eta aita santuak emandako arrosarioa utzi zuten. Ez naiz erlijiozalea, baina hura hartu nuen amarentzat, eta tontorrean ikurrina utzi nuen.
Zuen garaiko espedizioek eta egungoek zerikusi gutxi dute.
Everestekoa eta Himalayakoa garai bat izan ziren, baina halakoek ez naute gogobetetzen, ez ditut gustukoak. Mendi altuak dira, Himalaya da, baina alpinista batentzat garrantzirik ez dute goi mendi horietako jarduera gehienek. Hedabideek, komunikabideek garrantzi handiegia ematen diete zortzimilakoei, eta igoera gehienek alpinismotik gutxi dute. Everestek xarma eta lilura galdu du.
Miretsiegiak al ditugu zortzimilakoak?
Garai hura pasatu zen. Pentsa, Everesten bide normalean soka finkoa tontorreraino jarri dute sherpek egunotan, eta eguraldi onaren zain daude hirurogei bat mendizale. Beste mundu bat da.
Jarraitzen ari al zara Edurne Pasabanen eta Juanito Oiarzabalen ibilia?
Jendeak zortzimilako mendiak bide normaletatik igo nahi baditu, igo ditzala, eta horretarako dirua lortzen badu, ba ederki. Baina esango nuke ordaindutako opor moduko batzuk direla. Zortzimilakoen mundua zirku baten parekoa bihurtu dute. Himalayan bertan badira mendi txikiagoetara joan eta garrantzi handiagoko igoerak egiten dituzten alpinistak. Euskal Herrian bertan hainbat gazte maila onean dabiltza, eta haien jarduerak ezagunagoak dira alpinismo munduan Edurne Pasabanenak eta Juanito Oiarzabalenak baino.
Tolo Calafatekin Annapurnan gertatuek ika-mika piztu dute. Zer iritzi duzu?
Ez dakit zer gertatu zaion, baina sherpekiko errespeturik ez du erakutsi Oiarzabalek. Haiek ere mendian ziren, zergatik ez zuten lagundu Calafat? Ez da bidezkoa besteei leporatzea beraiek egin ez zutena. Juanitok hainbeste zortzimilako igo ditu, hainbeste espediziotan izan da, hainbeste ezbehar ikusi ditu… akaso bihotza gogortu egin zaio. Ez dakit zer gertatzen den, baina hura K2tik atera zuten Iñurrategi anaiek. Nik uste ahalegin bat egingo nukeela, ez nuela han utziko.
Hirurogei urterekin, mendiak bizi al zaitu?
Mendia niretzat bizia da, beharrezkoa dut. Mendia utziko banu, zerbait hobea bilatu dudalako izango litzateke, eta orain artean halakorik ez da gertatu. Bizia ematen dit mendiak, nahi dudan lekuan askatasunez ibiltzeko modua dut. Lagunarekin eskalatzen ari naizenean ahaztu egiten naiz mundu honetaz. 60 urte beteak ditut, baina alpinismo gosez jarraitzen dut; gazte mantentzen laguntzen dit eta ilusio handiarekin bizitzen.
Zeintzuk dituzu gustuko mendiak?
Etxetik gertu izotz bideak eratzen dira neguan, eta izotzetan eskalatzea gustatzen zait, edo Patagoniara joatea. Teknikoki prestaketa bat eskatzen eta zailtasun bat duten eskaladekin gehiago gozatzen da. Teknika eta eskalada horiek Himalayan aplikatzea gustatuko litzaidake, baina ez bide normaletatik igotzea. Izotz eskalada deskubrimendu bat izan da niretzat; Banffen, Kanadan, izan nintzen eskalatzen, euskaldun batzuekin. Gozamena izan zen.