Eztabaida? Bai, mesedez!

Oso zaila bide da eztabaidatzea. Norbera bere linbo edo zulo «teorikoan» egon ohi da, harik eta mundua aldatu arte. Badakizue, munduaren garapena esplikatzeko gure teoria ez badagokio, alda dadila mundua, ez gure teoria. Horixe ei da jarrera.

Baina oso noizean behin eztabaida pizten da. Honetan ekonomia arloan piztu da. Arazoa Nobel sarien beharra (ala ez) izan da eta, zehazki, orain dela gutxi hil den Paul Samuelsonen Nobel sariari buruzko eta, oro har, haren teoriei buruzko eztabaida.

Samuelsoni 1970ean eman zioten Ekonomiako Nobel saria. Urte horretan bertan Michael Hudsonek saria bera kritikatu zuen, baita Samuelsonen analisiak ere: http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2009/12/elegant-theories-that-didnt-work.html.

Funtsean hauxe esaten zuen Hudsonek:

a) Bigarren Mundu gerla eta gerorako, jadanik gauzatu zen klasikoen kontrako iraultza. Haren testuliburu nagusia Paul Samuelsonen «Economics» izenekoa izan zen.

b) Orain erakusten denak ez du inolako zerikusirik munduan dauden arazoekin.

c) «Zientifikoak» ote dira errealitate ekonomikoa deskribatzen ez duten teoriak? Aplikatzen direnean, desoreka ekartzen duten teoriak?

Zehazki,

d) Samuelsonen faktore-prezioko berdintasun teorema antzua da. Alokairuen eta mozkinetarako nazioarteko ekonomiaren joera bat egitera eraman gabe, analisi enpirikoa, bistakoa denez, kontrakoa da. Nazioarteko alokairu mailak eta bizitza estandarrak aldenduz doaz: hartzekodun nazio aberatsak aberatsago bilakatzen dira zordun herrialde txiroak txiroago bihurtzen diren bitartean. Kapital transferentziek (nazioarteko inbertsioa eta «laguntza») arazoa txartu dute.

e) Hala ere, Samuelson jauna Akademiako korronte nagusiaren erakuslea da, irudikatzerakoan ezen, munduan zehar, indar ekonomikoek botere produktiboak eta errenta pertsonalak berdintzera jotzen dutela ez badute oztopatzen gobernu-politikek desorekatzeko dauzkaten ezpurutasunek. Azterketa historikoak frogatu du merkatu «libreko» indarrek gero eta gehiago nazio aberatsagoen alde jokatu dutela, herrialde atzeratuetan garapena atzerarazi duten bitartean. Soilik «ezpurutasun» politikoek eta instituzionalek, gobernuen enplegurako politikek kasu, historia ekonomikoaren ibilbide «naturala» indargetu dute, nazioartean garapen ekonomikoaren nolabaiteko berdintasuna eta oreka lortu nahiz, ekonomia «naturalak» dakarren desoreka konpentsatzeko asmoz.

Eta Nobel sariari buruz:

g) Soilik ekonomian gertatzen da hau; erabat kontraesankorrak diren bi teoriak, biak gai izan dira Nobel sarirako. Saria oso onuragarria izan daiteke nazio multzo baterako eta erabat arbuiagarria beste herrialde multzo baterako. (Gogoratu: Samuelsoni 1970ean Nobel saria eman bazioten, Milton Friedmani 1976an eman zioten).

h) Aurten [1970ean] hipotesi «puruetatik» ateratako emaitza teorikoak frogaezinezkoak dira, zeren oso estatikoak baitira, munduaren garapen dinamikoa gelditu behar baitzen emaitzok frogatzearren. Hala ere, frogaezinezko emaitza teorikoari eman zaio saria.

(Hudson-ek 2000an ere Samuelsonen faktore-prezioko berdintasun teorema berriz kritikatu zuen: «The Use and Abuse of Mathematical Economics, Journal of Economic Studies».)

Krugman Nobel sariduna bere maisuaren alde azaldu da, sutsuki gainera (http://krugman.blogs.nytimes.com/2009/12/18/why-economics-is-the-way-it-is/), esanez Depresio Handian (1930ean) ekonomialari instituzionalistek deus gutxi zeukatela eskaintzeko, eta Samuelson bezalako ekonomialariek, keynestarrak zirenek, erantzun egokia eman zutela.

Hudsonek erantzun dio (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2009/12/michael-hudson-responds-to-paul-krugman.html) Samuelsonen metodologia berriz kritikatuz («The Gains from International Trade», 1939: «Hipotesi abstraktuko multzo baten ondorioak seinalatzerakoan, ez dela behar kontuan hartu errealitatea eta hipotesi horien arteko erlazioa»). Halaber, ikus http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2009/12/lost-science-of-classical-political.html.

Randall Wrayk ere erantzun dio (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2009/12/krugman-gets-it-wrong.html) Keynes baino lehenagoko amerikar ekonomialari instituzionalistak goraipatuz; esanez, geroago Keynesen ideiak beste instituzionalistek bereganatu zituztela «Samuelsonen matematizazio sinplista baino lehenago»; Samuelsonen teoria sinplistaren aurka, Hyman Minskyren Finantza Ez-egonkortasunezko Hipotesiak (http://www.levy.org/pubs/wp74.pdf) aipatuz, zeintzuk Krugmanentzat oso interesgarriak diren; Samuelson bezalako ekonomialariek zabaldutako fokapen «keynestar» sinplistak ez duela balio ez-egonkortasuna eta krisiak esplikatzeko azpimarratuz, eta abar.

Arazoa ez datza Keynesengan. Keynes modu askotara interpreta daiteke. Are gehiago, gure artean oso ospe txarra duen Keynes oraindik ere errebindikatu behar dugu. Ez bere osotasunean, noski (http://www.levy.org/pubs/wp_438.pdf, http://www.levy.org/pubs/wp_514.pdf), Marx bera ere, beste modu batez eta historikoki, errebindikatu behar den moduan (http://www.levy.org/pubs/wp261.pdf).

Kontua ez datza autore baten edo bestearen exegesian, alderantziz baizik. Autore horien emaitza onenetatik, lortu duten hoberenaz baliatzea harik eta gauden krisitik atera arte, sozialki onuragarri den programa minimo bat plazaratuz (http://www.levy.org/pubs/wp_578.pdf eta http://www.levy.org/pubs/wp_580.pdf). Eginkizun horretarako, exegesi mota guztiak soberan daude.

Gara-k argitaratua