Bob Doyle (http://irelandscw.com/ibvol-BobDoyle.htm) Irlandako Brigada Internazionalistako kide gisa egon zen Espainiako gerlan. Bere liburuan («Brigadista: An Irishman’s Fight Against Fascism»), Bilbon ezagutu zuen irlandar baten berri ematen du: Shevawn Lynam.
Shevawm Lynam Dublin-en jaio zen. Ez dakigu noiz. Lynam Alfred Hitchcock-en idazkaria izan zen, baita Robert Donat aktorearena ere. Gaztea izanda, oso hasiera ederra izan zuen bere karreran gorantz egiteko. Baina tuberkulosiak jo zuen Lynam, eta bi urte eman behar izan zituen Suitzako Arosako eritegian. Ingalaterrara itzuli zen Bigarren Mundu Gerla hasi zenean. Gerla horretan Informazio Ministeriorako aritu zen lanean, gero Marshall Planerako eta geroago UNESCOrako. BBC telebista katerako ere lan egin zuen. 1988an hil zen.
Lynam-ek euskal erresistentziari buruzko nobela idatzi zuen: «The Spirit and the Clay» (Izpiritu eta buztina), 1954an argitaratua.
Hitzaurrean dioenez, Mateo Zuloagari, hamalau urtez erbestean zeramatzan apaizari, gerlan gertatutakoak eta gerla eta geroko pasadizo adierazgarri eta gertaerak entzun zizkion arratsalde askoan zehar. Aita Zuloagari baimena eskatu eta berau jaso ondoren, Lynam-ek entzundakoa birkontatzea erabaki zuen, eleberri baten bidez.
Liburuaren hasieran Eusko Gudarosteak Santoñan pairaturiko traizioa azaltzen da. «Santoñako paktua» ezaguna da orain, baina nahiko ezezaguna 1954an. Bertan Italiako Gezi Beltzekoak, 30.000 euskal gudari, Ingalaterrarako enbarkatzeko prestakuntza, espainiar faxistak, traizioa, presondegia, On Mateo apaiza eta epaiketak aipatzen dira. (Santoñan preso egon zen gure aitari entzundako bera).
Kutsu kristau eta katolikoa nabarmena izan arren, bi Eliza desberdin azaltzen dira eleberrian: batetik, espetxearen eta bertako apaizaren jokaera, euskal gudarien kontrakoa, baita Frantziako Elizarena ere, Francoren aldekoa; bestetik, euskal apaizena.
Madril, Baiona, Paris, Pirinioak, muga… erresistentziako lan ezkutua, alemaniarren kontrako «Urrutia» batailoiaren borroka, europar demokrazietan jarritako esperantza, eta amaieran, bigarren traizioa, europar demokraziek lehentasuna «komunismoaren» aurka jarriz eta, finean, Generalisimoa onartuz.
Biarritzeko Villa Miranda izeneko etxean egindako bilera batean nobelako protagonistak konturatuko dira alemaniarren okupazioaren aurka borrokatutako aliatuek, jadanik Bigarren Mundu Gerlako irabazleak izanik, ez dietela lagunduko Francoren kontra beren demokrazia berreskuratzeko. Villa Miramar-eko bilera egin eta gero, euskaldunak bakarrik eta abandonaturik aurkitzen dira berriz. Oso adierazgarria da data: gerla bukatu (1939) eta hamabost urte pasatu ondoren, hots, 1954an.
Bigarren traizio horren aurrean, protagonista baten hitzak dira adierazgarriak: «(…) Jende arrunta besterik ez ginen bizitza baketsua eramanez, gerlak bat-batean horretara egotzi gintuenean. Soilik jendea, zeinari, arrazoi batengandik, bederatzi bizitza eman baitzitzaizkigun. Pozik egongo ginatekeen bizitza batekin, baina askea».
[Lynam-ek argi zeukan giroa, On Mateorengandik «jasoa». Aldiz, hemengo politikariek ez zeukaten batere garbi zer espero zitekeen demokrazietatik. Ia oraingo egoeraren modura. Orain, lehengo «mehatxu komunista» hura desagertu da. Paradisu haiek porrot egin eta gero, herrialde haiek beren bideak aurkitzen saiatu dira. Independentzia politikoa lortu dute. Gurean, aldiz, espainiar superdemokrazia hiperpurua da jaun eta jabe (baita grandeur-ez beteriko Frantzia ere). Hamaika bizitza eman bide zaizkigu; hala ere, pozik egongo ginateke bizitza aske eta soil batekin].
Edmund Fuller idazleak 1954an bertan liburuari egindako iruzkin batean zioenez («Tales of the Basques: The Spirit and the Clay»), Gernikako bonbardaketa (gerla totalaren aurreko saioa) jasan zuten euskaldunak gogor borrokatu ziren Francoren kontra, azkenean salduak izateko.
Lynam-ena oso nobela interesgarria da, batez ere kontuan edukita zer-nolako urtean argitaratu zen, zer-nolako giroa zegoen Europan, zer espero zuten batzuek eta besteek etorkizun hurbilean. Frantsesez badago bertsio bat, «L’Arbre de Guernica» izenekoa. Eta euskaraz? Paddy Rekalde laguna prest dago eleberri hori euskaratzeko. Mezenas bat topatzea falta zaio. Ba ote dago inor laguntzeko?
Haur literatura, gazte literatura eta literatura ura ura ura gure eremu latz honetan ad infinitum era aspergarri batez biderkatzen direnean, ez ote dago lekurik gure historia hurbilaz aritzen den eleberri adierazgarri hori euskaraz plazaratzeko?
Lynam-en lana euskaraz jartzeak merezi du (Kate O’Brien-en «Mary Lavelle» nobelak merezi duen moduan). Irlanda eta Euskal Herria, Euskal Herria eta Irlanda. Biak batera, biak lotuta, gure herrian bizi ziren bi emakume irlandar idazleren bitartez.