Amatiño


Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza

Hiru urte t’erdi joan dira 2006ko ekainean Iruña-Veleiako aztarnategian
aurkitutako ostraken (zeramika pusketa idatziak) berri jendaurrean eman
zenetik hona. Baina Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoek aurkitu
zituzten ustezko III. eta IV. mendeetako jeroglifiko egiptoarrak,
kristau-ikurrak eta euskarazko testuak erabat gezurtatu zituzten
geroxeago Joaquin Gorrotxategik, Joseba Lakarrak eta bestek. Eztabaida
ofiziala erabat ahitu zen, iazko azaroaren 19an, aztarrenon iruzurra
frogatzen omen zuen aditu-batzordearen txostena Arabako Foru Aldundiak
bere egin zuenean.

Nik ez nuen sekula Iruña-Veleia auziari buruzko Diputazioaren erabakia
zalantzan jarri. Honelakoetan konfiantza kontua izan ohi da-eta. Henrike
Knörr adiskidea zenak besterik defenditu arren, Eliseo Gil eta Idoia
Filloy arkeologoen ala Gorrotxategi, Lakarra eta beste irakasleen artean
hautatzeko orduan, nik azkenei sinetsi nion bikotearen kaltetan.
Izen-ospe kontua.  Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

Hala ere, zenbaitek besterik uste izan arren, arkeologoek ez zuten
nonbait hain erraz amore eman eta, etsi ezezik, euren tesiaren aldeko
hainbat diktamen eta informe metatzen ahalegindu dira.  Honez gero
hamahiru txosten bai behintzat, Antonio Rodríguez Colmenero
arkeologoarena eta Hector Iglesias filologoarena tarteko.

Auskalo nork duen arrazoia baina zilegi bekit hiru galdera soil egitea:

1. Hamahiru txosten ez dira gero erraz burutzen –eta are gutxiago
izen-abizenez sinatzen— asmakizun hutsez eta batere argudiorik
gabe. Zer esanik ez komunikabideetan txarretsi den jarreraren
alde, izen ona galdu duten arkeologoen mesedetan eta iritzi
zientifiko ofizialaren kontra.

2. Arkeologo biek ez omen dute eskatzen merke samarrak bide diren
zenbait froga berriro egitea besterik. Batzuok eta besteon
ohorearen gainetik, jokoan dagoenak ez al du horrenbeste merezi?

3. Arkeologia-aztarrenen balioa ukatu gabe, Iruña-Veleiako testuek
–egiazkoak balira– dezente aldatuko lituzketenez gero orain
arteko euskal ikasbideak, ez al luke Euskaltzaindiaren Jagon
Sailak zertxobait esan behar?

Ez dakit baina, ni Euskaltzainburu edo Arabako Diputatu Nagusi banintz
ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta… benetakoak balira? Historiak ez lieke
konturik eskatuko Gorrotxategiri, Lakarrari eta abarri, ezta Euskal
Herriko Unibertsitateari ere, Euskaltzaindiari eta Arabako Diputazioari
baizik. Teknikarien ezaguera ez dago zalantzan, ezta euren
erantzukizunik eza ere. Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza.
Eta komunikazioaren aldetik, hobe gero zenbat eta lehenago.

http://eibar.org/blogak/amatino/archive/2009/11/07/andres-urrutiak-eta-xabier-agirrek-dute-hitza