Atxorrotz mendiko gaztelu zaharraren inguruko indusketek fruitu onak eman dituzte, eta horietako batzuk ez zituzten espero lanok egin dituzten Larrate indusketa-enpresako hiru adituek: “Esku-errota baten errotarria topatu dugu. Oso ondo landuta zegoen. Ez genuen uste horrelakorik topatuko genuenik”, azaltzen du lanotan ibili den Iñaki Sagredo historialariak.
Lana hain probetxugarria izan denez, aurreikusi baino luzaroago iraun dute indusketok, eta oraingo aste amaieran ziren bukatzekoak –urriaren 15a zen aurreikusitako bukaera data.
Errotarriaz gain, bestelako gauza hauek agertu dira: balezta-punta bat, lantza bat, ezpata bat, txanponak, oraindik identifikatu egin behar diren beste objektu batzuk, “eta fauna aztarna asko: jatekoen hezur asko eta bestelakoak”, esaten du Iñaki Sagredok. Bestalde, Espainiako Gerra garaiko aztarna batzuk ere topatu dituzte.
Inoiz baino sakonago
“Leku honen okupazioaren kronologia antzeko bat dago”, esaten du historialariak; “geruzaz geruza induskatu dugu 20 metro koadroko lagina, eta garai askotako mailak zeharkatu ditugu: Gotikoa, Erdi Aroa…”
Indusketa lan horietan, sekula ailegatu bako maila batera ailegatu dira Larrateko langileak: “Ignacio Barandiaran 60ko hamarkadan ibili zen hemen indusketak egiten, eta metro eta erdi inguruko sakonera jo zuen; bada, guk sakonera hori gainditu dugu zenbait lekutan. Uste genuen baino geruza gehiago daude, horregatik luzatu da lana”, azaltzen du Iñaki Sagredok.
Aurtengo lanaldia bukatuta, eta Eskoriatzako Udalak ondo ikusten badu, datorren urtean jarraituko dituzte indusketok.
Abenduan, erakusketa
Orain, aztarna horiek aztertu egingo dituzte adituek. Urte beterako lana izango dutela aurreikusten dute arduradunek. Baina hori baino askoz lehenago, abenduan, Sagredoren arabera, lanok gizarteratzeko beste pauso bat emango da –indusketa lanon bisita gidatuak egin dituzte– eta Ibarraundi museoan erakusketa ipiniko dute: panelak, topatu dituzten objektu batzuk, argazkiak… eta adituon hitzaldiak.