Izenburua: Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera .
Idazlea: Joxe Manuel Odriozola.
Orrialde kopurua. 256.
Bilduma. Eztabaida 14.
Salneurria. 20,50 euro.
“Abertzaletasun euskaltzaleak bakarrik bermatzen du nazio eraikuntza simetrikoa”
Abertzaleak eta euskararen inguruko saiakera liburua argitaratu du Joxe Manuel Odriozola irakasleak
Ainara arratibel
Berria
Diskurtso eta jarrera abertzaleak diskurtso eta jarrera euskaltzaleekin lehia dialektikoan jarri ditu Joxe Manuel Odriozola irakasleak (Altzo, 1948) Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera saiakera liburuan. Horretarako euskal kultura eta politikako hainbat lekukoren hitzak bildu eta aztertu ditu. Behin hori eginda, Odriozolak zera ikusi du: “Abertzale gehienentzat euskara ez da nazio euskaldunaren definizio elementu nagusia, eta euskal nazioaren identitatearen bestelako elementuak jartzen dituzte borroka politikoaren buruan: erabakimena, burujabetza, lurraldetasuna… Horiek, ordea, elementu sekundarioak dira nazio eraikuntzan”. Odriozolak, haatik, abertzaletasun euskaltzalearen alde egiten du. “Nik euskal nazio euskaldun bat dut amets, horrek bakarrik bermatzen baitu nazio eraikuntza simetrikoa. Hau da, euskal identitatearen dimentsio politikoa eta kulturala modu orekatuan garatzea”.
Liburua iaz Odriozolak jaso zuen Joseba Jaka bekaren emaitza da. “Euskal politikagintzaren muinak ulertzeko gakoetako bat izan datekeena irakurleei modu interesgarri eta erabilgarrian azaltzegatik”, eman zion beka, besteak beste epaimahaiak. Berez irailean argitaratzekoa zen, baina dagoeneko kalean da.
Diskurtso abertzalean oinarrizko bi interpretazio nagusi atzeman ditu Odriozolak saiakeran barrena. Sentimendu ideologiko eta politikoetan oinarritzen da bata, eta argumentu etnolinguistiko nahiz kulturaletan oinarritzen da bestea. “Ideologikoaren kasuan, nazio euskaldunaren identitate ezaugarri nagusia aberriari buruzko sentipenak dira, eta etnolinguistikoaren kasuan euskara eta euskal kultura”.
Egun euskal abertzaletasunaren aldaera guztiek “nazio politikoa” lehenesten dute haren aburuz. “Nazio euskaldunaren zoria geroko uzten dute. Abertzale gehienentzat euskara komunikazio tresna hutsa da. Sinbolo gisa erabili dute betidanik, Ez dute garapen simetrikorik bultzatzen nazio identitatearen bi dimentsio nagusien artean”. Dena den, euskal abertzaletasunaren aldareren artean ñabardura batzuk ikusten ditu. “Ezker abertzalearen euskalduntasuna, esaterako, askoz ere nabarmenagoa da abertzaletasun tradizionaletik datorkigunarekin alderatuz”.
Aipatu simetria faltak ondorio argi bat dakar Odriozolaren ustez: nazio identitate arrotzen legitimazioa, eta nazio euskaldunaren gutxiespena “Nazio eraikuntzaen hizkuntza, kultura eta identitate nagusiak gainean ditugun beste bi nazioenak-Espainia eta Frantzia-dira. Herritar euskaldun gehienek ere gaztelaniaz edo eta frantsesez egiten dute eguneroko bizitzaren zati handi batean”.
ZER EGIN HORREN AURREAN? Irlandarekin parekatzen du arlo horretan Euskal Herria. “Abertzaleak izan ziren ingelesa eta ingelesari lotutako kultura legitimatu zutenak. Nazio gaelikoa hiltzen utzi zuten, nahiz eta independentziaren aurretik erdi hilda zegoen. Prozesu hauek, ordea, oso konplexuak dira eta abertzaleak beraiek ere ez dira horretaz konturatzen”.
Legitimazio horrek, etorkizunean abertzaletasun politikoaren porrota ekar dezakeela aurreikusten du. “Nazio kulturalak determinatzen du neurri handi batean, nazio politikoaren etorkizuna. Hizkuntzarekin jolasten baduzu, kulturak huts egingo dizu, eta hori gertatuz gero nazioak ere huts egingo dizu”.
“Nazio eraikuntzaren gidari nagusiak izanik, has daitezela euskara erritu hizkuntza izatetik pentsamendu eta kultura hizkuntza bihurtzeko lanean”. Horixe da etorkizunari begira begira indar politikoei Odriozolak egiten dien eskaera. “Gainontzean ezingo dugu euskal nazioa eraikitzeko duten gaitasunean sinetsi”.
Euskal abertzaletasun etnokulturalaren aldeko masa kritikoa nola lortu da etorkizunari begira argitu beharreko beste elementu bat. “Eskolaren bidez lortuko zela uste izan da, baina ez da horrela izan. Eskolatik atera bezain laster asko gaztelerara edo frantsesera igarotzen dira”. Zentzu horretan ezinbesteko ikusten du euskara eguneroko bizitzako arlo guztietako ardatz bihurtzea: familiatik hasi eta lanera. Horrek ekarriko luke, haren ustez, euskal abertzaletasunaren indartzea eta, bide batez, euskal nazio identitatearen sendotzea.
“Abertzale gehienentzat euskara ez da nazio euskaldunaren definizio elementu nagusia”
“Irlandan abertzaleak izan ziren ingelesa eta ingelesari lotutako kultura legitimatu zutenak”
“Hizkuntzarekin jolasten baduzu, kulturak huts egiten dizu, eta hori gertatuz gero nazioak ere huts egingo du”
* Joxe Manuel Odriozola, irakaslea eta idazlea
Abertzale ez diren euskaltzaleak eta abertzale apolitikoak
Zer egin abertzale ez diren euskaltzaleekin? Eta euskaltzale apolitikoekin? Horixe da Odriozolari egiten dizkioetan galdera ohikoenetako batzuk. Odriozolak garbi du ez dagoela euskaltzale apolitikorik. “Egungo munduaren egituran ez dago lekurik identitate politikorik gabeko hitzkuntz komunitate kulturalarentzat”. Abertzale ez euskaldunei dagokienez, aspalditik daki zein den haien jokabidea. “Esku batekin euskara eraiki, eta bestearekin euskararen herria eraisten dute”.
Euskalgintzak izan duen jarrera aztertzea ere eskatu izan diote. Haren ustez, “nahiko xaloa” izan da eduki duen jokabidea. “Baikorregia da bere ezkortasun guztian”. Gabezia argi bat ikusten dio: ez du hizkuntzaren inplikazio sozialik eta nazionalak behar behar bezala ulertzeko diskurtsorik eraiki oraindik. “Hori egin ezean, nekez ikusiko dugu gure erronkaren tamaina”.
Alderdi politiko euskaltzale baten sorreraren inguruan ere badu iritzia Odriozolak. “Horrelako zerbaiten premia badago, baina euskaltzale eta abertzale garenon masa kritikoa zertan den ikusita, ez dirudi euskara ardatz izan lezakeen alderdi politiko batek zereginik izango lukeenik”.
“Abertzaleen artean euskarak duen tokia” aztertu du Odriozolak liburu berrian
Jose Manuel Odriozola idazleak Abertzaleak eta euskara lana aurkeztu du gaur Donostiako Elkar Megadendan. Liburu berriaren helburua “abertzaleen artean euskarak zein toki duen” aztertzea izan da, eta berak “abertzaletasun euskaltzalearen” aldeko apostua egin du.
Diskurtso abertzalea bi modutan azaltzen du Odriozolak, “era dialektikoan”: bata abertzaletasun “sentimentala” da; bestea, berriz, abertzaletasun “etnokulturala”. Sentimentalak nazio-identitatearen tresna nagusiak “aberriari buruzko sentipenak” direla dio, eta “ez euskara eta euskal kultura”. Etnokulturalak, berriz, nazio euskaldunaren oinarrizko baldintzaren bermea “euskararen jarduna” dela zehazten du.
Egungo abertzaletasunak “nazio politikoaren alde” egiten duela esaten du, kulturala gerorako utziz. Hau da, “erabakimena, burujabetza eta antzekoen alde” egiten dutela, euskara soilik “komunikazio tresna” bezala erabiliaz.
Beraz, nazio politiko eta kulturalaren artean simetriarik ez dagoenez, “nazio-eraikuntzaren hizkuntza, kultura eta identitate nagusiak gainean ditugun beste bi nazioenak (Espainiako eta Frantziko Estatuak) dira”. “Frankismoaren pean deslegitimatuta zeuden espainiar hizkuntza, kultura eta identatea legitimatu egiten ditu abertzaletasunak ustezko nazio eraikuntzan, eta modu horretara euskara, euskal kultura eta euskal identitatea deslegitimatu egiten ditu”.
Hori dela eta, nazio eraikuntza simetrikoa “abertzaletasun euskaltzaleak bakarrik” bermatzen duela uste du Odriozolak, hau da, euskaraz jardundako politikagintzak eta herrigintzak.
“Abertzaleak eta euskara”: nazio euskaldunaren “gainbehera” aztertu du Joxe Manuel Odriozolak
Martin Anso
Gara
“Abertzaleak eta euskara” lana plazaratu du Joxe Manuel Odriozolak. Bere ideiekin bat etorri ala ez, irakurleari beti zer pentsatua ematen dioten egile horietakoa da. Saiakera berri hau ez da horretan salbuespena.
“Abertzaleak eta euskara edo nazio euskaldunaren gainbehera” da Odriozolak, Joseba Jaka bekari esker, plazaratu duen liburu berriaren izenburu osoa. Izan ere, egilea ez da batere baikorra “nazio euskaldunaren” etorkizunari buruz, atzo eginiko aurkezpenean argi utzi zuenez.
Bere oinarrizko tesia, labur-labur, honakoa da: abertzaleek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, ez dute euskara eta nazio-identitatea beren politikaren ardatz bihurtu, erabakimena, sozialismoa, lurraldetasuna eta antzeko kontzeptuak lehenetsi dituztelako; euskaltzale direla esaten duten arren, “abertzale gehienentzat euskara ez da nazio euskaldunaren definizio-elementu nagusia”, eta eguneroko jardunean “herri euskaldunaren etnozidioa eragin duten espainera eta frantsesa euskal nazio eraikuntzarako baliagarriak direla uste dute eta, ondorioz, hizkuntza eta nazio-identitate horiek baliatu eta legitimatzen dituzte”; horrela ez dago euskal nazioa eraikitzerik.
Odriozolaren ustez, abertzaletasun eredu horren porrota, “nazio euskaldunaren gainbehera”, jadanik nabarmena izaten ari da. Horren lekuko lirateke azken hauteskundeetako emaitzak. Joseba Azkarraga Etxegibel irakaslearen gogoeta bat bere eginez, hauxe dio: “Soberanismoaren emaitza elektorala ahuldu izana izebergaren tontortxoa baino ez da, euskal dinamika kultural-identitarioa ahuldu izanaren adierazlea. Kanal identitario eta kulturalaren eremu intimoagoan gertatzen ari denaren adierazle, beraz”.
Liburuan, diskurtso abertzaleak diskurtso euskaltzaleekin lehia dialektikoan jarri ditu Odriozolak. Diskurtso abertzalean oinarrizko bi interpretazio nagusi antzeman ditu: sentimendu ideologiko eta politikoetan oinarritzen den euskal nazioaren definizioa, batetik, eta argumentu etnolinguistikoen eta kulturalen argitan definitzen den nazio euskalduna, bestetik. Abertzaletasun sentimentalaren arabera, nazio euskaldunaren identitate-ezaugarri nagusia ez da euskara eta euskarazko kultura, aberriari buruzko sentipenak baizik. Abertzaletasun etnokulturalaren ustez, berriz, euskarazko jarduna da nazio euskaldunaren oinarria bermatzen duena.
Odriozolak onartzen du ezker abertzaleak euskarari eman diola nazionalismo tradizionalean inoiz izan ez duen tokia. Hala ere, nazio politiko eta nazio kulturalaren arteko orekari dagokionez, nazio eraikuntzaren proiektu abertzale guztiak “asimetrikoak” direla uste du. “Hau da, abertzaletasunaren aldaera guztiek nazio politikoa lehenesten dute, eta nazio euskaldunaren zoria geroko gerotan uzten dute”. Eredu asimetriko horren emaitza dagoeneko ikus daitekeela uste du: “Burujabetasun politikoak, nazio euskaldunaren garapena ekarri beharrean, nazio identitate arrotzen legitimazioa dakar balizko Euskal Herri independente baterako”. Horiek horrela, “abertzaletasun euskaltzaleak bakarrik berma dezake nazio eraikuntza simetrikoa; alegia, euskaraz jardundako politikagintzak eta herrigintzak bakarrik berma dezakete euskal identitatearen dimentsio politikoa eta kulturala modu orekatuan garatzea”.
Ez da oharkabean pasatuko
Odriozolak garbi ikusten du euskarak, iraungo badu, nolabaiteko “boterea” behar duela. Euskararen “despolitizazioa” aldarrikatzen dutenei, berriz, “jarrera interesatu edo inozokeria” leporatzen die. Izan ere, abertzale gehienentzat euskara komunikazio tresna hutsa dela, eta nazio-kultura euskaldunaren ezinbesteko osagarritzat jotzen ez dutela kritikatzen du.
Xabier Mendiguren argitaratzaileak atzo esan zuenez, “liburuan ohi bezain zorrotz aritu da egilea bere ikuspegiaren defentsan, euskal kultura eta politikako hainbat lekukoren hitzak jorratuz eta kritikatuz, batekoak eta bestekoak gupidarik gabe astinduz eta xaxatuz. Ez da inolaz ere betiko `txapa’; beste inork esan ez dituen gauzak esaten ditu Odriozolak”, gehitu zuen.